Abenduaren 14ra arte Martindozenea Gatelekuko ormetatik zintzilik Alaia Gaztelumendiren, Alaiart, lanak ikusi ahalko dira. Artista oiartzuar gazteak ilustrazioen bitartez gutxietxitako mundu osoko emakumeak eta Euskal Herriko zuhaitzetako hostoen bizipenak bildu ditu. Erakusketa asteartetik ostegunera 17:00etatik 20:00etara eta ostiral eta larunbatetan 17:00etatik 21:00etara bisitatu daiteke. Gainera, artistak webgunean zein Alaiart izeneko Instagram profilaren bitartez bere sormen-lanak erakusten ditu.
Nola jaso zenuen Gaztelekuan erakusketa egiteko proposamena?
Gaztelekuarekin harremanetan jarri nintzen tarteka bertan erakusketak egiten zirela nekielako. Erakusketa bat egiteko espazio interesgarria zela uste nuen, bertan nire koadroak ipintzeko.
Zer ikus daiteke “Ikusezinak” erakusketan?
Batetik, “Ikusezinak” emakumeen inguruko serie bat da, non munduko emakume ezberdinak silueta bitartez islatzen diren eta barnean haien lurraldeko paisaiak erakusten dituztenak. Honela, emakumeek kulturan daukaten garrantzia goraipatu nahi izan dut, haien barnean beraien kultura margotuz. Bestetik, 3 koadro handiagoz osatutako beste serie bat dago, hostoak zuhaitzetik erori aurreko oroitzapenak islatzen dituena, honela, Euskal Herriko zuhaitz enblematikoak abiapuntu hartu nituen.
“Emakumeek kulturan daukaten garrantzia goraipatu nahi izan dut”
Nola lortu zenuen Ikusezinen seriea sortzeko inspirazioa?
Hemen bizi zen emakume saharaui bat ezagutu nuen, iraganean momentu gogorrak bizitakoak. Berak bere herrialdera itzuli nahi zuen, baina, semeen etorkizunarengatik hemen gelditzea erabaki zuen eta nik lehen ilustrazioaren oparia egin nion bere barnean bere herrialdea, kultura eta familia beti eramango dituela erakusteko.
Nolakoa izan da sormen prozesua?
Bartzelonatik itzuli nintzenean silueta eta edukia erlazionatzeko joera honi ekin niola esango nuke. Hasieran, collagearekin probatu nuen arren, baina, trebatzen joan nintzen heinean zuzenean tenperarekin lan egitera ausartu nintzen. Beraz, duela bi urte edo urte bat hasi nintzen ideia hau fintzen.
Erakusketa bat antolatzen duzun lehen aldia izan da?
Ez, erakusketa gehiago izan ditut aurretik. Adibidez, Bartzelonan ikasten egon nintzenean Italian erakusketa egiteko aukera izan nuen eta, hortik aurrera, Bartzelonan, Grosen, Oreretan, Irungo Kabigorrin, Tabakaleran edo Egiako pasabidean erakusketak izan ditut, besteak beste.
Ilustrazioaz gainera, etorkizunean beste teknikaren batean sakondu nahiko zenuke?
Ilustrazioa asko interesatzen zaidan gaia da, marrazkia ideia indartsu batekin lotzea atsegin dudalako eta, horretarako, ilustrazioa oso aproposa da mezuak era ulerterrazean transmititzeko.
Zeintzuk izan dira erakusketako lehen ikusleek helarazitako iritziak?
Serie honekin erakusketa gehiago egin ditut aurretik eta feedback-a orokorrean oso ona izan da. Jendeari erakusketa gustatu zaio eta silueta lantzeko modua berezia izan zaie. Hala ere, bisitari bakoitzak ilustrazioen mezua era desberdinean jaso du eta bakoitzak bere esperientzia pertsonalekin lotzeko joera izan da.
Erakusketaz gain, Gaztelekuko gazteekin tailerrean lan egiteko aukera eduki zenuen?
Bai, gazte jende dezente hurbildu zen eta, horrela, erakusketaren gaian gehiago sakontzeko aukera izan genuen. Tailerraren arrakastaren inguruan zalantzak neuzkan eta oso pozik nago gela betetzea lortu genuelako.
Zeintzuk dira etorkizunari begira dauzkazun helburuak?
Pixkanaka bidea egin nahi dut, zoriontsu egiten nauen bidea delako eta horri eusteko asmoa dut. Etorkizunaz hitz egiterakoan ez dut urrutiegi begiratzea atsegin eta pausoz pauso aurrera egitea nahiago dut. Orain arte egindakoaz harro nago eta etorkizunean proiektu berri gehiago abiatzeko esperantza dut.