2020 urte historikoa izango da Irungo jaien ospakizunari dagokionez. Izan ere, urtero ekainaren 30ean Irunen antolatzen diren alardeak bertan behera gelditu dira Covid-19aren pandemiak eragindako osasun krisialdiaren ondorioz. Alarde Tradizional eta Alarde Publikoko antolatzaileek San Martzial egunean zein aurreko egunetan antolatu ohi diren jai ekitaldiak bertan behera uzteko asmoa jakinarazi dute, jaien antolaketarekin segurtasun neurriak errespetatzea ezinezkoa izango dela ulertuz. Bestetik, Irungo udalak jaiekin lotutako ekitaldi instituzionalak bertan behera utzi dituela iragarri du, botoa betetzearen ekitaldia izan ezik.
San Martzial eguna hiriko jai egun nagusia da 1522 urteko ekainaren 30ean frantsesen aurkako guduan lortutako garaipena ospatzeko. Auñamendi Eusko Entziklopediak azaltzen duenez, “erritoaren jatorrian kabildo sekularrak eta eklesiastikoak garaipenarengatik San Martzial santuari esker oneko zina betetzeko prozesioa dago. Haren atzean zihoazen herritarrak; buruan, berriz, ohorezko salbak egitearren, berrogei bat su-armadun, ordena militarrean, agintarien menean, herriko banderarekin eta musikaren erritmoan. Ohorezko eskolta hark herriek bete beharreko alarde militarren antz formal handia zuen, eta gutxienez 1717az geroztik Alarde hitzez ere izendatzen zen.”
Historian atzera eginez gero, ordea, 2020. urtea ez da San Pedro eta San Martzialeko jaiak bertan behera geldituko diren lehen aldia izango. Izan ere, aurretik beste bi garai historikoetan gutxienez hiriko jaien eta, zehazki, alardearen ospakizuna aurrera eramatea ezinekoa izan zen. Kasu horietan mundu osoko eta estatuko historiarekin lotutako bi gertakari izan ziren alardearen ospakizuna eragotzi zutenak: Lehen Mundu Gerra eta Espainiako Gerra Zibila.
Gerra Handia
Lehen Mundu Gerra 1914ko uztailaren 18an hasi 1918ko azaroaren 11ean amaitu zen. Espainiako estatuak gerran parte hartze zuzenik izan ez arren, 1915eko ekaina iritsi zenean alardea ez ospatzeko erabakia hartu zen. Frantziako estatua, ordea, gerran murgildurik zegoen, beraz, alboko estatuaren hurbiltasunaren ondorioz, irundarrek alardea ez ospatzeko erabakia hartu zuten. Gauzak horrela, 1915 urtean zein gerra iraun bitarteko urteetan ez zen alarderik ospatu, besteak beste, alardeko deskargen hotsak alboko herriko bizilagunak ikaratu zitzakeelakoan.
Irungo Artxiboaren webguneak 1900. urteaz geroztik argitaratutako sanmartzial jaietako programak biltzen ditu atal berezi batean. Horrela, 1915. eta 1918. urteetako programarik ageri ez den aren, 1916. eta 1917. urteetan argitaratutako jaietako programek Lehen Mundu Gerrak Irungo jaien ospakizunean izandako eragina islatzen dute. Begirada azkar batean ikusi daitekeenez, bi urte horietan argitaratutako jaietako programek kolore eta apaingarri gutxiago dauzkate gerra aurreko eta ondorengo urteetan argitaratutakoekin alderatuta.
Alarderik ospatu ez arren, 1916. eta 1917. urteetako jaietako programek zenbait jai ekitaldi mantendu eta antolatu zirela erakusten dute. Antolatutako ekitaldien artean ekainaren 29ko diana, udal musika bandaren kontzertuak, futbol partiduak edo uztailaren 1eko ganadu lehiaketa mantendu ziren. Ekainaren 30ean alarderik ospatu ez arren, jaietako programek erakusten dute diana, San Martzial mendiko meza, erromeria eta udal bandaren kontzertu ezberdinak antolatu zirela bi urte horietan.
Alardearen antolaketaren kontrako ahotsak
Behin gerra amaituta, Lehen Mundu Gerraren etenaldiaren ostean, alardearen antolaketaren kontrako ahotsek indarra hartu zuten Irunen, horrela hiritarrak bitan zatituz: alardearen antolaketaren aldekoak eta kontrakoak.
Egoera honen ondorioz 1919 urteko martxoaren 16an “El Alarde” izeneko argitalpena jaio zen alardearen antolaketaren aldeko ahotsak bildu eta jaien ospakizuna etorkizunean ziurtatzeko. Hurrengo aste eta hilabeteetan zehar aldizkari formatua zuen “El Alarde” argitalpenaren 4 zenbaki argitaratu ziren gutxienez. Aldizkarian alardearen antolaketaren aldeko argudioak zabaltzeaz gainera, alardearekin lotutako hiritarren iritzi zein bizipenak partekatu eta Irungo jaiekin lotutako bestelako ekitaldiak aipatzen ziren.
Era beran, 1919. urteko alardearen antolaketarekin lotutako nobedadeak hiritarren artean zabaltzeko modua izan zen, azkenik, 1919ko apirilaren 27an argitaratutako aldizkarian aprilaren 19an udal bilkuran hartutako erabakiaren ondorioz urte horretako alardearen antolaketa baimendu eta adostu zen arte. Erabaki horrekin “El Alarde” argitalpenaren arduradunek alardea indartzeko hasierako helburua lortu zutela ikusi ostean, alardearen inguruko aldizkaria argitaratzeari utzi zioten.
Horrela, 1919. urteko jaietako programak, aldiz, gerra aurreko programen itsura eta kolorea berreskuratzen du, bestelako ekitaldiez gainera, berriro alardearen antolaketaren berri emateko. Era berean. 1919. urteko ekainaren 22an argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariaren aleak jaien berreskurapenak irundarren artean eragindako poztasuna eta ilusioa islatzen ditu aldizkaria osatzen duten artikulu guztietan. Era berean, 1919. urteko ekainaren 30ean San Martzial mendian ospatutako aire zabaleko mezara Hendaiako herriko ordezkariak gonbidatu zituzten, guduan eroritakoen soldaduak omentzeko.
Gerra Zibila
Gerra Zibilean zehar Irungo jaiek eta alardearen antolaketak aldaketa nabariak izan zituzten. Izan ere, 1936 urteko ekainean Irungo jaiak eta alardea bere horretan ospatu arren, Gerra Zibileko aurrekariek hiritarren artean eragindako zatiketa eta kezkak ez ziren oharkabean igaro garaiko prentsak islatu zuenez. Horrela, 1937. eta 1938. urteetan zehar alarderik antolatu ez arren, Irungo hiritarrek ekainaren 30ean San Martzial mendira igo eta botoarekin bete zutela egiaztatu da.
Gerra Zibilean zehar Irunen ez da garai hartako “El Bidasoa” edo antzeko aldizkaririk argitaratzen. “El Bidasoa” aldizkariak, esaterako 1945eko abuztuaren 11ean argitaratu zuen etenaldiaren osteko lehen zenbakia. Ondorioz, prentsaren bitartez kasu honetan ezinezkoa da alardearen antolaketa eza eta ondorengo berreskurapenaren inguruko informazioa biltzea.
Dena dela, Gerra Zibila hasi eta hilabete gutxitara, 1936ko irailaren 4ean, Irunen gertatutako sute handiaren ondorioz hiriko eraikin asko eta asko suntsitu eta hiritarrek gerraren ondorio kudrelenak lehen pertsonan bizi izan zituzten. Pobrezia eta sufrimenduz betetako testuinguru hartan ulertzekoa da 1917. eta 1918. urteetan zehar Irunen alarderik ospatu ez izana.
Jaietako programen lekukotza
Prentsaren lekukotzarik gabe, Gerra Zibila eta hurrengo urteetan zehar argitaratutako jaietako programak dira Irungo jaiek eta alardearen antolaketak izandako bilakaeraren erakusleak. Horrela, 1936. urteko San Pedro eta San Martzialetako ekitaldiak biltzen dituen programak aurreko urteetako argitalpen itsura eta ekitaldiak mantentzen ditu, horien artean, ohiko den moduan alardearen antolaketa iragarriz.
1937. eta 1938 urteetan, berriz, alarderik antolatu ez arren, hiritarrek botoarekin betetzeko mantendutako ekitaldien lekuko dira jaietako programak. Argitalpenaren tamaina murrizteaz gainera, soilik ekainaren 29 eta 30erako antolatutako ekitaldien berri ematen da apaingarri gutxiko bi orrialde eskasetan. Gerra Zibileko urteetan zehar Irungo jaiak ospatzeko, ekainaren 29ko meza nagusia, musika kontzertuak eta Uranzuko pilota partidua mantendu ziren. Ekainaren 30ean diana eta San Martzial mendira igotzeko prozesioaz gainera, kontzertuak, Mola jeneralaren omenezko ekitaldiak edo zarzuela emanaldiak iragartzen dira, ekitaldi horietako batzuekin aurreko urteetako jaietako programen joerarekin apurtuz.
Alardearen berreskurapena
Gerra Zibilaren ostean, alardea 1939. urtean antolatu zen lehen aldiz, nahiz eta 1940. urtera arte konpainia guztiek berriro alardean parte hartzea lortu ez zuten arren. Behin gerra garaiak eta hurrengo urteetan gatazkek eragindako ondorioak gainditu ostean, 1946. urtean “El Bidasoa” aldizkariak zenbaki berezi bat argitaratu zuen San Pedro eta San Martzialeko jaien inguruan. Guztira, 24 orrialdez osatutako aldizkari berezian ohi baino artikulu, kolaborazio eta argazki gehiago argitaratu ziren, guzti horiek, alardea eta Irungo jaiekin loturik.
Egungo egoera
Aurtengo udaran zehar Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz , Irungo Alarde Publikoak eta Alarde Tradizionalak alardeen antolaketa bertan behera uzteko erabakia jakinarazi dute. Era berean, Irungo udalak ekitaldi instituzionalak bertan behera uztea erabaki du, botoa betetzearen salbuespenarekin.
Horrela, ekainaren 30ean eguerdiko 12:00etan San Martzial mendian soilik botoarekin betetzeko ekitaldia egingo dela erabaki da, beti ere, Covid-19ak eragindako osasun-krisialdiaren harira zehaztutako segurtasun neurriak betez. Erabakia hartzeko Udal Gobernua gainerako alderdi politikoekin elkartu zen, ekitaldiaren antolaketan bide publikoan ekitaldiak antolatzeko murriztapenak aztertzeko. Izan ere, Udaletik adierazi denez, hiritar guztien arteko topaketak saihestu eta segurtasun distantziak mantentzeko neurriek hiriko jaiekin loturik antolatu ohi diren ekitaldi askoren antolaketarekin talka egiten dute zuzenean.
Ospakizun ezohikoak
Momentuko egoerak eragindako murriztapenak errespetatuz, Irungo Udaletik adierazi denez, “inoiz baino arrazoi handiagoarekin, balkoietara eta leihoetara hiriko banderak eta festaren koloreak ateratzeko unea izango da”. Hortaz gain, udaleko Kultura arloa San Pedro eta San Martzialeko jaietako programaren barruan ekitaldiak antolatu ohi dituzten elkarteekin bildu da ekintzak momentuko egoerara moldatzen saiatzeko. Kultur arloak “egoerara egokitutako” San Pedro eta San Martzialetako egitaraua lantzea erabaki du: ekitaldi batzuk era desberdinean egingo dira, sare sozialek eta internetek ematen dituzten aukerak baliatuz; beste batzuk antolatzea, ordea, ezinezkoa izango da.
Alardeak edo jaiekin lotutako beste zenbait ekintza bere horretan antolatzea ezinezkoa izango den arren, irundarrek ekaineko azken egunetan jai giroa zabaldu eta urte batez festa ezohikoak bizitzeko moldatuko dira.