Alejandro Lopez irundarra epaile ariko da Urrezko LEB Ligan eta Emakumezkoen Ligan

Lehen sosak lortzeko hasi zen Alejandro López irundarra saskibaloi partidetan epaile lana egiten. Gustatu zitzaiola esan daiteke, bederatzi urte egin baititu kantxetan. Mailaz-maila igotzen joatea lortu du, eta aurten azpimarratzeko moduko jauzia egin du. Hogeita sei urterekin, Urrezko LEB Ligan (gizonezkoen bigarren maila) eta Emakumezkoen Ligan (emakumezkoen maila nagusia) ariko da. Epaile gipuzkoarren artean izan duen aurrekaria Ruben Sánchez da. Gaur egun, ACB ligan dabil (gizonezkoen maila nagusia).

alejandroportada

Saskibaloi jokalari izan al zinen epaile baino lehenago?
Bai, hamasei-hamazazpi urte nituela hasi nintzen jokatzen, junior mailan. Erroibiden aritu nintzen,. Gogoratzen dut klubetik maiz etortzen zirela epaileak behar zituztela esaten. Horrela egin nuen lehen ikastaroa.
Zerk eraman zintuen epaile izatera?
Egia esan, beste gazte asko bezala, diruagatik hasi nintzen. Ikasleentzat, diru pixka bat biltzeko modu erraza da. Hortik aurrera, benetan gustuko duenak bakarrik jarraitzen du aurrera.
Zein ezaugarri behar du saskibaloi epaileak?
Langilea behar du izan. Hori hasteko. Jende askok uste du pistara ateratzea eta txilibitua jotzea besterik ez dela. Itzalean, baina, lan ikaragarria dago. Araudia ikasi eta birpasatu behar izaten da. Partida bakoitzaren ondoren, egindako lana balora-tzen duen txostena ematen digute. Neurketa osoa ikusi behar izaten dugu bideoan, eta txostenean planteatutako gaiei erantzun. Bestalde, konfiantza ere oso garrantzitsua da.
Arlo fisikoari dagokionez?
Sasoian egotea gutxienekoa da. Mailak gora egiten duen neurrian, exijentzia handiagoa da. Epaileak beti kantxako leku egokian egon behar du, gertatzen ari dena ondo ikusi ahal izateko. Bestela nekez asmatuko du hartutako erabakietan. Horretarako, prestakuntza fisikoa beharrezkoa da, jakina. Ni gimnasiora joaten naiz urte osoan zehar, eta denboraldia hurbiltzen denean, korrika egiten hasten naiz.

AlejandroLopez
Gaztetxoen partidetan hasiko zinen.

Infantilen eta kadeteen partidetan hasi nintzen, bai. Gezurra badirudi ere, batzuetan zailagoa izaten da maila tekniko handirik ez duten haurren partida batean epaile izatea. Jokatzen utzi behar diezu, beraz, ezin duzu dena zigortu.

Helburua bete al duzu LEBera eta Emakumezkoen Ligara iritsita?
Duela hiru urte EBA ligara igo nintzenean, asebeteta sentitu nintzen. Baina ni lehiakorra naiz, eta gora egiten ahalegindu naiz. Orain pozik nagoen arren, ez dut mugarik jartzen. Nire ametsa ACBko eta nazioarteko epaile izatea da. Momentuz, aurten mailari eusten ahaleginduko naiz.
Alde handia al dago emakumezkoen eta gizonezkoen saskibaloiaren artean?
Alde nagusia fisikoa da. Altuera, abiadura, jauzia etab. Baina arlo teknikoan, Emakumeen Ligako neskak hobeak izaten dira askotan. Saskibaloi ezberdinak dira, niri biak gustatzen zaizkit.
Zein jokaldi edo egoera izaten da zailena epailearentzat?
Partidaren kontrolari eustea da zailena. Adibidez, huts egiten duzunean, eta jokalari batek zure aurka egiten duenean. Egoera horiek kudeatzea da okerrena. Zeharo asaldatuta dagoen jokalari bat kanporatu gabe lasaitzea zaila da. Kontuan hartu behar da jokalari asko ni baino helduagoak direla. Baina tira, saskibaloian bi epaile daude beti, eta bien artean atera-tzen gara aurrera.
Saskibaloian epaile aritzea ogibide izan daiteke?
Nire mailan behintzat ez. Orain arte lanean ibili naiz, eta aurten master bat ikasiko dut. Diru pixka bat ateratzen dut, baina ez da bizitzeko nahikoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude