Erakusketa laburra izan da, baina itzala utzi du. Martxoaren 14tik 24ra, CBA kultur gunean egon da Alicia Cebrián (Irun, 1983) ilustratzailearen Maialen, 37+2. Amatasunak eragindako sentipenak irudikatu ditu Cebrianek. Gertu zituen oroitzapenak, hamasei hilabete besterik ez baititu Maialen alabak. Noelia Lorenzo idazlearen testuek osatu dituzte erakusketako koadroak. Udara aldera, erakusketa beste zenbait tokitan eskaintzeko aukeren bila ari da Cebrián.
Zer irudikatu duzu erakusketako ilustrazioetan?
Erditzearen ondoren, batez ere, izan dudan esperientziatik sortu da ideia. Esperientzia zoragarria izan zen niretzat, baina oso gogorra, era berean. Egoera konplikatuak bizi izan ditut, bakardadea, eta aldaketa fisiko handiak. Kontatzeko beharra nuela sentitu nuen. Nire bizipenak askatzeko, eta ahal izanez gero, egoera normalizatzen laguntzeko. Gaiari buruz hitz egiteko beldurra izaten dugu batzuetan.
Nolatan sortu da Noelia Lorenzorekin elkarlanean aritzeko aukera?
Aspalditik ezagutzen genuen elkar. Bakoitzaren proiektuen inguruan hizketan hasi ginen egun batean. Nik erakusketa honen berri eman nion, baina ipuin baten moduan imajinatzen nuela esan nion. Nik testuak idaztea proposatu nion, onartu zuen, eta ni pozez zoratzen nago. Orain ezin ditut imajinatu ilustrazioak testurik gabe.
Zer nolako harrera izan du erakusketak?
Oso-oso ona. Mezu pila bat jaso ditut, erakusketarekin hunkitu egin den jendearenak. Harrituta nago oraindik. Oroitzapen eta sentimendu asko piztu dituela iruditzen zait. Ondokoak ere berdina pasa duela sentitzeak lagundu egiten du.
Noiz hasi zinen ilustrazioaren munduan?
Betidanik marraztu izan dut, txiki-txikia nintzenetik. Nire espresio bide nagusia izan da. Hamar urterekin, pintura klase batzuetara joaten hasi nintzen. Oleoa eta akrilikoa lantzen ibili nintzen orduan.Unibertsitatera joan nintzenean, ilustrazioa ezagutu nuen. Espresatzeko modu bikaina iruditu zitzaidan niretzat.
Zure ogibidea al da?
Denbora erdiko lan bat dut, eta gainerakoan, ilustrazioan aritzen naiz. Urtean bizpahiru erakusketa egiten ditut, eta zenbait enkargu ere ateratzen zaizkit: postalak, egutegiak etab. Urte amaierarako, handi samarrak diren bi proiektu ditut. Zaila da ilustraziotik bakarrik bizi ahal izatea. Hasiera da zailena, eta hamar-hamabost urteko epea izan daiteke. Baina pixkanaka ari naiz nire bidea egiten.