Alternatiba ikusaraziz

Bidasoko ekonomia sozial eraldatzailearen inguruko jardunaldiak antolatu dituzte

Bi jardunaldi antolatu ditu Olatukoop ekonomia sozial eraldatzailearen sareak Irunen. Maiatzaren 12an izan da lehena, eta 18an egingo dute bigarrena. Euskal Herriko eta Kataluniako proiektu ezberdinen esperientziak ezagutu dituzte lehenengoan, hitzaldi sorta baten bidez. Maiatzaren 18an, berriz, esperientzia horiek Behe Bidasoara nola ekarri aztertuko dute, tailer batekin. 19:00etan izango da, Palmera-Montero gunean.

Euskal Herriko mapa interaktiboa osatzen ari da Batura egitasmoa, ekonomia sozial eraldatzailearen printzipioen baitan lanean ari diren eragileak irudikatuko dituena. Behe Bidasoa eskualdean, Hiritik At kooperatiba izan du bidelagun. “Zortzi hilabete eman ditugu enpresak identifikatu eta haiekin elkarrizketak egiten”, azaldu du Iker Eizagirre Hiritik At-eko kideak. 40 enpresa inguru identifikatu dituzte, eta horietako 25ekin elkarrizketa sakonak egin dituzte. Balorazio positiboa egin dutela baieztatu du Iker Eizagirrek: “Oso pozik gaude, uste baino potentzial handiagoa ikusten dugulako gure eskualdean eredu ekonomiko alternatibo hau ezartzeko bidean”.

“Uste baino potentzial handiagoa ikusten dugu gure eskualdean eredu ekonomiko hau ezartzeko bidean”
Iker Eizagirre, Olatukoop-eko kidea

Ekonomia egiteko modu horrek hiru jardunbide nagusi betetzen ditu. Alde batetik, barne demokrazia, langileak jarduera ekonomikoaren arduradun izatea. Bestetik, lurraldearekiko konpromisoa. Errentagarritasunaz harago, enpresa hartzen duen lurraldean ekarpen sozial bat egitea. Azkenik, konpromiso hori maila ekologikora ere eramatea, jarduera ekonomikoak eragiten dituen inpaktu ekologikoak gutxituz. “Identifikatu ditugun enpresek oso barneratuta dute lan egiteko modu hori. Orain, ikusi nahi duguna da ea gai garen printzipio horiek aglutinatzen dituen aterki komun bat sortzeko”, azaldu du Eizagirrek.

Tailer praktikoa egingo dute maiatzaren 18an

Maiatzaren 12an egin dute jardunaldietako lehen saioa. Bertan, Kataluniako ekonomia sozialaren mapa osatu duen Pam a Pam ekimeneko kideak egon dira, alde batetik. “Duela lau urte inguru hasi ziren horretan, beraz, guk baino aurreratuago daramate prozesua”, aipatu du Iker Eizagirrek. Gainera, Olatukoop Euskal Herriko sarean parte hartzen duten proiektu ezberdinen esperientziak ere entzun ahal izan dituzte.

Maiatzaren 18an, esperientzia horiek Euskal Herrira nola ekarri aztertuko dute. Tailer formatua edukiko du saioak, 19:00etatik aurrera, Palmera-Montero gunean. Lan taldeetan antolatuko dituzte parte hartzaileak, gai ezberdinak lantzeko: elkarlana, kooperazioa, inteligentzia kooperatiboa etab. Galdera ezberdinei erantzuna ematen ahaleginduko dira: “Nola sortu proiektu komunak enpresa guztiak indartzeko, nola eman ikusgarritasuna ekonomia egiteko modu honi, zein interkooperazio proiektu jar dezakegun martxan,  jakintza kolektibo hori nola antolatu eredu berri hau egonkortzeko”.

Ekainaren erdi aldera ekimen “publikoago” bat egiteko asmoa dutela aurreratu du Iker Eizagirrek. Data eta formatua ez dituzte zehaztu, baina ekonomia sozial eraldatzailearen inguruan eskualdeak duen potentzialtasuna gizarteratzen ahaleginduko dira bertan. Argazki orokor bat egite aldera, Eizagirrek azaldu du lehen sektoreko enpresa asko dagoela, alde batetik: baratze kooperatibak, kontsumo elkarteak, haragi ekoizleak etab. Hirugarren sektorean, zerbitzu kulturalak, ikus-entzunezkoak, artea eta diseinua, arkitektura edo hirigintza zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak daude. Gehienak, hiru eta zortzi langile artekoak. Kooperatiben kasuan, ordea, bazkideen sare handiekin funtzionatzen dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude