Santa Elena ermitako erakusketa eraberritu dute
Milaka bisitari erakartzen ditu, urtero, Oiasso Erromatar Museoak. Horietako batzuek, Santa Elena ermitara bisita gidatua egiteko aukera ere hautatzen dute. Gero eta gehiago dira, balio erantsia ematen baitio museoan ikusitakoari. Antzinako erromatarren garaiko nekropolia ikus daiteke bertan, eta X.mendeko ermitaren aztarnak ere bai. “Daukagun altxorra da, eta zaila da beste nonbaiten halako zerbait topatzea”. Bisita erakargarriago bilakatzeko, erakusketa berritu dute Irungo Udalak eta Oiasso Erromatar Museoak, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza bati esker.
Hirugarren aldiz birmoldatu dute Santa Elena ermitako erakusketa. 1973.urtean amaitu zituzten indusketak, eta 106 hil kutxa eta hiru mausoleoren aztarnak topatu zituzten. Hura izan zen antzinako Erromatarren garaiko Oiasso hiriaren inguruan, aurrerago egingo zituzten gainerako aurkikuntzen oinarri. Orduan, Jaime Rodríguez Salis indusketaren buruak dibulgaziora bideratutako lehen esposizioa atondu zuen. Bide batez, indusketa agerian utzi zuen, bisitariek ikusi ahal izan zezaten. 1989 urtean zeharo birmoldatu zuten Santa Elenako erakusketa, Irungo Erromatar Museo bilakatzeko, inguruan aurkitutako elementu guztiekin.
“Santa Elena museo monografiko bilakatzea erabaki genuen”
Mertxe Urteaga, Oiasso Museoko zuzendaria
“Orain errazagoa da azaltzen dena ulertzea, eta erakargarriagoa ere bada”
Juncal Eizaguirre, Kultura arloko ordezkaria
2006an, Oiasso Erromatar Museoa zabaldu zutenean, planteamendua aldatu behar izan zuten, bietan eduki berbera eskaintzeak zentzurik ez zuelako. “Santa Elena museo monografiko bilakatzea erabaki genuen. Nekropoliaren eta ermitaren museoa izan da aurrerantzean”, azaldu du Mertxe Urteaga Oiasso Museoko zuzendariak. Hamar urteren ondoren, beste buelta bat eman diote. “Orain errazagoa da azaltzen dena ulertzea, eta erakargarriagoa ere bada”, argitu du Juncal Eizaguirre udaleko Kultura arloko ordezkariak. “Ez dugu ahaztu behar gune bisitatuenetako bat dela hirian, eta alde horretatik, beharrezkoa zela hobekuntza”, erantsi du.
Larunbat goizetan Santa Elena ermitara bisita gidatuak eskaintzen ditu Oiasso Museoak (11:00). Bestalde, bisita integratuak egiten dituzte Oiassora gerturatzen direnekin, bertan ikusitakoaren osagarri izan daitezen. Bi ezaugarri nagusi ditu Santa Elenara bisitak. Alde batetik, “lagundua” izan behar duela baieztatu du Urteagak: “Azalpen batzuk derrigorrezkoak dira. Beraz, bisita askeak ez du zentzurik”. Bestetik, talde txikiak har ditzake bakarrik, espazioa mugatua delako.
Erromatarren garaiko nekropolia eta Erdi Aroko ermita
Eraikin txikia bada ere, benetako harribitxiak gordetzen ditu Santa Elenak, historiaren eta arkeologiaren ikuspegitik. Duela 2.000 urteko nekropolia, alde batetik. Oiassotik Pompaelora (Iruñea) zihoan bidearen bi aldeetan antolatu zuten, eta I.go eta IV. mendeen artean erabili zuten, Erromatar Inperioaren garaian, hildakoak lurperatzeko. Zeramikazko kutxa edo ontziak baliatzen zituzten horretarako. Beirazkoak ere bai, hildakoaren maila sozialaren arabera. Apaingarriak, bitxiak, txanponak, lantresnak eta bestelako elementuak ere aurkitu ziren Santa Elenako indusketan, eta erakusketan ikus daitezke.
Erdi Aroan, X.mendean, nekropoli erromatarreko mausoleoetako bat baliatu zuten ermita bat eraikitzeko. “Gipuzkoako lehen eliza kristaua izan zen, guk dakigula”, azpimarratu du Mertxe Urteagak. Santa Elena, 313.urtean erlijio kristaua baimendu zuen Constantino enperadorearen ama izan zen, hain zuzen ere. XIV.eta XVI.mendeetan ermita eraberritu zuten, gaur egungo itxura emateko. Kanpotik ikus daitekeena baino askoz gehiago ere bada, nolanahi ere, Santa Elena ermita.