Ama Xantalen ermitak ateak irekiko ditu berriztapena amaitu ondoren

Ama Xantalen ermita hobetzeko lanak amaitu direnean, José Antonio Santano Irungo alkateak eta Borja Olazabal Kulturako ordezkariak instalazioa bisitatu dute asteazken goizean. Haiekin izan dira Juanjo Jiménez Oiasso Erromatar Museoko zuzendaria eta Alde Zaharra-San Juan auzo-elkarteko ordezkariak ere. Bi milurteko historia du eremuak, nekropoli erromatar baten gainean eraikita dago eta. Horrenbestez, hiriko ondare historikoaren elementu garrantzitsuenetako bat da.

«Gisa honetako aztarnategiek erakusten dute gure iragan erromatarra. Ondare historiko-kulturalaren harribitxi bat da, mantendu beharrekoa», adierazi du hiriko alkateak.   «Hiriaren bihotzean dago ermita, eta asko estimatzen dute auzotarrek. Egindako hobekuntza-lanei esker, inoiz ez bezala dago eraikina, eta jauzi kualitatibo itzela egingo du, bisitaren balioari dagokionez».

Proiektuak zenbait helburu izan ditu, besteak beste teknologia berriak txertatzea Ama Xantalen ermitako erakusketan, espazioaren egoera hobetzea bisitarientzat eta eremua irisgarriago egitea, aldarea eta eraikinaren sarbide nagusia lotzeko pasarela bat eraikita.  Lan hauei esker, Oiassoko nekropoliaren 3D-ko birsorkuntza ikusteko aukera egongo da aurrerantzean Santa Elena ermita-museoko erakusketan.

Espazioa egokitzeko lanetan instalazio elektrikoa eta argiztapena berritu dira eta komun bat instalatu da sakristian. Ermitaren irisgarritasuna ere hobetu da, ate nagusitik aztarnategira sartzeko aukera eman baita. Horretarako, plataforma edo pasarela bat eraiki da bertatik aldareraino. Plataforma horri esker, gainera, bisitariek gertutik ikusi ahal izango dituzte aztarna arkeologikoak. Jarduketa horien guztien helburua da Irungo ondare historiko eta arkeologikoaren harribitxi horretara joaten diren bisitarien esperientzia hobetzea.

Obrak ZETABI Arkitektura Bulegoko Aitor Zubia Azkue arkitektoak zuzendu ditu. Esperientzia handia dute ondareko esku-hartzeetan, hala nola Artzain Onaren katedraleko dorrea berritzea, Bergarako San Pedro eliza birgaitzea edo Zeraingo kiskalketa-labeak zaharberritzea. Arkeolan Fundazioaren eskutik (Oiasso erromatar museoaren erakunde esleipenduna), jarduketa honek Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jaso du, Ama Xantalen ermita babes bereziko ondasun kulturalaren balioa aitortzeko eta ezagutzera emateko. Proiektuaren aurrekontua 176.685,00 € izan da guztira. Esku-hartze hau inguruan egin diren edo egin asmo diren beste batzuei batu behar zaie: aztarnategiaren sarbidea den Ermita kalea berritzeko mahai gainean dugun proiektua, edota Santa Elena eta Urdanibia plaza lotzeko dagoeneko amaitu diren obrak.

Irekiera

Herritarren artean Ama Xantalen ermitan eginiko hobekuntzak ezagutzera emateko eta erromatarren garaian hildako senideen omenezko Parentalia jaialdia ospatzen zela baliatuta, Oiasso Museoak ate irekien jardunaldi bat antolatuko du datorren otsailaren 11rako. Ermita zabalik egongo da goizeko 10:00etatik arratsaldeko 19:00ak arte, interesdun guztiek aukera izan dezaten gure ondare historiko eta arkeologikoaren funtsezko pieza honen itxura berria bertatik bertara ezagutzeko. Parentalia hildako senideen omenezko jai bat zen, arbasoen espirituei eskainitako ospakizun bat. Manes jainkoak ziren zendutako pertsona horien ordezkariak. Familiak nekropoli edo hilerrietara joaten ziren, zeinak legez hiritik kanpo egon behar zuten, arbasoen hilobietan eskaintzak egiteko asmoz.

Horrez gain, gogoan izan behar da ermita bisitatu dezaketela nahi duten guztiek igandero 11etan, aldez aurretik Oiasso Museoan erreserba egin ondoren, Oiassori buruzko aztarna arkeologikoak aurkitu diren lekuak bisitatzen dituen TIR (Tour Irun Romano) ibilbidearen barruan. Prezioa 5,50 € da pertsonako edo, tarifa murriztuaren kasuan, 3,85 €.

Gune sakratua hogei mendez

Ama Xantalen ermita erlijio kontuetarako erabili da 2.000 urtetan. Hasieran, Oiassoko biztanleen nekropolia edo hilerria izan zen, eta bertan egiten ziren hileta-gurtzak. Errautsak gordetzeko 106 urna aurkitu dira bertan, bai eta harrizko hiru mausoleoren aztarnak ere. Aurrerago, X. mendean, eliza txiki bat altxatu zuten bertan, erromatarren garaiko eraikinetako bat aprobetxatuta. Eliza txiki hori XIV. mendean eraitsi zuten, eta beste bat eraiki, berriagoa. XVI. mendean osatu zen gaur egun duen tamaina erdietsi arte. Ermita 313. urtean kristautasuna baimendu zuen Konstantino enperadorearen amari eskainia dago.  Jesus Nazaretekoa gurutziltzatu zuten egurrezko gurutzearen hondarrak aurkitzeagatik santutu zuten Elena.

Irungo Santa Elena ermita euskal ondare kulturalaren babes bereziko kultur ondasun gisa sailkatua dago (6/2019 Legea, maiatzaren 6koa, Euskadiko Kultur Ondasunarena, lehen xedapen gehigarria) eta, urtarrilaren 10eko 2/2012 dekretuaren bidez, monumentu-multzoa eta Done Jakue bidearen eraikin atxikia ere bada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude