Ametsa Abesbatzak ate irekien jardunaldiak antolatu ditu hurrengo ikasturtea antolatzen hasteko

Hilaren 28an, 18:30ean, ate irekien jardunaldia egingo da Irungo Ametsa Abesbatzaren egoitzan. Jardunaldi horretan 7 eta 12 urte bitarteko neska-mutilen gurasoei egiten ari den lana erakutsiko zaie. Bestalde, ekainaren 1ean, 10:30ean, Musika Hezkuntza Goiztiar lana aurkeztuko da 0-2 urte bitarteko familiek ezagut dezaten. Eta gauza bera egingo da 4 eta 6 urte bitarteko haurrentzat, 11:30ean

Izan ere, Bidasoako txikiak, oso gaztetatik musikara hurbiltzeko aukera dute, eta nerabezarora arte musikaren bidean jarraitzea posiblea dute.Bi emakumek ahalbidetzen dute hori, Itsasne Fernándezek eta Leticia Vergarak hain zuzen. Lehenengoak Musika Hezkuntza Goiztiarra (0-3 urte) eta musika-tailerraren (4-6 urte) taldeen arduraduna da; bigarrena, berriz, Ametsa Txiki-Txikia eta Ametsa Txikiaren (7-14 urte) ardura du.

“Zenbat eta lehenago hasi musikarekin, orduan eta hobeto. Kontuan izan behar da txikiak garenean hitz egiten ikasten dugula etengabe hitzak entzuten ditugulako. Denborarekin esanahia hartzen duten soinuak besterik ez dira. Gauza bera egiten dugu hemen, baina musikarekin “, azaltzen du Itsasnek.

Bere taldeekin jarraitzen duen metodoa Edwin Gordon kontrabaxu-jotzaile iparramerikarrak sortutakoa da. Musika-ezagutzak transmititzean datza, hizkuntzaren transmisioaren eta ikaskuntzaren antzera.

Itsasnek patroi tonal eta erritmiko laburrak botatzen ditu, bi urtetik beherako haurren laguntzaile helduek errepikatzeko gero. “Era horretan, haurtxoaren eta helduaren arteko lotura lantzen da, eta, aldi berean, alderdi psikomotorrak ere estimulatzen ditugu. Kontuan izan behar da, adin goiztiarretan, dena errepikapen eta imitazio bidez ikasten dela. Gainera, saioetan erabiltzen ditugun koloretako zapiak eta soinu arrautzak bezalako materialek mugitzera gonbidatzen gaituzte. Azken finean, entzumena, kantua, koloreak, materialak eta ukimena erabiltzen ditugu hizkuntza bat irakasteko, musikaltasunarena alegia”.

0 eta 2 urte bitarteko taldera pertsona helduek etorri behar dute txikiekin batera, baina bi urtetik gorako taldera bakarrik datoz haurrak. “Hobe horrela. Independentzia lortzen dute eta beste afektibitate mota bat garatzen hasten dira; adibidez, gainerako taldekideekin. Baina erabakia familiena da, eta norbaitek nahi badu haurrarekin etorri, gugatik arazorik ez dago”.

Lau urterekin Ametsa Koru Kultur Elkarteak haurrak Musika Tailerrean matrikulatzeko aukera eskaintzen die familiei. Eta 5 urterekin Ametsa Txiki-Txikia musika hastapenei buruzko klaseak ematen hasten da, koru formazioko lehen partiturak entseatzeaz gain. Azkenik, 7 urterekin, ikasle horiek Amets Txikira pasatzen dira, eta hamalau urte bete arte egon daitezke bertan. Abesbatzan, abesteaz gain, musika-hizkuntzako eskolak jasotzen dituzte.

Asmoa umeei musika-prestakuntzan modu ludiko eta dibertigarrian laguntzea da. Musika hizkuntza gisa uler dezatela, komunikatzeko baliabide gisa; ikastetxeko nahitaezko zereginetatik urruntzen den, eta gozatzeko balio duen zerbait gisa. Hemen gozatzera datoz, eta bide batez, denok barruan daramagun sentiberatasun musikala askatzen ikasten dute”, adierazten du Letiziak.

Ate irekien egunetan bertan, nahi duten familiek datorren ikustaterako izena eman ahalko dute. Horrez gain, kasu batean zein bestean, 747434069 telefonoan edo secretaria@coroametsa.org helbidean posible izango da ere izena ematea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude