Ametsa abesbatzak Italiako Marrone jaialdian parte hartuko du

Ametsa Abesbatza ostegun honetan abiatuko da Cuneora, Italiarantz. Bertan euskal folklorearen kontzertua eskainiko du. Hitzordua hilaren 19an, larunbatean, izango da, 18:00etan, Piazzeta del Granon. Emanaldia urtero ospatzen den “Cuneo classica festival” jaialdiaren barruan egongo da, Marrone Jaialdiaren barruan dagoena hain zuzen.

Abesbatza osatzen duten 40 ahotsek, Fernando Echepare Gómezen zuzendaritzapean  parte hartuko dute bertan. Haiekin batera, Kemen Dantza Taldeko dantzariak, txistua eta akordeoia ere bertan izango dira. Juantxo Atxukarro elkarteko presidenteak adierazi duenez, “euskarazko musika korala eta gure instrumentu eta dantzak osagarri ezin hobeak direla iruditu zaigu, Italiara eramateko bai Irun izena, bai gure kultura eta musika tradizioa”. Ez da Ametsak Kemenekin bat egiten duen lehen aldia. Nestor Basterretxearen omenez ekainean eskaini zuen kontzertuan ere elkarrekin egon ziren.

Besteak beste, Ezppatadantza, Sagardantza, Izar ederrak, Haurrak ikaszazue, Iru Txito, Ama begira zazu, Haurtxo Seaskan eta Agur Jaunak abestiek osatuko dute jaialdira gonbidatutako atzerriko talde bakarraren errepertorioa. “Guretzat garrantzitsua da hor egotea. Kontuan izan behar da urriaren 11tik 20ra arte kultur jarduera ugari egingo direla jaialdiaren barruan. Horien artean gurea egotea, ohore handia da “, dio Angel Pazos lehendakariordeak.

Aurreko ikasturteko emanaldiak

Ametsa Kultur Elkartearentzat aukera polita izango da hau. Izan ere, pasa den ikasturtean emanaldi berezi eta garrantzitsuak eskaini zituen. Adibidez, aurtengo martxoan 160 koralista eta 40 orkestra-musikari bildu zituen Irungo Amaia Kultur Zentroan Verdiren Requiema  interpretatu zuen kontzertuan.

Ez zen joan den ikasturteko emanaldi aipagarri bakarra izan, irailean Bethovenen Bederatzigarren Sinfonia, azaroan Carmina Burana eta jai aurreko ohiko kontzertua ere interpretatu baitzituen. Emanaldi horiei formatu txikiagoko beste kontzertu batzuk gehitu zitzaizkien, herrian bertan eta herritik kanpo emandakoak.

Matrikulazio kanpaina

Bidaia hau elkartea osatzen duten talde guztientzat ahotsak biltzeko egiten ari den kanpainarekin bat dator.

Gogoratu behar da Ametsa Abesbatza Kultur Elkartearen barruan, oso adin txikiko haurtxoek (urtebetetik aurrera) musikan hasteko leku bat aurkitzen dutela Musika Goiztiarreko Tailerraren barruan. Adin horretatik aurrera, kantu korala maite duen pertsona bakoitzak bere zaletasuna garatu dezake haur tailer eta abesbatzetan, txikiek, Ametsa abesbatza mistoan helduek eta Betiko taldean ere.

Informazio gehiago nahi izanez gero, www.coroametsa.org webgunera jo daiteke edo coroametsa@coroametsa.org helbidera idatzi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude