Beste pertsona batzuk ezagutzeko egonezintasuna duen pertsona baten moduan definitzen du bere burua Ana Eguiazabalek. Bere bizitzan zehar pertsonen artean gauzatzen diren harremanen arteko formazioa jaso du, gizarte-hezitzaile ikasketekin hasi eta formazioa antzerkigile edo arte-terapiarekin osatu dituelarik. Bakoitzaren barne ezagutza eta besteekin erlazionatzeko dugun moduaren inguruan lan egitea atsegin du, banakako zein taldeei “coach” moduan zerbitzua eskeintzeko.
Zein zerbitzu eskaintzen dituzu eta nori zuzendurik daude zure zerbitzuak?
Banaka zein talde edo enpresa moduan zerbitzuak jasotzea bilatzen duten pertsonekin lan egiten dut, pertsonen arteko harremanekin zerikusia duen guztiarekin.
Zer bilatzen dute enpresek zurekin harremanetan jartzen direnean?
Lan arloko giroarekin loturiko kontuak hobetzea bilatzen da geroz eta gehiago, adibidez, pertsonen arteko komunikazioa nola gauzatzen den ikertu eta lidergotza dohainak nola garatu ezagutzeko. Helburua, enpresaren barnean lan egiteko klima egoki bat sortzea da. Nire indarguneetako bat umorearekin lan egiten dugula da eta, nire esperientziaren arabera, elkarrekin barre egiten duten pertsonak haien artean elkartuago daudela ikusi dut. Modu honetan, erabakiak denbora laburragoan hartzea eta erabaki hobeak izatea lortzen da, nahiz eta orain arte barrea eta emankortasuna bateraezinak zirela uste bazen ere.
Zein motatako enpresetan sortzen da zerbitzu hauen beharra?
Momentu honetan enpresa txikiekin lanean nabil, baina, denborarekin geroz eta enpresa handiagoekin lan egitea gustatuko litzaidake, talde ezberdinen kohesioa eta haien arteko komunikazioa landu ahal izateko. “Coaching and Clown” izena du momentu honetan martxan dudan programa eta oso tailer atseginak egiten dira bertan, beti ere pertsona bakoitzaren erritmoa errespetatuz.
Langile gutxi dauzkaten enpresen kasuan, zer landu edo hobetu daiteke?
Honela kasuetan banakako “coaching” prozesuak egitea komeni da, baina, bi pertsona edo gehiago badira taldekako tailerrak egiteko aukera dago ere. Modu honetan pertsona bakoitzaren barne ezagutza hobetzea eta helburu argien ezarpena egitea lortzen da. Normalean 8 edo 10 saio izaten dira, gehienez 12, eta prozesuaren hasieratik amaierara egoera bat aldatzea bilatzen dut nire laguntzarekin. Azpimarratzekoa da “coaching” prozesuak ez direla prozesu terapeutikoak, hazkunde pertsonala sustatzeko prozesuak baizik.
“Coaching prozesuak ez dira prozesu terapeutikoak,
hazkunde pertsonala sustatzeko prozesuak baizik”
Lanaren bila dabiltzan horientzat ere lagungarria izan daiteke?
Bai, noski. Bai lanpostu bat topatzen laguntzeko zein pertsona ekintzaileetzat, konfiantza handitu eta bakoitzaren gabeziak hobetzen laguntzeko.
Zein da zure helburua?
Bizitzan beste pertsonekin elkarlanean aritzera behartuta gaudela uste dut, bizitzako edozein arlotan. Orain arte jaso dudan formazioaren bitartez indarrak batzeko pertsonak elkartzen saiatzen naiz, batez ere, elkarren artean oso desberdinak diren banakoak bide bakar batean elkartzeko.
Bide honetan momentu bitxi eta anekdota askorekin topatuko zinen, ezta?
Bai, anekdota asko ditut egia esan. Perun tailerrak ematen ibili nintzenean tik asko zeuzkan mutil bat gogoratzen dut, bere burua aurkeztu behar zuenean oso urduri jartzen zena. Tailerrean bere ezaugarriekin onartu genuen eta, tailerraren amaieran, mutilaren tikak desagertu ez baziren ere, lehen aldiz bere izateko era hori erakusteko lotsarik izan ez zuela onartu zuen. Honekin ez dut esan nahi bizitzan hobetzen saiatu behar ez garenik, baina, bakoitza den bezala onartzea oso garrantzitsua dela uste dut.
Nola ikusten duzu zure alorreko lan egoera?
Aldaketa bat gertatzen ari dela uste dut. Orain langileei ezinbestekoak diren ezagutza teknikoak edukitzeaz gainera, bestelako ezaugarriak eskatzen zaizkie ere, hala nola, moldagarritasuna edo lidergotza izatea eta giro ona zabaltzeko gai izatea.