Erretiroa hartu ondoren, bizimodu berrira egokitzen ari da Ana Grijalba. Ikusmenari eragiten dion erretinosi pigmentarioa izeneko gaixotasuna du, eta Gizarte Segurantzak ezgaitasun osoa eman zion 2014 urtean. Kazetari lana utzi behar izan zuen, ondorioz. ETBn, Radio Cuatron, Antena 3en, El Mundon, Txingudi aldizkarian eta Txingudi Telebistan aritzeaz gainera, Irunero aldizkariaren arduradun izan zen 1996tik aurrera, ia 20 urtez. 
Erretiroa hartu duzu. Nola bizi duzu egoera berria?
Nire bizitza osoan zehar lan egin izan dut. Orduan, bat-batean jarduera moztu nuenean, euforia sentimendu bat bizi izan nuen. Uste nuen dena ideala izango zela. Baina konturatu nintzen, neurri batean, jarduera moztu ondoren ere, jarraitzeko beharra nuela. Ohitura bat zen, eta beharra neukan. Hausnarketa egin ondoren, uste dut estres maila apaldu behar dudala, motelago bizitzen ikasiz eta gauza txikiekin gozatuz.
“Uste dut estres maila apaldu behar dudala”
Lanaren ordezkoak bilatzea ez da nire helburua. Gauzak etorriko dira. Momentuz frantsesa ikasten ari naiz, eta alabaren bitartez, Santiagotarrak Kirol Elkartearekin kolaboratzen ari naiz, 50.urteurrena dela eta. Etorkizunean, kultur eta gizarte arloko elkarteren batean murgiltzea gustatuko litzaidake. Orain dudan denbora emateko behar morala sentitzen dut.
Urte asko eman dituzu eskualdeko informazioari lotuta. Jarraitzen al duzu aktualitatea, edo deskonektatzen saiatu zara?
Egia da gure lanbidean behar hori sentitzen duzula. Jada ez naiz horren zorrotza nire buruarekin. Dena den, hori ere ikasi behar da. Pixka bat urrutiratzen saiatzen naiz, baina ez da batere erraza.
25 urte inguru eman dituzu kazetaritzan. Zerk bultzatu zintuen bide hori hautatzera?
Aurre-matrikula Euskal Filologian egin nuen. Baina uda hartan gogoeta egin nuen, eta ez nuen nire burua ikusten ikasketa horiekin lotutako lanbide batean. Bestalde, kazetaria den osaba bat daukat, eta bokazio hori sentitu nuen: jendearekin harremanetan egoteko, mugitzeko eta jakin-mina asetzeko gogoa. Idazten ondo moldatzen nintzen, eta hizkuntza lantzeko aukera nuen. Kazetaritza euskara hutsean ikasi zuen lehen promozioko kide izan nintzen. Harro egoteko modukoa da hori.
Espero zenuena topatu zenuen karrera bukatuta?
Ilusio handiz hasi nintzen. Horrenbeste urte ematen ditugu ikasten, lan egiteko gosez ateratzen garela. Hortik aurrera, beti ibili izan naiz lanean. Soldata baten truke, edo debalde.
“Errespetu eta ardura handiekin heldu nion Iruneroren proiektuari”
1996an hartu zenuen Irunero aldizkariaren ardura.
Erronka handi bat izan zen. Errespetu eta ardura handiekin heldu nion proiektuari. Baina aldi berean, euskaraz lan egiteko aukera oso pozik hartu nuen. Ordura arte izandako esperientzietan, euskararen presentzia oso txikia izan baitzen.
Zein asmorekin heldu zenion?
Euskaldunak ziren irundarrek edo euskalduntzeko bidean zeudenek, denek aurkitu behar zuten intereseko zerbait aldizkarian. Oso anitza izan behar zuen. Banekien irakurle guztiek ez zutela dena irakurriko. Baina beti erakargarri irudituko zitzaien zer edo zer bilatzea izan nuen helburu.
Artikulu luzeak eta astunak alde batera utzi nituen. Ez nituen irakurleak uxatu nahi. Irunerok ez zuen elite batentzako produktua izan behar. Maila jakin bat bermatu beharra zegoen, hala ere. Horiek izan ziren ardatzak. Gaiei dagokienez, inoiz ez dut arazorik izan, beti topatu izan ditut intereseko pertsonak, ekintzak, jarduerak etab.
Zeintzuk izan dira topatu dituzun zailtasunik handienak?
Batetik, edozein kazetarik bizi dituenak. Ematen du lanbide honek ezin duela inoiz prekarietatetik atera. Ez dela behar bezala baloratua. Sentitzen duzu lan asko egiten duzula, gogo asko jartzen duzula, baina ezin duzula inoiz egoera prekariotik atera. Hala ere, testuingurua zein den kontuan hartuta, ni zorionekoa izan naizela uste dut. Gaiei dagokienez, alardeekin lotutakoak izan dira esperientziarik okerrenak. Kazetari lana egiteagatik, gaizki pasa behar izan dut.
Eta oroitzapen onak?
Beti libre izan nintzela aukeratzeko. Beharbada ez nintzen horretaz konturatzen, baina hala zen. Bestalde, harremanak izateko aukera eman dit Irunerok, eta horrekin asko gozatu izan dut. Hori da nik nire lanbideari eskatzen niona, eta bete egin da. Nik ez ditut sekulako bidaiak eta abenturak eduki, baina harremanak izateko eta pertsona interesgarriak ezagutzeko aukera eman dit kazetaritzak.
Zertan aldatu da lanbidea 25 urtean?
Teknikaren aldetik, ikaragarri. Hasieran fax batekin lan egiten genuen, eta kronikak telefonoz diktatzen genituen, El Mundon, adibidez. Kalean baldin bazeunden, telefono kabina batetik. 1995era arte ez nuen ordenagailurik erabili. Idazmakinarekin ibiltzen nintzen. Internet garatzea sekulako iraultza izan zen.
Lan egiteko modua ere aldatu da. Gure helburua zen berriak guk geuk lortzea. Ez ginen prentsaurrekoen zain egoten. Telefonoa hartzen genuen eta zinegotzien atzetik ibiltzen ginen, adibidez. Gertutik jarraitzen genuen informazioa. Gaur egun ez da horrela egiten, askoz mugatuago dagoelako dena.
27 urterekin diagnostikatu zizuten erretinosi pigmentarioa. Zein eragin izan du zure lanean?
Batez ere, mugitzeko mugatua nagoela. Ezin dut gidatu, eta zenbait lekutara joateko laguntza behar izaten dut. Ahal izan dudan bitartean, lanean jarraitu dut. Orain adina gehitu behar zaio gaixotasunari. Ondorioz, egoera konplikatzen hasi da. Azken urteetan zailtasun gehiago izan ditut.
Nola bizi duzu gaixotasuna?
Zorte handia izan dudala pentsatu izan dut beti. Ez da paradoxa bat. Kasu batzuetan, bost urteko epean itsu geratu izan da jendea. Niri, zorionez, ez zait gertatu. Oso pentsamendu positiboak izan ditut beti, alde horretatik. Egia da ez naizela segurtasunez ibiltzen. Esate baterako, zebra-bide bat igaro behar dudanean, urduri jartzen naiz. Ezagutzen ez ditudan tokietan, edo jende asko dagoenean, berdin. Oso ondo kontrolatu behar ditut oztopoak. Laguntza behar izaten dut kasu horietan.