Ana Lupe Iridoy Hondarribian jaio zen 1991 urtean eta Ana Luna izenordeaz sinatzen ditu bere obrak. Apirilaren 14ra arte bisitatu ahalko da Irungo Martindozenea Gaztelekuan “Emakume esanguratsuak” erakusketa. Bilduman munduko hainbat lekutako emakume aktibisten ilustrazio-erretratuak ikus daitezke arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara asteartetik ostegunera eta ostiral eta larunbatetan 17:00etatik 21:00etara.
Nola bururatu zitzaizun historiako emakume esanguratsuen inguruko erakusketa egiteko ideia?
Duela bi urteko udaran ikerketa asmoekin egindako marrazkiak dira. Munduko emakume esanguratsuen inguruan nik neuk gehiago jakiteko. Proiektu pertsonal hau garatzen nuen bitartean arlo ezberdinetako emakume horien inguruko informazio gehiago bilatzeko aprobetxatu nuen.
Nola topatu zenuen gaztelekuan erakusketa egiteko aukera?
Gaztelekuko langile bat ezagutzen dut eta beraiek jarri ziren kontaktuan nirekin. Asmoa erakusketa aurreko urtean egitea zen, baina, kanpora nindoanez, atzeratu egin genuen.
Zein lotura duzu zuk artearen munduarekin?
Amak ematen zituen pintura klaseetara joan naiz txikitatik. Gero, institutuan ere artearekin loturiko ikasketak egin nituen bere garaian.
“Oso aberasgarria izan da nire proiektu pertsonala jendeari erakusteko aukera”
Zer ikasi duzu proiektu honen bitartez?
Marrazki kopuru handiagoa nuen eta erakusketa bat prestatzeko obrak aukeratzen ikasi dut. Izan ere, nire lehen erakusketa izan da eta obran bilduma osatu bat erakusten saiatu naiz. Gainera, erakusketa nola muntatzen den ikasi dut eta gaztelekuko langileen laguntza asko izan dut.
Zernolako sentsazioak izan dituzu zure lehen erakusketa izanda?
Ona, oso aberasgarria izan da nire proiektu pertsonala jendeari erakusteko aukera izatea.
Landutako emakume guztien artean, zein nabarmenduko zenuke zuk?
Erakusketaren egunean Lolita Chavez nabarmendu nuen, Euskal Herrian errefuxiatu bezala bizi izan zen Guatemalako emakume indigena bat eta nik pertsonalki ezagutzeko aukera izan nuena. Landutako emakume guztien artean niri gehien iritsi zaidana izan da.
Zein teknika erabili duzu erakusketako obrak sortzeko?
Marrazki guztiak era digitalean eginak izan dira, marrazkiak egin nituen garaian bidai batzuk egitea pentsatua neukalako eta ordenagailuarekin mugitzeko erarik errazena zelako.
Zein balorazio jaso duzu erakusketa bisitatu duten pertsonen partetik?
Balorazio positiboa jaso dut. Gainera, hurbildutako lagunen iritziak jaso ditut eta gustura nago. Erakusketa hauek bertako gazteek egiten ditugun lanak erakusteko aukera bat direla uste dut.
“Nire proiektuak garatzen jarraitzea gustatuko litzaidake”
Zer egin zenuten Gaztelekuko gazteekin egindako tailerrean?
Marrazki digitalak egiteko material nahikorik ez genuenez, proiektorearen bitartez Euskal Herriko emakume rapera feministen irudiak paretan islatu genituen. Ostean, lerro nagusien kalko moduko bat egin eta irudiak zuri beltzean bete genituen. Bukaeran gaztelekuko kanpoaldean marrazkiak ikusgai jarri genituen.
Artista bezala, zein beste proiektu dauzkazu buruan?
Proiektu digitalez gain, artisau-teknikak lantzea gustatzen zait ere. Debako eskolan linografia ikastaroa egin nuen eta orain serigrafia ikasteko asmoa dut. Nire proiektuak garatzen jarraitzea gustatuko litzaidake, artearekiko dudan perspektiba pertsonala zabaltzeko.