Anakako etxeen inguruak auzotarren gozamenerako espazio berriak ditu

Amaitu da Anakako etxeen inguruko obren lehen fasea. Gaur goizean bertan izan dira Cristina Laborda Irungo alkatea, Borja Olazabal Obretako ordezkaria eta Anakako auzo-elkarteko lehendakaria. Azaroan hasi zen proiektua, eta, dagoeneko, lanen lehen zatia amaitu da.

Cristina Laborda alkateak adierazi duenez, obra honen bitartez plaza berreskuratu eta oinezkoei eta bizilagunei lehentasuna ematea lortu da. Alkateak azaldu duenez, “jendeak benetan nahi zuen obra hau egitea, eta auzoarekiko konpromiso bat izan da, ingurua atseginagoa eta irisgarriagoa bihurtu baita”. Gainera,memoria historikoa berreskuratzeko aukera aprobetxatu da. Izan ere, Florencio Iracheta Anakako etxe merkeen sustatzailea eta Irungo Udaleko zinegotzia, Gerra Zibilean fusilatu zutena, nabarmentzea bilatu da.

Bizikidetza

Obra honen jarduketa-eremua Fabiola Erregina eta Isabel Erregina kaleen artean kokatu da, baita horien artean dauden Gaskoi eta Baskoi kaleetako zatietan. Florencio Iracheta Quíllez plaza ere eremu horren barnean dago. Antolamenduaren barruan, plataforma bakarra izatea nabarmentzen da, galtzada eta espaloia maila berean geratu baitira, koloreka bereizita.

Lan horien helburu nagusia izan da egonlekuak eta topaguneak berreskuratzea eta sortzea elkarreragin soziala bultzatzeko. Era berean, jarduketa-eremu osoan irisgarritasun unibertsala bermatu nahi izan da, eta oinezkoen segurtasuna eta erosotasuna lehenetsi, ibilgailuen zirkulazioaren aldean. Horrela, mugikortasun jasangarria, osasungarria eta inklusiboa bultzatzen da. Beste helburu bat izan da eremu antolatuak eratzea, oinezkoen joan-etorria errazteko eta bideratzeko garraio publikoaren geralekuetara eta auzoko merkataritza-gunera.

Jarduketa amaitutakoan, egoteko hiru leku sortu dira: bata, Anaka kaletik auzorako sarreran; hor, mantendu egin da autobus-geralekua; bigarrena, garrantzitsuena, Florencio Iracheta Quíllez plazan, auzorako plaza bihurtu baita berriro, kirol-ekipamendu osasungarria eta itzal-eremuak jarrita pergola, banku eta lorategien bidez. Eta, azkenik, Isabel I.a erregina kalean, eremu zabalenean, lehen aparkalekua zen tokian. Bertan, lorategian oinarritutako gune bat sortu da: berdegune bat erdian, eta, haren inguruan, eserlekuak eta mahaiak zuhaitzen artean banatuta.

Azpiegiturei dagokienez, euri-urak biltzeko saneamendu-sare berritu egin da, eta egun dagoena ur zikinak jasotzeko sistema mantendu da. Horrela, bi sareak bereizita geratu dira, ur-mota bakoitza bere aldetik biltzeko. Energia elektrikoaren eta telefoniaren azpiegiturak berritu dira, orain dauden aireko kableak lurperatzeko. Horrez gain, argiteria publikoa ere guztiz berritu da, farol berriak jarrita, jasangarritasunaren eta aurrezpen energetikoaren irizpideak kontuan hartuta.  Edateko ura eta gasa banatzeko azpiegiturak egoera onean daude, eta, beraz, ez da jarduketarik egin haietan.

Lehenengo fase honetarako, 2 milioi euroko aurrekontua esleitu da, eta % 50 Europako Batasuneko Next GenerationEU funtsen bidez finantzatu da, 1.000.768,62 euroko ekarpena eginda Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude