Ander Arzak, kazetaria: “Kazetaritza gaizki dago: gerra-kronika batengatik 80 dolar ordaintzen direla, lekuko”

Hogeita hamaika urte betetzeko atarian dagoen irundar hau kazetari goiztiarra da, ezbairik gabe. Hamasei urte zituela lehendabidizkoz jarri zen kamera baten aurrean Txingudi Telebistan eta ordutik bidelagun izan du objektiboa.
Kazetaritza maite duelako penaz ikusten du nola kontrol ideologikoak informazioa zapaltzen duen.

ander5175

– 16 urte zenituela kamera baten aurrean jarri zinen, eta harrapatu zintuen.
Ordurako interes puntu batekin begiratzen nuen telebista. Aurrerago konturatu nintzen, telebistarekin baino gehiago, kazetaritzarekin harrapatuta sentitu nintzela.
– Baina antzerkiak ere erakartzen zintuen.
Bai, ikastolan aritu nintzen, baita institutuan ere. Antzokiko antzerkiak beti erakarri nau, baina profesional moduan aritzeko, ez.
– Aurkezle eta antzezle lanen artean bada nolabaiteko lotura.
Bai, antzerki eta interpretazio puntu bat dauka nire lanak.
– Egiten duten guztia ongi egiten duten horietakoa zara?
Ez! Alor profesionalean oso diziplinatua naiz, eta inplikazio handikoa. Alor pertsonalean, ordea, ez naiz batere konstantea!
– Txingudi Telebistatik Antena 3ra salto egin eta bertan beste irundar batekin topo egin zenuen.
Bai, Lourdes Maldonadorekin. Biak Txingudi TBn lankideak izan ginen aurretik. Berak animatu ninduen neurri handi batean kazetaritza ikastera. Oso gustura aritu nintzen beti berarekin, kazetari ona iruditzen zaidalako.
– 2005ean ETBren deia eta… aurkezle lanetan lehen esperientzia. Zer oroitzapen duzu?
Abantaila neukan, esperientzia pixka bat banuelako. Aldaketa handia izan zen euskaraz lan egitea, ordura arte batik bat gaztelaniaz egin izanagatik. Gainera, albistegietako hizkuntza ez nuen behar bezain ongi menperatzen. Bi hizkuntzetan lan egin beharra ez da samurra, eta hori jendeak kanpotik ez du ikusten.
– Eta, halako batean, zuzendaritzaren deia Parisera berriemale joateko. Susma-tzen zenuen?
Susmo txiki bat neukan, aurretik galdegin zidatelako ea fran-tsesez eta ingelesez hitz egiteko gai nintzen. Jaime Otamendi informatiboetako zuzendariak deitu ninduenean, zer egingo ote nuen gaizki? pentsatu nuen. Proposatu zidanean bertigo puntu bat sentitu, baina zalantzarik ez nuen egin.
– Parisen zu bakarrik, sekulako erronkaren aurrean.
23 urte besterik ez nituen! Beste hedabideetako korrepontsalekin idazkaritza partekatzen nuen. Oso harreman ona genuen, eta hari esker nahiko babestua sentitzen nintzen. Esan liteke lankideak aldi berean lagunak eta familia zirela.
Lana erruz egin nuen: disponibilitatea 24 ordukoa zen, asteko 7 egunetan, eta gainera irratirako eta telebistako hainbat programatarako.
– Zu ETBn hasi zinenetik aldaketa politikoak eman dira. Zer nabaritu duzu?
Aldaketa handia nabaritu dut ETBren erabilera politikoaren inguruan. Beharbada hasieran ni ez nintzen jabetzen. Pena bat da. 5 puntu izeneko ekimen bat sortu zen tresna politikoa izan ez zedila eskatzeko. Euskal Herri osora zabaldu zen ekimena, baita sektore askotara ere, baina ez zuen aurrera egin.
Telebista publikoetan askotan gertatzen da politikariek beren zerbitzura dagoen tresna dela uste dutela. Horrek kalte egiten die denei.
– Zein da kazetaritzaren osasuna?
Oso gaizki dago: krisiak gehien jo dituen sektoreetako bat da. Adar askoko krisia da. Publzitatearen eta baliabide ekonomikoena ez da bakara. Eragina izan du Interneten garapenak: edozeinek edozer komunika dezake eta hori kalitatearen kaltetan joan da.
Lan baldintzei dagokienean ere gauzak gero eta okerrago daude. Adibide esanguratsua ipiniko dut: gerrako korrespontsal bat bere kronika baten truke 80 dolar besterik ez dituela eskatzen entzun nuen. Maila politikoan geroz eta kontrol ideologiko handiagoa dago eta geroz eta hedabide-kontzentrazio handiagoa.
– Bilbo, Paris eta Irun. Sorterria aukeratu duzu.
Hiri horiek ezagutu ondoren Irunen bizitzea erabaki dut. Ez da herrixka bat, ezta hiri handia ere. Irun oso ondo dago.
Beste hiri batzuk ezagutu ondoren, esango nuke Irunen gehiago dibertitzen ikasi beharko genukeela. Konturatu naiz beste herrietan ekintza sinpleak antolatzen direla eta hemen baino arrakasta handiagoa dutela. Ez dut ikusten herri giroa dagoenik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude