Ander Elosegik kirol profesionalean 17 urte egin ditu. Bere kirol ibilbidean maila guztietako txapelketetatik igaro da, bere piraguarekin mundu osoko uretan lehiatuz. Hiriko goi-mailako kirolariek beste modalitateetan egin izan duten bezala, Ander Elosegik Irunen izena nazioartean ezagutarazten lagundu du, Olinpiadetaraino eramanez. 2023ko otsailaren 14an ordea, piraguista irundarrak erretiroa hartuko zuela iragarri zuen, bere ibilbide profesionalaren amaiera data ipiniz.
Ander Elosegi Alkain
Ander Elosegi Alkain 1987ko azaroaren 14an jaio zen Irunen. Hamar urte zituela Santiagotarrak klub irundarreko harrobian sartu zen. Bere ibilbidea laburbiltzeko azpimarratzekoa da 13 Munduko Txapelketetan, 15 Europako txapelketetan eta 43 Munduko Kopa jokatu dituela irundarrak maila absolutuan. Gainera, lau aldiz parte hartu du Udako Olinpiar Jokoetan, C1 proban lehiatuz. Zehazki, 2008an Pekinen eta 2012an Londresen laugarren postua lortu zuen, eta 2016an Rio de Janeiron eta 2020an Tokion zortzigarren postuan sailkatu zen.
Erretiroa hartuko duzula iragartzeak lasaitasuna eman dizu edo kontrakoa?
Esan beharra daukat nik erabakia hartua nuela. Azken denboraldian ikusi nuen kirol profesionala uzteko momentua iritsi zela. Egia da, orain dela gutxi iragarri dudala, baina aurretik pentsatua nuen zerbait zenez, nahiko lasai geratu naiz.
“Presiora ohituta gaude, lehiaketa askotan jasaten dugulako, beraz, normalizatua dugu”
Hamazazpi urtez piraguista profesionala izan ostean, erraza da erretiroa bezalako erabaki bat hartzea?
Beti da zaila. Hainbeste urtez kirol eta lehiaketa mundu honetan ibili ostean erabakia hartzea eta, beraz, gauza bat betirako etetea beti da zaila. Beste aldetik, esan bezala, azken denboraldian ikusten nuen zaila egiten ari zitzaidala segitzea eta konturatu nintzen horretarako nire burua bortxatzen ari nintzela. Nahiz eta zaila izan, niri nahiko era naturalean iritsi zait momentua. Uste dut hau zela momentu egokiena, beldur hori gainditu eta bizitzaren aro berri bati hasiera emateko. Hortaz, ez da hain zaila izan, momentua egokia zelako.
Kirolari profesionala izatera iritsi aurretik, nola hasi zinen piraguismoaren munduan?
Irundarra izanda, hirian badugu klub handi bat, Santiagotarrak, eta ni bertan hasi nintzen. Zortzi edo hamar bat urte izango nituen bertan hasi nintzenean eta oinarrizko ikastaroak egin nituen lehenengo. Hasieran, haur guztiak bezala ondo pasatzeko joaten nintzen eta klubean lagunak egin nituen. Gero egia da, denbora pasatzen joan zein heinean, lehiatzen hasten zara eta gero gehiago gustatzen zaizu. Hasieran astean bitan etortzen zara, gero pixkanaka gehiago eta nahi gabe mundu honetan hainbat urte eman ditut.
“Lau Olinpiar Jokoetatik bakoitzak bere berezitasunak izan ditu”
Zein aldaketa nabaritu zenituen zure bizitzan kirol profesionalean sartu zinenean?
Ez zen pauso bakar batean gertatu. Hamasei edo hamazazpi urte nituenean nazioarteko lehiaketetan parte hartzen hasi nintzenean nabaritu nuen. Horietan ikusi nuen ez nintzela gaizki moldatzen. Hori ere oso prozesu naturala izan zen, pixkanaka hobetzen joateak txapelketa garrantzitsuagoetan parte hartzeko aukera eman zidalako. Ez nuen erabaki handirik hartu behar izan, gauzak horrela iritsi zitzaizkidan eta uste dut zentzu horretan zortea izan dudala.
Maila olinpikoa
Nazioarteko txapelketez gain, lau Olinpiar Jokoetan parte hartu duzu. Zure ibilbide profesionaleko momenturik garrantzitsuenak izan dira?
Ez dakit garrantzitsuenak, baina bai momentu esanguratsuenetako batzuk. Gure kirolean Olinpiar Jokoak lehiaketarik garrantzitsuenak dira dudarik gabe. Oso bereziak dira lau urtean behin egiten direlako eta horietarako sailkatzea nahiko zaila delako. Herrialde bakoitzak ordezkari bakarra dauka eta horrek eskatzen du aukeraketa prozesu askotatik pasa behar izatea. Beraz, sailkatzea soilik jada berezia da. Nire kasuan, lau aldiz parte hartzeak esan nahi du aurretik kirol ibilbide luzea egin behar izan dudala, beraz, une aipagarria behintzat bada. Lau Olinpiar Jokoetatik bakoitzak bere berezitasunak izan ditu, lau leku ezberdinetan izan direlako eta lau kultura ezberdin ezagutu ahal izan ditudalako, beraz, uste dut zorte on asko izan dudala.
Lehenbizikoak Pekinen izan ziren. Zer sentitu zenuen lehen aukeraketa horrekin?
Ni maila onean nengoen, baina esan beharra dago oso gaztea nintzela eta orduan ez nizkiola nire buruari helburu zehatzegiak jartzen. Garai hartan oso zentratua nengoen entrenatzean eta hobetzean. Nik banekien sailkatzeko aukerak nituela, nahiz eta horretan guztiz zentratua ez egon. Oso berezia izan zen lehenengoak zirelako eta jende askok sorpresa hartu zuen ordura arte ezezaguna nintzelako.
Sentsazioa berdina da Olinpiar Jokoetan lehengo aldiz edo laugarren aldiz parte hartzen duzunean?
Bai eta ez. Lehenengoak beti dira bereziak lehenengoak direlako. Lehiaketa oso berezia da berez, kirol mota askotako kirolariak biltzen direlako. Era berean, ez nuke esango lehenengoak bereziagoak direnik, azkenean, denek daukate xarma berezi bat. Ilusio aldetik lauak oso bereziak izan dira, bakoitza bere erara.
Nolakoa da egunerokotasuna Olinpiar Joko batzuen barruan?
Kirolaren aldetik ez dauka ezer berezirik. Kirolari bakoitzak badakigu zertara joan garen lehiaketa horretara. Beraz, bakoitza oso zentratua dago bere helburuetan. Egia da, jende asko biltzen garela bertan eta bat-batean zure inguruan ikusten dituzula lau urtez telebistan ikusitako kirolari famatuak. Erakargarria da kirol mota askotako jendea leku berean batera ikusteagatik.
“Nire kasuan, familiaren eta lagunen babes handia sentitu izan dut beti”
Presio fisikoaz gain, nola kudeatzen da maila horretako lehiaketa batean presio psikologikoa?
Gogorra da. Batez ere, sailkatze prozesu horretan denboraldi osoa jokatzen duzulako. Gure kirolean badakigu errorea oso ohikoa dela, baina aldi berean badakigu ahalik eta gutxien egin behar ditugula gure errendimendurik onena lortzeko. Jakinik bereziki Olinpiar Jokoetarako estatuko kirolari bakarrak duela plaza, tentsio handia duzu. Gauzak garbi dituzu eta badakizu zure punturik onenean zaudela, nahiz eta lehiaketan edozer gauza gerta daitekeen. Denok dakigu goi-mailako kirola horrelakoa dela. Presiora ohituta gaude, lehiaketa askotan jasaten dugulako, beraz, normalizatua dugu. Horrek ere eskarmentu bat ematen dizu, horrelako prozesuak kudeatu ahal izateko. Urteek irakasten dizute presioa hor egongo dela beti eta kirolari hobea izateko horrekin bizi behar zara.
Kirolari nortasuna
Beraz, hankak lurrean edukitzea garrantzitsua da, ezta?
Ezinbestekoa da zure gertuko jendearen babesa jasotzea. Beti da garrantzitsua familia zein lagunek nola animatzen zaituzten ikustea. Zure mailarik onena emateko gertuko jendeak zure bizimodua onartzen duela ikustea garrantzitsua da. Batzuetan ez da hori gertatzen, ordu asko sartu behar dituzulako eta ekonomikoki ere ez dira egoerarik onenak. Nire kasuan, familiaren eta lagunen babes handia sentitu izan dut beti. Horrek beti lasaitasuna ematen dizu lehiaketetan mailarik onena emateko. Alde horretatik, beti zorte handikoa izan naizela esango nuke.
Zure ibilbide profesionalaren balorazio orokor bat egingo bazenu, zein izango litzateke emaitza?
Balorazioa positiboa izango litzateke. Momentu onak egon dira, txarrak ere. Garaipen gutxi batzuk lortu ditut; porrotak askoz ere gehiago. Hainbeste denboraz goi-mailako kirolari eutsi badiot, egin dudana gustatu zaidalako eta gozatu dudalako izan da. Nire nortasuna mundu horretan sortu da. Nire bizitzaren erdia goi-mailako lehiaketetan egin dut, piraguismoan are gehiago. Beraz, naizen bezalakoa naiz klub honetan sartu nintzelako 10 urte nituela. Balorazioa, beraz, positiboa da, oroitzapen asko ditudalako eta lagun asko egin ditudalako. Egia esan, ez nuke ezer aldatuko.
Zeintzuk izan dira zure ibilbide profesionaleko momenturik onenak eta okerrenak?
Onena aukeratzea zaila da, momentu on asko daudelako. Anekdota asko etortzen zaizkit burura, baita bizipen eta lehiaketetan lortutako garaipenak ere. Oso zaila egiten zait bakarra aukeratzea. Klixe bat dela iruditu dezake, baina batez ere nire ibilbidean egindako lagunekin eta bizitako gauzekin geratzen naiz. Bereziki gogoratzen ditudan gauzak dira, kirol eremutik kanpo bizitakoak. Gogoratzen dituzun gauzak ez dira garaipenak edo dominak, gauzak txikiagoak dira eta ni horiekin geratzen naiz. Orain ezin ditut denak kontatu, asko direlako, liburu bat idazteko adina. Okerrenaz galdetuta, momentu txarrak egon dira bai, baina beti pentsatu izan dut momentu onak txarrak baino askoz ere indartsuagoak izan direla. 2018an gainbeheratxo bat izan nuen eta entrenatzeari uztea erabaki nuen. Hilabete pare bat egin nituen entrenatu gabe, baina gero ikusi nuen ez zela benetako agurra. Konturatu nintzen oraindik kirola gustatzen zitzaidala eta berriro entrenamenduei ekitea erabaki nuen.
Erretiroa hartuko duzula iragarrita, bertigoa ematen du zure burua amildegi horren aurrean ikusteak?
Bertigo apur bat bai. Hala ere, esan dudan bezala, erabakia era naturalean iritsi zait eta uste dut momentu egokia zela, beraz, pentsatzen dut pausua emateko momentua zela. Egia da orain bizitza berri bat ireki zaidala eta orain pertsona arruntek egiten dutena egitea tokatuko zaidala. Oraindik ez daukat ezer buruan, nik ere oraindik ez dakidalako zer egingo dudan. Dena den, ilusio handia dut eta aurrera egiteko gogotsu nago.
Etorkizunerako planik izan ez arren, piraguak oraindik tartetxoren bat izango du zure bizitzan?
Bai, noski. Goi-mailako lehiaketa utzi arren, piraguista izaten jarraituko dut. Noizbehinka piraguan ibiltzera etorriko naiz, orain arte izandako diziplina gabe. Ez diot utziko piraguaz disfrutatzeari, hori seguru.
“Kirolean ibilbide bat hasten ari direnei esango nieke garrantzitsuena disfrutatzea dela”
Erreferente bezala zaituzten eta piraguan dabiltzan gaztetxoei zer mezu bidaliko zenieke?
Kirolean ibilbide bat hasten ari direnei esango nieke garrantzitsuena disfrutatzea dela. Lehiaketa eta emaitzekin gehiegi tematu gabe, besterik gabe, egiten dutenaz disfrutatzea eta prozesu horretan ahal bezain beste ikastea. Ikasiz gozatzen da piraguan ibiltzeaz. Uste dut piragua probatzen duen jende gehienari gustatzen zaiola, asko disfrutatzen den kirola delako. Oso atsegina da ikustea egunez egun nola hobetzen duzun eta zure gaitasunak nola handitzen diren. Ur gainean piraguan ibiliz asko disfrutatu daiteke. Beraz, haurrak klubera etorri eta piragua probatzea animatuko nituzke. Lehiaketetan parte hartzen hasten badira edo emaitza onen bat lortzen badute, lasai ibil daitezela, baina jarrai dezatela disfrutatzen.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai