Andrea Martínez Pardavila, idazlea: “Laguntasunaren garrantzia nabarmendu nahi izan dut gure istorioa kontatuz”

Argazkia: Estudio Gover

Andrea Martínez PardavilakTengo un máster en recuerdos” izenburupean kaleratu berri du bere lehen liburua. Gazte irundarrak idatzitako istorioak bost gaztek master ikasketak egin bitartean bizitakoak jasotzen ditu. Etorkizunean berak eta bere lagunek sentitutakoa gogoratu ahal izateko helburu bakarrarekin idazten hasi zen, inoiz idatzitakoa bere lehen liburua bihurtuko zela imajinatu gabe. Andrea Martínezek liburua argitaratzeko prozesua nolakoa izan den azaldu du.

Nola bururatu zitzaizun liburu bat idazteko ideia?

Duela pare bat urte master ikasketak egin nituen Donostian eta lagun talde oso polita sortu genuen bertan. Elkar ezagutu eta gure artean oso harreman berezia sortu zen. Masterra bukatzeak pena handia eman zigun, elkarrekin oso ondo pasa genuelako eta bakoitzak bere bidea hartu eta lanean hasteko momentua iritsi zelako. Niri idaztea asko gustatu zait betidanik. Letretako ikasketak aukeratu eta filologia ingeleseko ikasketak egin ditut. Liburuko protagonistari guk bizitakoa idaztea proposatu nion eta ideia bikaina zela esan zidan. Hasiera batean ideia istorioa guretzako idaztea zen, baina kapitulu baten atzetik beste bat etorri zen eta azkenean liburu hau sortu zen.

“Hasiera batean ideia istorioa guretzako idaztea zen, baina kapitulu baten atzetik beste bat etorri zen eta azkenean liburu hau sortu zen”

Liburu baten argitalpenak lan handia du atzetik, ezta?

Bai, ikaragarrizkoa, baina poz-pozik egin dut. Ilusio handiz egindako proiektua izan da eta uste dut hori izan dela gehien motibatu nauena.

Nola lortu duzu zure liburua argitaletxe batekin argitaratzeko aukera?

Behin liburua bukatua, masterreko lagunekin partekatu nuen eta lana argitaratzen saiatzera animatu ninduten. Guretzat berezia da gure istorioa delako, baina beste norbaitentzat agian aspergarria izan zitekeela uste nuen nik. Argitaletxeak bilatzen nenbilela Letrame aurkitu nuen eta urtero liburu lehiaketa bat antolatzen dutela jakin nuen. Lehiaketan parte hartzeko baldintzetako bat liburua sarituz gero lana beraiekin argitaratzea zen. Irabazteko inolako itxaropenik gabe bidali nuen liburua eta astebeteren buruan baiezkoa eman zidaten. Sorpresa ikaragarria izan zen. Letramekoek asko lagundu didate eta oso pozik nago emaitzarekin polita eta txukuna izan baita.

Egunerokotasuneko bizipen arruntetan oinarritutako liburua dela esan daiteke?

Hori da. Liburuak master ikasketak egiteko elkartzen diren 5 lagunen istorioa kontatzen du. Espero gabe sekulako erlazio polita sortzen da beraien artean. Guri gertatutako gauzak edonori gerta dakizkioke, eta beraz, uste dut irakurlea istorioarekin eta pertsonaiekin oso identifikatua sentitu daitekeela.

Benetako gertakizunetan oinarritua dagoenez, erraza suertatu zaizu bizitako guztia letren bidez islatzea?

Liburua idaztea erraza izan zait gertakarien ordena kronologikoari jarraitzea erabaki dudalako, hau da, urte bakar batean gertatutako gauzak kontatzen dira. Tarteka asmatutako zati txiki batzuk daude, baina gehiena benetan gertatutakoa da. Lehenengo, Drive dokumentu batean ideia guztiak zirriborratu nituen, istorioa garatzen eta kapituluak sortzen hasi aurretik.

Oso oker ez banago, laguntasuna da zure lehen liburuan jorratzen duzun gai nagusia, ezta?

Bai, hori da. Laguntasunaren garrantzia nabarmendu nahi izan dut gure istorioa kontatuz. Horren ostean, maitasun istorioa izango litzateke liburuan jorratzen den bigarren gai nagusia.

Zein motatako irakurleentzat izan daiteke erakargarria istorioa?

Nik uste, batez ere, irakurle gazteentzat erakargarria izan daitekeela liburuan kontatzen den istorioa. Hala ere, adin mugarik gabeko kontakizuna dela esango nuke. Nire amak, osaba-izebek eta amonak ere irakurri dute eta asko gustatu zaiela esan didate. Amaierara arte irakurleak istoriora lotzen dituen liburu horietako bat da. Hala ere, nire adina duen jendearentzat bereziki interesgarria izan daitekeela uste dut, liburuan lantzen diren gaiengatik.

Pasarte gehienak Donostian kokatzen direnez, bertako jendearentzat are erakargarriagoa izan daiteke liburuaren irakurketa?

Bai, izan daiteke. Batez ere Donostian gertatzen da liburuan kontatzen diren gauzen zati handi bat. Liburua irakurri ostean edo irakurri bitartean Donostiara joanda liburuan deskribatzen diren tokiak ikusteko aukera izango duzu, nahiz eta ziur hemen ingurukoa den jendeak jada toki horietako asko soberan ezagutuko dituen. Bertako taberna, kale eta kafetegi asko deskribatzen dira liburuan eta irakurleei hiriburua bisitatzerakoan espazioak identifikatzea erraza izango zaielakoan nago.

Non eskuratu ahalko da liburua?

Lehenengo aleak jaso ditut eta dagoeneko denak saldu ditut, lagunei eta familiako kideei ale batzuk oparitu ostean. Orain bigarren tirada bat eskatu dut eta hemendik pare bat aste barru jasotzea espero dut. Horretaz gain, liburua jada online erosteko aukera ere badago Amazon, La casa del libro, Elkar, Corte Inglés eta antzeko plataformetan. Aurrez aurre, berriz, Irungo Elkar eta Kiosko 33 dendetan erosi ahalko da.

Zer kontatu dizute jada liburua irakurri dutenek?

Orain arte jaso ditudan balorazioak oso positiboak izan dira. Istorioa asko gustatu da. Nire lagunek esan didate liburuak agerian uzten duela liburuko hiru nesken artean dugun harreman polita. Dagoeneko bigarren zatia eskatzen hasi dira, beraz, horrek seinale ona izan behar du.

“Uste dut irakurlea istorioarekin eta pertsonaiekin oso identifikatua sentitu daitekeela”

Zer aholku emango zenioke liburu bat idazteko zalantzan dagoen norbaiti?

Liburua idaztera animatuko nuke. Buruan duen ideia hori bota eta idatz dezala esango nioke. Nik inolako aurreikuspenik gabe idatzi nuen, etorkizunean gaztetan bizitakoa gogoratzeko bakarrik eta azkenean emaitza oso polita izan da. Gainera, gaur egun liburu bat argitaratzeko aukera asko daude.

Bigarren liburu bat idazteko gogorik bai?

Oraindik ez dut horretan pentsatzeko astirik izan. Izan ere, argitalpenaren kontua oso azkar gertatu den zerbait izan da eta oraindik gertatutakoa barneratzen ari naiz. Beraz, ez dakit etorkizunean bigarren zati bat, beste istorio bat edo pertsonaia jakin baten istorioa garatzera animatuko naizen.

Elkarrizketaren bideo osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude