Bi urte besterik ez zituela, gitarra jotzen ikasten hasi zen aita. Orduan, jada, hariak laztantzen hasi zen Ane Encabo (Irun, 2000). Gaur egun, Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegian sartzeko probak prestatzen ari da. Iaz, José Tomás-Villa de Petrer Nazioarteko Gitarra Lehiaketa prestigiotsua irabazi zuen, Alacanten. 2016an Euskadiko Musikari Gazteak saria eman zioten. Musikari ibilbide oparo baten lehen urratsak izan daitezke.
Musikan hasi zinenean, argi zeneukan gitarra hautatuko zenuela?
Baietz esango nuke. Egia da amak esaten zidala zeharkako txirula aukeratzeko. Izan ere, orokorrean, gitarrak ez du fama onik. Jende askok pentsatzen du akorde batzuk jotzea besterik ez dela, lagunekin, parranda giroan etab. Nire amak ere hori pentsatzen zuen hasieran.
Ezagutzen duzunean, konturatzen zara musika klasikoan gitarrarentzako errepertorio izugarria dagoela. Dirudiena baino askoz zabalagoa eta aberatsagoa dela gitarraren mundua. Amak, hala ere, solfeoko irakasleari esan zion nire ideia hori burutik ateratzeko, baina berak erantzun zion uzteko nahiago nuena aukeratzen.
“Langileak eta diziplinatuak gara musikariak”
Ikasle ona izan zara, musikan eta eskolan ere bai. Eragina izan du?
Bai, musikariak langileak eta diziplinatuak gara. Hori bizitzako beste arloetan aplikatzen dugu, eta nabaritzen da.
Goi mailako ikasketak ere musikaren munduan egin nahi dituzu, hala ere. Zure lanbidea izan dadin nahi zenuke?
Bai, gitarra irakasle izan nahi nuke, eta ahal dela, kontzertuak eman eta munduan zehar bidaiatu. Gustatzen zaidanaz disfrutatzea da nire ametsa.
Gogorra da Musikenen sartzeko proba?
Bai, 30 minutuko errepertorioa prestatu behar dut. Bi plaza besterik ez dituzte eskaintzen, eta estatu osotik eta atzerritik aurkezten da jendea. Proba bikaina egin beharko dut egun horretan, aukerak edukitzeko. Urduri samar nago horregatik. Baina tira, bestela badaude beste aukera batzuk, Iruñean edo Zaragozan, adibidez.
Gaur egun zeintzuk dira zure erreferente nagusiak, gitarraren munduan?
David Russell oso ona da. Baina batez ere emakumeak aipatuko nituzke, Stephanie Jones, Mabel Millán, eta euskaldun bat ere bai, Andrea Gonzalez. Emakumeak itzalean egon izan dira urtetan, baina pixkanaka martxa hartuz goaz.
“Obra bati adierazkortasuna emateko gaitasuna garrantzitsua da”
Zein trebetasun eta behar du gitarra jotzaile bikain batek?
Teknika ona eta musikaltasuna, obra bati adierazkortasuna emateko gaitasuna. Musikari norberaren ukitua ematea, azken batean.
Maila handia du Irungo kontserbatorioak, musikari onak atera izan dira.
Bai, oso irakasle onak daude. Ana Ayneto da nire irakaslea, eta asko ikasi dut berarekin. Harreman ona dugu gainera.
Klarinetea jotzen duzu, bigarren instrumentu gisa. Zer ematen dizu?
Oso desberdina da. Hasteko, putz egitea asko kosta zitzaidan, ikasi arte. Orain beste aukera batzuk ematen dizkit, kontserbatorioko bandan jotzea, adibidez.