Hondarribiarra da Ane Marcos (1998), baina Santiagotarrak-en dabil arraunean, azken urteetan. Aurten, alabaina, herriko traineruan ere hasi da. Biak uztartzen dituen arren, aitortu du aulki mugikorra dela bere lehentasuna. Skiff edo bakarkako ontzia du helburu nagusi, baina aurten zortziko ontzian ere entrenatzen ari dira Santiagotarrak-eko emakumeak. Astean behin ateratzen da Marcos Hondarribiko traineruan, eta udaran, harekin lehiatzeko asmoa du.
Hondarribian hasi zinen arraunean?
Bai, 11-12 urterekin izan zen, udarako ikastaro batean. Bi aste hasieran, gero hilabete osoa. Ikasturtea hasi zenean ere animatu nintzen, eta orduz geroztik arraunean ibili naiz. Duela bi urte Santiagotarrak elkartera etorri nintzen.
Zergatik aldaketa hori?
Eztabaida izan genuen garaiko entrenatzailearekin. Taldekide askok arrauna utzi zuten, baina nik arraunean jarraitu nahi nuen. Santiagotarrak-era etorri nintzen, eta oso gustura nabil. Jendea ezagutzen nuen, ibai berdinean entrenatzen dugulako, eta adin berdintsukoak garelako asko. Entrenatzaileekin ere oso ondo, eta instalazioak primeran daude. Donostiako klubetan, adibidez, ez dute halako espaziorik.
Kirol zorrotza da, entrenamenduei dagokienez. Zenbat entrenatzen duzu?
Astean sei egun, atseden bakarrarekin, egunean pare bat orduz. Neguan, astean zehar gimnasioan, batez ere. Asteburuetan uretara ateratzen gara. Nik kirolari izaten ikasi dut hemen, ondo azaldu didatelako entrenamendu bakoitzak zertarako balio duen. Dena ez da arraunari tira egitea, besterik gabe.
Zenbateko garrantzia du taldeak?
Bakarkako kirola da, baina taldean entrenatzen da. Kideen babesak asko laguntzen du aurrera jarraitzeko. Estropadetara kanpora joaten garenean, asko eskertzen da hori. Gainera, lagunekin beste lekuak eta jendea ezagutzea oso ederra da.
Zein esperientzia gogoratzen duzu bereziki?
Txikitako lehenengo estropadak, edo Espainiako Txapelketa irabazi genuenekoa, kadete mailan, Hondarribiko laukoan. Duela bi urte Santiagotarrak-eko zortzikoarekin Espainiako bigarren izan ginenean ere, oso berezia izan zen. Denboraldi erdian probatu genuen, eta azkenean oso ondo atera zen.
Aurten ere ari zarete zortzikoan. Gipuzkoako Txapeldun izan zarete.
Bai, pixkanaka ari gara, ikusiko dugu noraino iristen garen. Guretzat zortzikoa osagarria da, lehentasuna beste ontziak dira, gure ikuspuntutik. Egia da zortzikoa polita dela, zortzi neskak batera aritzea, elkarlanean eta motibazio handiarekin. Gainera, niri puntan aritzea, arraun bakarrarekin, asko gustatzen zait.
Hondarribiko traineruan ere hasi zara aurten. Nola sortu da aukera?
Duela bi urte berreskuratu zuten trainerua, eta entrenatzailea ezagutzen dut, oso harreman ona daukat berarekin. Astean behin joaten hasi naiz, Irungo entrenamenduekin uztartuz.
Oso ezberdina iruditu zaizu trainerua?
Erabat. Ez du zer ikusirik. Aulki mugikorrean hankek garrantzi ikaragarria dute. Traineruan ez hainbeste. Arlo fisikoan, esfortzua ezberdina dela esango nuke. Estropadak ere zeharo ezberdinak dira, ziabogekin.
Oraindik ikasten ari naiz, ez naiz askotan atera traineruan. Nire asmoa da ikasten jarraitzea, eta udaran lehiatu ahal izatea. Beste esperientzia bat izango da. Santiagotarrak-eko denboraldia ondo bukatzen baldin badut, behintzat.
Azken urteetan emakumezkoen arrauna indartzen ari da. Hondarribiak bertan egon beharra zuen.
Bai, gainera, hasieran, ez zeuden Hondarribiko emakume asko. Gero eta gehiago gara, pixkanaka. Egia da emakumeen arrauna gora doala, baina are gehiago sustatu beharko lukete, antolatzaileek, babesleek eta komunikabideek. Gizonezkoek lehentasuna dute beti.