Anguianoko Ganbera Musika Jaialdiaren antolaketan murgildurik dago Oihana Gimenez musikari irundarra

Argazkia: Mas Mastral

Jaiotzez irundarra da Oihana Gimenez flautista gaztea. Irungo Kontserbatorioan Mar Castañon irakaslearekin erdi-mailako flauta ikasketak burutu ostean, Zaragozara joan zen goi-mailako musika gradua egitera. Bertan, musika eta antzerkiaren arteko lotura estua deskubritu zuen Morfeo Antzerki Konpainiaren eskutik. Orain, Anguianoko Ganbera Musika Jaialdiaren antolaketan murgildurik dago. Abuztuaren 19tik 25era Errioxako Anguiano herrian antolatuko den jaialdi honetan sortuko diren Ensemble berriek kontzertuak eskainiko dituzte aste batez.

Nola iritsi zara musika jaialdi bat antolatzera?
Hamberesetik Zaragozara egindako bidai batean nire musika irakasle ohiarekin elkartu eta azken boladan orkestrek garrantzia galtzen ari zirela konturatu ginen. Musika klasikoaren zabalpena laguntzeko formatua aldatzea beharrezkoa iruditu zitzaigun. Ametsa zirudien ideia hori, azkenean, egi bihurtu da. Lehen ideia flauta ikastaro bat antolatzea izan zen eta ondoren ganbera musika kurtso bat, baina azkenean Natalia Ensemblearen Akademia izango da.

“Ametsa zirudien ideia hori, azkenean egi bihurtu da”

Zertan datza Natalia Ensemblearen Akademia?
Natalia Ensemblea Europako Gustav Mahler Jugendorchester orkestatik aterako gazte batzuek Ensemble bat sortzeko erabakitik sortu zen, errepertorio sinfonikoa moldatu, Ensenblerako muntatu eta haien moldaketak jotzeko.

Zergatik erabaki duzue jaialdia Anguianon antolatzea?
Herri txiki baten bila genbiltzan, 30 pertsona inguru espero ditugulako eta gure asmoa talde giroa sustatzea delako. Anguianon lagun on bat daukadanez bertan egitea bururatu zitzaigun eta jendea oso jatorra izan da. Bertako Kultur Elkarteak asko lagundu gaitu eta klaseak zein kontzertuak emateko leku pilo bat utzi dizkigute. Beste herri batzuk aukeran geneuzkan arren, oso erraza izan da Anguiano hautatzea.

Argazkia: Mas Mastral

Zehazki zer egingo duzue jaialdiaren barnean?
Ganbera Musika jaialdiaren barnean Natalia Ensemblearen akademia egingo da. Akademian Ensemble batzuk sortuko dira eta Ensemble horiek Natalia Ensemblearen moldaketak joko dituzte. Klase horietan André Cebrián, Oleguer Beltran, Irene Alfageme eta ni neu izango gara irakasleak. Nik musikariei taldekide zein publikoarekin komunikatzeko adierazpena lantzen lagunduko diet.

“Anguianoko herritarrak oso pozik daude bertan kulturarekin loturiko jaialdi bat antolatzeko asmoa dugulako”

Nola moldatzen ari zara jaialdia antolatzeko oraindik Hamberesen masterreko ikasketekin zabiltzan bitartean?
Ez da erraza. Zenbait bidai egin behar izan ditut, Zaragoza, Anguiano eta Bartzelonara. Hortaz gain, Skype eta telefono bidezko dei asko egin ditut ere. Nahiz eta zaila izan, pixkanaka jaialdia aurrera ateratzen ari gara eta oso pozik nago.

Zelako harrera izan du jaialdiak orain arte?
Anguianoko herritarrak oso pozik daude bertan kulturarekin loturiko jaialdi bat antolatzeko asmoa dugulako. Bestalde, musikari eta gure inguruko jendeari ideia polita iruditzen zaie eta jendea gure festibalera etortzeko interesa erakusten ari da. Fagotak eta tronpak lortzeko arazoak izan ditzakegula uste dut, gutxi ezagutzen diren instrumentuak direlako, baina, horiek ere guregana hurbiltzea espero dugu.

Noiz arte dago jaialdian izena emateko aukera?
Maiatzaren 31 izango da jaialdian izena emateko azken eguna eta matrikula-epea ekainaren 7ra arte zabalik egongo da. Inskripzioak Anguianoko Ganbena Musika Jaialdiaren webgunearen bitartez egin daitezke musikarekin loturiko esperientzia berri honetaz gozatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude