Animalientzako irtenbideen bila

Abandonatutako animaliak jasotzea eta heziera lana egitea dira Txakurtoki elkartearen ildo nagusiak

Hiruzpalau astez irauten du, askotan, Gabonetan oparitzen diren animaliekiko interesak. Sasoi honetarako, dagoeneko, batek baino gehiagok txakurra edo katua alde batera utziko zituen. “Animalien babeslekuetan edo txakurtegietan utzi baldin badituzte, gaitz erdi”, adierazi du María Jesús Berasategik. Izan ere, askotan, kalean abandonatzen dituzte animaliak, besterik gabe. Txakurtoki elkarteko kidea da Berasategi. Urte erdi daramate animaliak jasotzeko eta haientzako familiak lortzeko lanean.

Lehenago ere eginkizun horretan arituak ziren elkarteko kideak, euren kabuz. Baina joan den udaran, lanari estaldura legala ematea erabaki zuten. Bi jarduera ildo ditu Txakurtokik. Alde batetik, abandonu egoeran dauden animaliak jasotzea. Bestetik, animalien inguruko heziera lantzea. Abenduan, adibidez, Meaka auzoko Olentzeroren etorreran parte hartu zuten, Gabonetan animaliak oparitzeko ohitura zabalduaren inguruan argibideak emateko. “Haurrek txakurrak, katuak, edo untxiak eskatzen dituzte, adibidez. Baina gero ez dira animaliaren zaintzaz arduratzen. Azkenean gurasoen esku geratzen dira, eta ez badaude horretarako prest, hobe animaliarik oparitzen ez badute”, azaldu du María José Camachok.

“Egokitzea ez bada ona, berreskuratu egiten dugu, eta beste etxe bat bilatzen diogu”
María José Camacho

Animaliak abandonatzeko arrazoi gehiago egon daitezke: jabeen gaixotasuna edo heriotza, bizilekuaren aldaketa etab. Edozein kasutan, Txakurtokik irtenbide bat eskaintzen du. Elkarteko kideek etxean hartzen dituzte animaliak, eta elikadura, albaitaritza zerbitzuak eta gainerako beharrak asetzen dituzte, familia bat aurkitzen dieten arte. Behin-behineko egoera horretarako, harrera etxeak behar dituztela azaldu, eta deialdia zabaldu dute. “Elkarteak ordainduko ditu harrera etxean animaliak eragiten dituen gastu guztiak”, argitu du Maria José Camachok. Gero, animalia adoptatuko duen familia aurkitzen dutenean, egokitze prozesuaren jarraipena egiten dutela azaldu du Camachok: “Egokitzaea ez bada ona, berreskuratu egiten dugu, eta beste etxe bat bilatzen diogu”.

Animalia helduak hartzeko prest egongo diren familiak behar ditu, bereziki, Txakurtoki elkarteak. “Txkurkumeak oso errazak dira kokatzen. Txikiak, politak eta erakargarriak dira. Gero hazi egiten dira, baina tira”, adierazi du Santi San Segundok: “Txakurtegiak, aldiz, txakur helduz beteta daude. Haiek zailtasun handia dute hartuko dituen norbait lortzeko”. Txakurtokiko kideek nabarmendu dute edonor ez dela txakurkume baten erritmoari eusteko gai, eta batzuetan, erosoagoa dela bospasei urteko animalia baten ardura hartzea. Nolanahi ere, edozein eskaintza eta ekarpen aztertu eta eskertuko dute Txakurtokin.

Kontzientziazioa eta mobilizazioa

Hainbat ekitalditan parte hartu izan du Txakurtokik, animalien gaiaren inguruan informazioa eman eta jendea kontzientziatzeko helburuarekin. Elkartearen oihartzuna zabaltzeko lan horretan, Mondragon Unibertsitatean Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasten ari den gazte talde baten laguntza jasotzen ari dira. Pertsonak Kooperazioan ikasgaiaren baitan, benetako elkarte batekin lankidetzan aritu beharra dute ikasleek. “Eskertzekoa da, bultzada eta dinamismo handia eman digute”, aitortu du María Jesús Berasategik. Animalien arloan lanean ari diren beste elkarteekin ere harremana izan du Txakurtokik azken aldian. Gertaera larri bati aurre egiteko batu dituzte indarrak: orratzez betetako haragi bolak agertu izan dira Irunen. Abenduaren 15ean, kontzentrazioa antolatu zuten animalien elkarteek Irungo Udaletxearen parean.

“Ikusten dugu udalak urratsak eman nahi dituela. Baina gomendatzen diogu elkarteon aholkularitza eskatzeko”
Santi San Segundo

Udal gobernuko kideekin bilera edukitzeko aukera ere izan dute, gertaerarekin lotuta. “Aurrerantzean, harreman horrek jarraipena izan dezan nahi genuke”, eskatu du Berasategik. Gaiaren inguruan duten ezagutza baliagarria izan daitekeela uste dute Txakurtokiko kideek. Izan ere, udalari egotzi izan dizkioten akats asko, ezjakintasunagatik egin dituela iradoki dute. Gorotz bilketa kanpaina jarri du Santi San Segundok, adibide moduan: “Isun baten mehatxuan oinarritua dago, eta uste dugu aukera hobeak daudela”. Udalak Gain Gainean parkean edo Osinbiribilen jarri dituen txakur parkeak, eskasak direla ere salatu du San Segundok. Ikuspuntu baikor batetik heldu dio auziari, hala ere: “Ikusten dugu udalak urratsak eman nahi dituela. Baina gomendatzen diogu elkarteon aholkularitza eskatzeko”. Kopuruei begiratuta, behintzat, ez da bigarren mailako kontua. Erroldatutako zakurrak bakarrik kontuan hartuta, 10.000 animalia daude Irunen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude