Euskararen Hilabetea ekimena aurrera eramaten du Irungo Udalak, urtero, haurren eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko asmoz. “Interesa areagotzeko eta jarrera hobetzeko martxan jarri genuen”, azaldu du Mónica Martinez Euskara arloko ordezkariak: “Udalaren erronka handienetako bat da ikasleek ikastetxeetan ikasi duten hizkuntza kalean gehiago hitz egin dezaten lortzea”. Otsailaren 28tik martxoaren 23ra egingo dute aurten Euskararen Hilabetea.
Adin ezberdinetako haur eta gazteentzako antzerki emanaldiak antolatu ditu Irungo Udalak, alde batetik. Haur Hezkuntzako haurrek Liliput antzerkia ikusiko dute, L’Horte Teatre taldearen eskutik. “Ipuin xume eta poetikoa da, antzerki eta musikaz betea. Haurrak ere izango dira protagonista”, azaldu du Arantza Zulet normalizazio teknikariak. Bost saio egingo dituzte, 250 haurrekin, horietako bakoitzean.
Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleek Moby Dick Melvilleren eleberri klasikoaren bertsioa ikusiko dute, Gorakadak Teatro taldeak prestatua. Bigarren Hezkuntzako 1.go eta 2. mailako ikasleentzat ZuTuberrak antzezlana prestatu du Eidabek. Arantza Zuletek eman ditu xehetasunak: “Euskararen inguruan hausnarketa bat egin dezaten nahi dute. Horretarako internet, youtube, rap-a, haiengandik oso gertu dauden baliabideak erabiliko dituzte”.
Helduenek, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek, Kukai Dantzaren Oskara Plazara dokumentala ikusiko dute, Kukaiko dantzarien dantzez lagundua. “Oskara ikuskizuna prestatzen zuten bitartean grabatu zuten dokumentala, ikusteko halako proiektu bat aurrera ateratzeko prozesua”, adierazi du Zuletek. DBHko azken mailetako ikasle horiek, Mintzodromo Gaztean parte hartuko dute, gainera, martxoaren 15ean eta 16an. 260 gazte inguru bilduko dira, guztira, Mendibil Merkataritza Guneko kafetegian.
Irunero bereziak eta Laburbira
Udalarekin elkarlanean, Irunero aldizkariak bi ale berezi argitaratuko ditu, haurren eta gazteen lanekin. Batak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 1.go eta 2.zikloko lanak jasoko ditu, eta besteak, berriz, Lehen Hezkuntzako 3.zikloko eta DBHko ikasleenak.
Aurtengo egitarauan berritasun bat ere badago. Laburbira euskarazko film laburren zirkuituko emanaldia egongo da martxoaren 15ean 19:30etan, Amaia Kultur Zentroan. Ekintza irekia izango da, doakoa. 8 film labur proiektatuko dituzte, 77 minutuko iraupenarekin, guztira. Itxaso Navarro zuzendaria egongo da, gainera, bere film laburraren ondoren solasaldia izateko ikusleekin.
“Euskaraldiarekin bat” leloa hautatu du udalak, azaroan Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan aurrera eramango duten ekimenari erreferentzia eginez. “Irunek ere parte hartuko du”, aurreratu du Arantza Zuletek. Lanean ari direla, eta aurrerago informazio gehiago emango dutela adierazi du Euskara arloko teknikariak.