Antzerki erromatarra Oiasso museoan

Antzerkigintzak berebiziko garrantzia zuen erromako kulturan. Antzerki obrak ospakizun eta jaiegun ugariren agendaren parte zirenez, autoritate publikoek antolatu eta ordaintzen zituzten, sarritan doako ogi banaketak ere egiten zirelarik ikusleen artean. Hasiera batean obra hauek zeremonia erlijiosoei loturik bazeuden ere, pixkanaka erlazio hori ahultzen joan zen eta K.a. I. mendetik aurrera ohikoa zen antzezlan antolatzea urteurren garrantzitsuetan, handikien hiletetan edo gertakari berezien testuinguruan, zirkuko eta anfiteatroko jokoekin batera.

Hasiera bateko eszenatokiak behin behineko egurrezko egitura xumeak ziren eta K.a. 55 arte itxoin behar dugu ezagutzen den lehendabiziko harrizko agertoki bat eraiki arte, Ponpeio Magnoren aginduz. Ikuskizun ofizialetarako ez zen argiztapen artifizialik erabiltzen, egunez ospatzen baitziren, eguerdiko otorduaren ondoren. Antzezlanak helburu horretarako izendatuak izan ziren magistratu batzuek ikuskatzen zituzten. Hauen lana produkzioaren ardura konpainiako zuzendari bati esleitzea zen, “dominus gregis” deitua, aktore ezagun bat izan ohi zen. Ordea, gaur ez bezala, aktore lanbidea ez zegoen ongi ikusirik, normalean gizarte talde umilenetan, esklaboen multzoan barne, zutelako jatorria.

Errepublika garaian antzerkigintzak zirkuak baino ospe eta jarraitzaile gehiago bazituen ere, hurrengo mendeetan alderantzizko joera nagusitu zen. Dena den, antzerkiarekiko zaletasuna indartsu mantendu zen horren lekuko direlarik eszenatoki berrien eraikuntzak eta aurretik eginikoen mantenu lanak. Erromatako antzerkigintzan, greziarrean bezalaxe, tragediak eta komediak lantzen ziren musikak lagundurik, baina ikuslegoaren antzezlan gogokoenak pantomimak –pantomimi– eta fartsak –mimi– osatzen zituzten. Azken bi genero horiek hasiera batean bigarren maila batean aurkitzen ziren, normalean ikuskizun bat amaitu eta hurrengoa hasi bitarteko pausaldietan edo jaialdiari bukaera emateko interpretatzen zirelako.

Erromatarren egunerokotasunean, antzerkiak pisu sozial handia zuen, antzezlanak ikuslegoaren ezaugarriei egokitzen zirelako garaiko gizartean kritikagarriak ziren arlo guztiak kritikatu eta salatuz. Kristautasunaren etorrera eta ofizialtzearekin antzerkigintzaren eta aktoreen kontrako jarrerak ugaritu ziren, baina antzerkia ez zen desagertu, alderantziz, garai berrietara egokituz aurrera egin zuen.

Ia 2.000 urteren ostean, garai hartako bizitzaren sormenaren alderdi garrantzitsu bat eskuratzea da museoaren helburua. Erromatarrek komedia maite zuten moduan, garai zail hauetan museoak ere jolas eta dibertsioari lekua egin nahi dio. Antzerkia beti izan da gizartearen ispilua, baita arazoak kanporatu eta katarsiaren bidez gure bizitzaren beste ikuspegi batzuk lantzeko modua ere. Alegia, pentsarazi eta geure buruaz barre egiteko tresna. Ondo pasa eta ondo pasarazi. Ikasi eta irakatsi. Harremanak eraiki eta gizarte aberatsago eta osasuntsuagoa eraiki, bizikidetzaren baloreak landuz.

Grezia eta Erromatik jaso dugu gure kultura. Bertako antzerkiak dira gure antzerkiaren oinarria, eta orduko antzerkiaren ohiturak, testuak, egiteko moduak dira gure antzerkia eraiki dutenak. Antzerkia kulturaren adierazpide bizia da. Horregatik Oiasso Museoak antzerki klasikoaren oinarriak eskuratuta, iraganeko bizitza hura gaur egunera ekarri nahi ditu.

Oiassortu egitasmoaren baitan haur, gazte eta helduak antzerki klasikoa ezagutzen eta egiten jarriko ditugu, gaur egungo begiradatik iraganera hurbiltzeko, duela 2.000 urteko kezkak, zalantzak eta gatazkak eguneratzeko modu bizian eta ondo pasatuz. Irakurketa dramatikoen tailerra ere abian jarriko dugu, testu klasikoak landu eta edertasunez irakurtzeko. Gure helburua tailer horien bidez antzerkiarekiko zaletasuna piztu, antzerki klasikoaren ezagutza bultzatu eta museoaren inguruan komunitate bizia eraikitzea da.

Dies Oiassonis ekitaldian gainera, Erromatarren garaiko emakume oiassotarren bakarrizketak antzeztuko dira, eta irakurketa dramatizatuak jarriko dira abian. Oiasso Museoa eta Dies Oiassonis etorkizuneko antzerki klasikoaren erakusleiho bilakatuz.

Antzerki tailerren eskaintza
Ildo horretatik, Oiasso museoak antzerki tailer ugari antolatu ditu, maiatzean zehar aurrera eramango direnak. Horien artean, Maider Galarzak haurrentzako antzerki tailerra gidatuko du 8 eta 13 urte arteko umeentzat. Haurren tailerra maiatzaren 5etik ekainaren 23ra egingo da. Tailerra asteazkenetan arratsaldeko 17:15etatik 18:30etara egiten da eta jolasak, esketxak, antzerki laburra eta koreografiak lantzen dituzte bertan.

Era berean, Maider Galarzak antzezle gazteentzat pentsatutako beste tailer bat zuzentzen du, 14 eta 20 urte artekoentzat. Gazteen tailerra maiatzaren 5ean hasi zen eta ekainaren 23an amaituko da. Tailerra asteazkenetan arratsaldeko 18:45etatik 20:00etara egiten da eta jolasak, inprobisazioak, antzerki testu laburrak eta klasiko baten moldaketak landuko dira.

Aizpea Goenagaren eskutik, berriz, Oiasso museoak helduentzako antzerki tailerra martxan du. Helduentzako ikastaroa 20 urtetik gorako pertsonentzat prestatuta dago eta maiatzaren 4tik aurrera ekainaren 22ra arte asteartero arratsaldeko 18:30etatik 20:00etara egingo da. Helduentzako antzerki tailerrean ariketak, inprobisazioak eta testu klasikoak jorratuko dira.

Era berean Oiasso museo erromatarrak irakurketa dramatiko tailerra martxan jarriko du, Ane Pérezen eskutik. Irakurketa dramatikoko tailerra maiatzaren 27an hasiko da eta uztailaren 9ra arteko ostegunetan egingo da, arratsaldeko 18:30etatik 20:00etara.

Oiasso museoak antolatutako tailerretako batzuk jada hasita badaude ere, antolatzaileek jakinarazi dutenez plaza libreak dituzten ikastaroetan izena emateko aukera dago oraindik. Antzerki ikastaroetarako izen-ematea info-oiassomuseo@irun.org posta elektronikora idatziz egin beharko da. Era berean, museoko arduradunek baieztatu dute eskariaren arabera etorkizunean ikastaro berriak antolatzeko asmoa dutela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude