Antzinako Egipto izango da FICAB jaialdiaren XIX. edizioko abiapuntua

Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren jaialdia azaroaren 18tik 23era egingo da Irunen. Antzinako Egipto protagonista da jaialdiaren XIX. edizioa iragartzen duen kartelean eta, aurreko urteetako irizpideekin jarraituz, arkeologia eta bere teknikak, ondare arkeologikoa eta horren kontserbazioarekin loturiko lanak erakutsiko dira jaialdiaren barnean.

Guztira, 53 zinta aurkeztu dira 2019 urteko FICAB jaialdira eta Oiasso Museoak zinemaldiko emanaldietan erakutsiko diren 24 lan aukeratu ditu. Jaialdian lehiatuko diren zinten artean Espainia zein Frantzian sortutako produkzioak nagusi diren arren, sail ofizialean, Libano, Venezuela eta Eslovakiako ikus-entzunezko proiektuekin lehiatuko dira. Juncal Eizaguirre Kultura ordezkariaren hitzetan, “historia, arkeologia eta zinemaren bitartez mundu osoan zehar bidaiatzeko aukera eskaintzen du jaialdiak hiritik mugitu gabe”.

“Historia, arkeologia eta zinemaren bitartez mundu osoan zehar bidaiatzeko aukera eskaintzen du jaialdiak hiritik mugitu gabe”

Juncal Eizaguirre, Kultura ordezkaria

Aurreko edizioetako funtzionamenduari eutsiz, 3 erakustaldietan banatuko dira FICAB jaialdiko lanak. Goizeko erakustaldia Hezkuntza sailean lehiatzen diren filmentzako tartea izango da eta eskualdeko ikastetxeetan egingo da film horien proiekzioa. Arratsaldeko erakustaldiak, berriz, 17:00 eta 19:00etan izango dira eta CBA Udal Liburutegia eta Amaia Kultur Zentroan izango dira emanaldi horien egoitzak. Hain zuzen ere, 19:00etako saioan erakutsi diren filmen bitartez Tuttankhamonen tunbaren inguruko azken aurkikuntzak, Nazcako lerroak, Namibian aurkitutako XV. mendeko ontzi-hondarra edo Etiopian topatutako megalito faliko misteriotsuak deskubritu ahalko dira.

Hortaz gain, FICAB zinemaldiko hiriburuko egoitza Donostiako Aquariumean kokatuko da beste urte batez eta itsasoa eta nabigazioarekin loturiko 3 film erakutsiko dira bertan. Gainera, Orona Fundazioa, jaialdiko kolaboratzaile eta zinemako egoitza izateaz gainera, ikuspegi pedagogiko onena erakusten duen filmarentzako diru-sariaren zenbateko handitu du aurten. Juncal Eizaguirre kultura ordezkaria FICAB 20. urteurrenetik geroz eta hurbilago dagoela gogoratu du: “mugak zeharkatzen dituen eskaintza kultural zabaleko jaialdia da”.

Karteleko irudia
FICAB jaialdiaren XIX. edizioa iragartzen duen kartelean Tuttankhamonen hil-mozorroa elementu nagusia da, hain zuzen ere, arte egiptiarraren arten 1925 urtean Howard Carter-ek egidako aurkikuntzaren ostean arte egipziarreko irudi garrantzitsuenetako bat dena. Jaialdiaren irekiera ekitaldia azaroaren 18an, astelehenean, 19:00etan egingo da Amaia Kultur Zentroan. Irudian Tuttankhamon Amaia Kultur Zentroko atze-ohialetik ateratzen dela ikusten da, antzokiaren besaulki patioa ikusteko. Diseinu honen bitartez azaroaren 18ko 19:00etan egingo de hasiera ekitaldiaren ostean emango diren lehen filmei erreferentzia egitea bilatzen da.

Kategoriak eta sariak
Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren XIX. edizioan 4 kategoria bereiziko dira jaialdiko sariak banatzerako orduna. Lehena, FICAB Zinemaldiko Sari Nagusia izango da eta zinta irabazleak 2.000 diru-saria jasoko du. Ikusleen Sari Berezi bezala hautatzen den lanak 1.000 eurotako diru-saria eramango du. Orona Fundazioak Hezkuntza saileko saria banatzea arduratuko da, horretarako, 750 eurotako diru-saria bideratuko duelarik. Azkenik, zabalpen zientifikorako Arkeolan saria banatuko da ere, nahiz eta sari ekonomikorik gabeko errekonozimendua izango dena.

Jaialdiko epamahaia ikus-entzunezko eta antropologiaren munduko adituak dira eta epaia sari-banaketa ekitaldian jakinaraziko du, zinemaldiari amaiera emateko antolatutako ekitaldian, hain zuzen ere, azaroaren 23ko arratsaldeko 18:30etatik aurrera Amaia Kultur Zentroan. Gainera, Oiasso Museoak aurreko urtean FICAB jaialdiko epaimahai izandako eta duela gutxi zendutako Juan Miguel Gutierrez omenduko duela aurreratu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude