Ara!Gorputzek hilerokoa eta autoezagutza bateratu ditu berriro ere Zikloan aplikazioari esker

Ara!Gorputz proiektua 2018an sortu zen gorputza erdigunean jarri eta hilerokoa bezalako prozesuen behaketa eginez emakumeen ongizatea bilatzen saiatzeko. Berriki, Iametzarekin batera, Zikloan web aplikazioa kaleratu dute, euskaraz hilerokoaren jarraipena egiteko aukera ematen duena. Enara I. Domingez elkarteko kideak azaldu du aplikazioa deskargatzeko urratsak Ara!Gorputzen webgunean topatu daitezkeela.

Nola sortu zen Ara!Gorputz proiektua?

Gu berez ofizialki 2018an hasi ginen ekimenarekin, baina nolabait Ione F. Zabaleta eta biok, proiektuaren bultzatzaileak garenak, lehenago gure hilerokoaren prozesuen behaketa propioak egiten hasiak ginen. Bildutako informazio guzti hori zabaldu nahi izan genuen, ikasitakoa gizarteratzeko beharra ikusi baikenuen. Behar horretatik abiatuz Ara!Gorputz ekimena sortu genuen. Hilerokoarekin hasita, autozaindutako ginekologiara iritsi ginen, emakume taldeetan elkartuz normalean hitz egiten ez diren gaien inguruko lanketa egiteko aukera ematen duelako. Hau da, modu organikoan sortu zen egitasmoa, guk izandako beharretatik abiatuta.

“Guretzat hilerokoa aitzakia bat da bakoitzak bere burua ezagutzeko eta barrura begira jartzeko”

Zikloan aplikazioa lankidetza baten emaitza da, beraz.

Zikloan aplikazioaren ideia Iametzarena da berez eta gurekin harremanetan jarri ziren aplikazioaren edukia lantzeko. Prozesu luzea izan da, guretzat oso garrantzitsua baita egiten dugun guztia argitaratu aurretik dena oso ondo landua egotea. Dagoeneko aplikazioa erabilgarri dago eta oso harrera ona izan duenez oso pozik gaude.

Berezitasun nagusia hilerokoaren jarraipena euskaraz egiteko aukera ematen duela da, ezta?

Bai, agian horregatik uste genuena baina harrera hobea izaten ari da. Aplikazioaren sorrera asko zabaldu da bai hedabideetan bai pertsonen artean, beraz, oso kontent gaude. Aplikazioa euskara hutsean dagoela azpimarratzen dugu eta datuen babesa ere oso zaindua dago, guk bakarrik izango dugulako horietarako sarbidea eta soilik ikerketa feministak egiteko erabiliko ditugu beste fase batean. Blog atalean ere urte hauetan guztietan lortutako jakintza biltzen saiatu gara, jendeak eskuragarri izan dezan.

Aplikazioak kontuan hartzen du emakume bakoitzak hilerokoa modu ezberdin batean bizitzen duela?

Bai, hori da. Azkenean, guretzat hilerokoa aitzakia bat da bakoitzak bere burua ezagutzeko eta barrura begira jartzeko. Gaur egungo gizarte kapitalistan non esplotazio etengabean bizi garen, ez dugu gelditzeko eta nola gauden aztertzeko unerik. Hilerokoaren zikloa erabiliz, hilerokoa ziklo baten parte bat da eta, eguneroko behaketak goxoago bizitzeko pistak ematen dizkigu, merezi dugun bezala.

Zikloan proiektuari bestelako faseak aurreikusten dizkiozue?

Orain zabalpen fasean gaude eta pixkanaka erabiltzaileen kopurua gora doa. Aurreikusia dugu inplementazio tekniko berriak egitea etorkizunean irizpide gehiago aztertu ahal izateko. Hemendik urte batzuetara bildutako datu guztiak jaso eta ikerketa bat egin nahiko genuke, oraindik ezkutuan dagoen eta gizarte mailan deserosoa den gai hau behatzen jarraitzeko. Hain zuzen ere, horren adierazle dira zientzia mailan gaiaren inguruan egin diren ikerketa urriak.

Ara!Gorputz proiektua hasi zenutenetik, gizartean hilerokoa bezalako tabuen lanketa asko aldatu da, ezta?

Gu zein beste zenbait feminista gaiaren inguruan egiten ari garen eta diren lana aitortzen saiatzen gara beti. Hala ere, gaur egun oraindik ere hilerokoa tabu bat da edo behintzat gai deserosoa izaten jarraitzen du. Horrek gaia jorratu nahi ez izatea eragiten du, nahiz eta gure ustez espazio guztietan landu beharrekoa den, hau da, enpresetan, proiektuetan, eskoletan, elkarteetan eta edonon. Eskoletan egiten ditugun saioetan ikusten dugu haurrek gaiaren inguruan gutxi jakin arren, lotsa, mina eta nazkarekin lotzen dutela. Oso sinbolikoa iruditzen zaigu oraindik horrela izaten jarraitzea, beraz, errealitatea aldatzeko lan egiten dugu lanketarako baliabideak emanez. Dena den, erantzukizun kolektiboa da, eta ondorioz, denon ardura izan behar du.

Esaterako, eskoletan hilerokoaren lanketa errazteko programa duzue, ezta?

Hori da, haurrez gain, saio parte-hartzaileak antolatzen ditugu beraien kezka eta zalantzei erantzuteko, asko dituzte eta. Programa horretarako sortutako baliabide guztiak gure webgunean eskuragarri daude, eskola guztietan erabili ahal izateko. Irakasleekin ere saioak egiten ditugu, guretzat funtsezkoa da haurrek ulertzea beren egunerokoan dituzten irakasleak bidelagunak direla eta horrelako egoeren aurrean nola jokatu behar duten argi eta garbi dutela. Beraz, ikastetxeetako bi eremu horiek ezin ditugu ahaztu.

Hortaz, esan daiteke Ara!Gorputz eguneroko beharrekin lotutako proiektua dela?

Egia da hilerokoaren behaketarekin hasten zarenean, faseak identifikatzen eta zure ongizatea aztertzen ikasten duzunean zure bizitza osoan eragina izango duela. Izan ere, guk gai hau ez dugu zerbait soltea bezala ulertzen, paradigma osoari eragiten baitio. Adibidez, nolako energia duzun, norekin erlazionatu nahi duzun eta zure eguneroko zereginak antolatzeko pistak emango dizkizu. Gure ustetan autozainketarako oso tresna garrantzitsua da behaketa hau. Gainera, ondorioak gorde beharrean, horiek ingurukoekin partekatzeak kezkak eta minak konpontzeko balio dezake.

Gizartean, ordea, ginekologia bezalako gaiak bakardadean bizitzeko joera zabaldua dagoela dirudi.

Hala da. Ni adibidez hilerokoa lantzen hasi nintzen nik neuk asko sufritzen nuelako hilerokoaren aurreko fasean. Sufrimendu hori bakardadetik bizi nuen eta beste batzuek fase berdinean nik bezain beste sufritzen zutela ikusteak asko lagundu zidan, zerbait ohikoa dela ikasi nuen. Beraz, gure sentsazioak partekatuz sufrimendua eta mina saihesteko aukera ederra dugu. Isolatu beharrean, gure gorputzen burujabetza hartu eta dakiguna partekatzeko gonbidapena egiten dugu.

“Isolatu beharrean, gure gorputzen burujabetza hartu eta dakiguna partekatzeko gonbidapena egiten dugu”

Ba al duzue esku artean gaiarekin loturiko beste egitasmorik?

Aurten Euskal Herri mailan hilerokoaren gaia lantzen ari diren eragileen mapeoa egiten ibili gara. Gaiarekin loturiko eskaera asko jasotzen ditugu eta gu ez gara denei erantzuteko gai. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zitzaigun gure antzera lanean dabiltzan eragileak identifikatuak izatea. Zerrenda argitara emateko asmoa dugu. Horrela, guztiok erronka antzekoak ditugula ikusteko beste modu bat ere bada. Gainera, beti esan ohi dugun moduan, irekiak gaude gizartean sortu daitezkeen beharrei erantzuten saiatzeko, beraz, proposamenak jasotzeko prest gaituzue.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude