Apirilean, kontratu berria lehiaketara atera eta esleitu ostean, TAO sistemaren eta Pio XII-ko aparkalekuaren kontratu berriak indarrean jarriko dira. Kontratu berriak egungoaren eskemari jarraitzen dio, baina iraupena laburragoa izango da, bi urtekoa, eta urtebetez luzatu ahal izango da kontratua, gehienez ere hiru urtez.
Urteko gehieneko aurrekontua 1.836.353 eurokoa da. Kontratuaren ildo nagusien artean araututako plazen lau tipologiak mantentzen dira. Kontratu berria abian jartzen denean, 5.544 plaza izango dira: 1.418 plaza urdin, 3.957 plaza berde eta 23 plaza gorri. Egoiliarren- tzako plaza zuriak 146 ere izan daitezke, eta 148 plaza izatera irits litezke.
Eremu berriak
Berrikuntza nagusiak TAO sisteman sartzen diren eremu berrietan daude: Belaskoenea eta Arbes-Palmera Montero. TAO eremu berri horietako auzo-elkarteekin partekatu dira erabaki horiek. Belaskoenea auzoaren kasua berezia da, orain arte sistemaren barruan baitzegoen (Pio XII.aren ondoko 4. eremua), baina ez osorik. 2020an okupazio handia zegoela zehazten zuen azterlan bat egin ondoren, kontratu berriak eremu berri bat osatzen du, 13. eremua, auzo osoa hartzen duena, Burniola eta Gobaragin kaleetaraino. Auzo Elkartearen eskaera bat da, arautu gabeko eremuko aparkaleku-defizitaren beharrei erantzuteko.
Hauek dira José Egino kaletik aurrera eremu berria osatuko duten kaleak: Aduana, Alberto Larzabal, Alondiga, Arkale, Armagile, Arturo Campion, Balezale, Larrugin, Gabarrari, Mosketero, Mariñel, Nekazari eta Burniola.
Arbes-Palmera Monteroren kasuan, 2017az geroztik egin ziren eta 2018. urtean auzora aurkeztu ziren azterlanen emaitzak hartu dira kontuan. Ondorioen artean, eremu horietako aparkalekuen okupazio handia ikusi zen. Gainera, azterketak ibilgailuen matrikulak detektatu zituen, eta, horri esker, aparkatutako ibilgailuaren jatorria zein zen jakin ahal izan zen. Astegunetan, gutxi gorabehera, aparkatutako autoen heren bat auzokoa zen, beste heren bat Irungoa eta beste heren bat hiritik kanpokoa. Azterketak beste alderdi garrantzitsu bat ere zehaztu zuen: ibilgailuen txandakatzea. Astegunetan, ibilgailuen %21 ez da mugitzen egun osoan; asteburuan, berriz, %30 baino gehiago mugitzen dira.
Eremu horretan sartzen diren kaleak hauek dira (betiere Nafarroa hiribidea abiapuntu hartuta): Alzukaitz, Antonio Valverde, Arbesko Errota, Uztapide Bertsolaria, Casto Cantero, Dunboa, Enkantia, Erlaitz, Ermita, Esteban Pérez de Yerobi, José Antonio Loidi Bizkarrondo, Juan Luis Seisdedos, Juan Thalamas Labandibar, Juan Vollmer, Meazuri, avda. Nafarroako hiribidea, Arbesko Errotaren atzeko aparkalekua, Ricardo Alberdi, Uranzu.
Mugikortasuneko ordezkariak gogorarazi duenez, TAOrekin batera, Udalak ere aintzat hartzen ditu hiriko eremu horretako aparkalekuarekin lotutako gaiak, eta, horretarako, azalaren gaineko plaza gehiago sortzen ditu, ahal denean. Borja Olazabal Mugikortasun ordezkariak Bienabe Artiako aparkalekua handitzeko obrak eta Belartzako aparkalekuaren proiektua erabili ditu adibide gisa.