Argazkilaritzaz hitz egitean irundarroi modu naturalean elkarte bat etortzen zaigu gogora. Irungo Argazki Elkartea biziki ekintzailea delako, aise egiten da lotura. 160 bazkidek partekatzen dute Izaga kaleko egoitza, eta askoz ere gehiago: argazkilaritzarekiko benetako grina.
Iaz Espainiako Argazkigintza Konfederazioaren sari nazionala eskuratu zuen.
Hirurogeita hamarrekoen hamarkadaren amaieran sortu zen eta lehenengo egoitza Junkaleko eskola zaharretan eduki zuten. Handik gutxira, Foruen karrikako sotora lekualdatu ziren. Duela bi urte Izaga kalean dute topalekua, hobekuntza nabarmenak ahalbidetu dizkiena. “Jarduera gehiago antolatzeko, baldintza egokiko argazki-estudioa apailatzeko eta bazkide kopurua handitzeko aukera eman digu”, azaldu du Gerardo Garcia presidenteak. “Gainera, lurrazpitik atera eta jendearen begi bistako egoitza izatea oso inportantea izan da, gure presen-tzia areagotu delako”.
Barruko jarduera
Bazkideek astelehenero hitzordua dute egoitzan. Gerardo Garciaren esanetan, “beti daukagu jarduera bat programaturik; esaterako, bazkide baten lanaren proiekzioa. Hortik solasaldia sortu ohi da. Oso giro polita dago. Egia esan, ohiko parte-hartzaileok talde honekin, zaletasunaz haratago, bizitza soziala ere partekatzen dugu”.
Elkarteak argazkiak egiteko irteerak antolatzen ditu. Urtean behin txango bat egiten da, argazkilaritza eta turismoa uztartzen dituena.
Halaber, talde txikitan adostutako hainbat txango burutzen dituzte.
Asteazkena “teknikaren eguna” dute kideek. Esperientziak partekatzeko tailerrak egiten dituzte. Artistek izan di-tzaketen errezeloetatik urrun, “bazkideek euren ezagupenen berri ematen dute arazorik gabe”.
Kanpora begirako jarduera
Urtero, Gabonak igaro ondoren, ikastaroa antolatzen du IAEk. Hauxe da harrobi nagusietako bat. “Ikastaroetan gure zaletasuna helarazten saiatzen gara. Ikasleek nabaritzen dute, eta amaitu ondoren batzuek gurekin jarraitu nahi dute”, dio presidenteak.
“Irun Hiria” IAEk antolatzen duen lehiaketa nagusia da. Sona handikoa da, horren lekuko, parte-hartzaile ugari izaten dituela; lanei dagokienez, 300dik gora. Aurtengoan argazkiak aurkezteko epea urriaren 21ean itxiko da. (Ikus Iruneroren 14. orrialdea).
Sanmartzialetako herrikoia ere klasiko bilakatu da, baita Baztan-Bidasoa Argazki Rallya ere. Azken hau Bidasoako Izokinaren Elkartearekin batera prestatzen da.
Bazkideen lanak egoitzan zein Laboral Kutxaren aretoan egiten diren erakusketetan ikusgai egon ohi dira.
Aipagarria da, era berean, eskualdeko lehiaketak antolatzeko eta, oro har, argazkilaritzarekin harremana duen zernahitarako laguntza eskaintzen duela.
160 bazkide ditu Elkarteak, horietako asko oso ekintzaileak, eta gainera onak; izan ere, Irungo Argazkilaritza Elkarteko kide zenbaitek nazioarteko sariak usu irabazten dituzte.
Berri pozgarria jaso zuten iaz, Espainiako Argazkilaritza Konfederazioak Argazkigintzako Sari Nazionala eman zienean.