Argoiak elkargunearen sinonimoa da Irunen

Argoiak elkarte kulturalak topaketarako gune bat eskaintzen du Irunen, elkartetik antolatzen diren jarduera guztien bidez. Elkarteko ateak parez pare zabalik daude tarte atsegin bat partekatu nahi duten guztientzat. Hain zuzen ere, bere ibilbide luzean eta emankorrean elkartean hainbat motatako ekintzak egin badira ere, gaur egun, bere jarduera ikastaroetan eta kultur jardueren eskaintzan oinarritzen da.

Esan beharra dago Argoiak elkarteari buruz orainaldian hitz egin badezakegu, gaur egun elkarteko zuzendaritza batzordeko kideek egiten duten lanari esker dela. Are gehiago esango dugu, hau da, ez dutela alferrik lan egiten, Argoiaken antolatzen diren jarduera gehienek arrakasta handia izaten baitute. Baina, zalantzarik gabe, hori ez litzateke posible izango aurretik zeregin berean aritu zirenek egindako ekarpenik eta lanik gabe.

Gaur egun, Argoiakeko zuzendaritza batzordea emakumeek osatzen dute. Hori ez da kasualitatea; izan ere, elkarteko kideek diotenez, erabiltzaile gehienak emakumeak dira. Begoña García, Lourdes Montes, Pili Molina, Txefa San Juan, Asun Calleja eta Gloria Arocena talde horretako kideak dira, besteak beste. “Guztiek dena” egiten duten arren, zuzendaritza batzordeko kideek onartu dute bakoitzak bere zeregin eta ardura propioak dituela, horrela ezer ez ahazteko. Elkarteko sukaldaritzako ikastaroetako batean ikasitakoarekin egindako teila gozo batzuen inguruan bildu eta kideek Argoiaken iraganaz, orainaldiaz eta etorkizunaz hausnartu dute.

Gizartearen bilakaeraren isla

Argoiak elkartearen ibilbidea 1982. urtean hasi zen. Asun Callejak azaldu duenez, “Argoiak Irunen sortu zen mota horretako lehen elkarteetako bat izan zen”. Garai hartan, elkartearen izena ezberdina zen, “Etxekoandreen eta Famili kontsumoaren Elkartea”. Hain zuzen ere, hastapenetan elkartearen helburuak beste batzuk izan ziren, hala nola, kontsumitzailea defendatzeaz gain, etxekoandreen interesen defentsa eta emakumearen kultur sustapena. “Hasierako urteetan alfabetizazio eta joste tailer asko egiten ziren”, adierazi du Asun Callejak. Pili Molinak erantsi duenez, “garai hartan asko ziren irakurtzen eta idazten ez zekiten etxekoandreak, eta horregatik aurrerapauso handia izan zen, ikastaro horiei esker etxetik irteteko aitzakia aurkitu baitzuten.

Azken 40 urteetan gizartea goitik behera aldatu da. 1985. urtean Emakumea Sustatzeko Kultur Elkartea izena hartu zuen elkarteak. Hamar urte geroago, 1995ean, elkartearen izena azkeneko aldiz aldatu eta Argoiak Kultur Elkartea izenarekin erregistratu zen. Izen aldaketarekin batera, elkartearen izaera ere aldatu zen. Hain zuzen ere, gizonei ere elkarteko bazkide egiteko aukera eman zitzaien, ikastaroetan parte hartzeko aukera izan zezaten. Begoña García elkarteko lehendakariak adierazi duenez, “gizonezkoak diren bazkideak ere baditugu baina gehienak emakumeak dira, aktiboenak baitira jarduera kulturaletan”.

“Gizonezkoak diren bazkideak ere baditugu, baina gehienak emakumeak dira, aktiboenak baitira jarduera kulturaletan”

Begoña Garcia, Argoiak elkarteko lehendakaria

Asun Callejak gehitu duenez, “egun antzeko elkarte gehienek berdintasunaren alde egiten dute lan”. Horregatik, Irungo Argoiak elkartearen funtzionamenduari dagokionez, Uxoak elkartea izan daiteke antzeko beste elkarte bat. Argoiak elkarteak antolaturik ekintza asko egin dira. Esaterako, elkarteak abesbatza bat izan zuen, irteerak antolatzen zituen eta Argoiak saria banatzen zen, baina ekintza horiek bertan behera geratu dira.

Asteazkenak egun seinalatuak

Aspalditik asteazkenak egun seinalatuak dira Argoiaken egutegian. Izan ere, kultur hitzordu irekiak egiteko aukeratutako eguna da. Pandemiaren eraginez asteazkenetako hitzorduak bertan behera geratu ziren eta ezin izan dira berreskuratu ikasturte honetara arte. Orain formatua aldatu egin da, eta asteazkenero errepikatu beharrean, bi astean behin antolatzen dira kultur hitzorduak.

Argoiak elkartean asteazkenetan egiten diren ekintzak askotarikoak dira. Arratsalde musikaletatik hasita, hitzaldiak edo sukaldaritza tailerrak egiten direlarik. Helburua, ordea, bat eta bakarra da: jendeari elkartzeko, lagun berriak egiteko eta ezagunak ikusteko aukera eskaintzea. Horretarako, hilero kultur plan bat argitaratzen dute, hileko jarduerak zeintzuk izango diren iragartzeko. Adibidez, maiatzari begira hiru jarduera antolatu dituzte. Lehena maiatzaren 3an egingo da, Lupe Fernadez Casadevantek hitzaldi bat emango du bere bidaiez hitz egiteko. Maiatzaren 17an aldiz, Uxoak elkartean antzerkia eta poesia errezitala egingo da. Maiatzeko azken asteazkenean sukaldaritza tailerra izango dute, nahiz eta kozinatuko diren platerak zehazteke dauden. Asteazkenetako topaketa guztien amaieran parte-hartzaileei kafetxo bat eskaintzen zaie, egonaldia luzatzeko eta giro atseginean solasean aritzeko.

Ikastaroen eskaintza zabala

Asteazkenetako saioez gain, Argoiak elkarteak ikastaro eskaintza zabala du. Ikastaroak ikasturtean zehar egiten dira eta, asteazkenetako saioetan ez bezala, ikastaroetan izena eman ahal izateko elkarteko bazkide izatea ezinbestekoa da. Asun Callejaren hitzetan, “Lokala mantendu eta aprobetxatu ahal izateko erabiltzaileei kuota sinboliko bat eskatzea ezinbestekoa zaigu, gastuak ordaintzeko”. Argoiak elkarteak egun 300 bazkide inguru ditu.

“Lokala mantendu eta aprobetxatu ahal izateko erabiltzaileei kuota sinboliko bat eskatzea ezinbestekoa zaigu, gastuak ordaintzeko”

Asun Calleja, Argoiak elkarteko kidea

Parte-hartzaileen adinak lotura estua du jarduera motarekin. Asteazkenetako jardueren kasuan, batez besteko adina zertxobait altuagoa da. Izan ere, kasu honetan askotan bakarrik bizi den eta asteazkenetako kultur hitzorduetara joaten den adineko jendea da. Ikastaroen kasuan, aldiz, batez besteko adina zertxobait baxuagoa da, batez ere kirol jardueren kasuan. Zentzu horretan, Argoiak ikastaroen eskaintza oso zabala da eta edonork aurki dezake bere intereseko jardueraren bat.

Gainera, ikasturtero ekintza berriak gehitzen dituzte eskaintzara. Programaziora batu diren azken ikastaroak “puntua eta kakorratza” eta “oin erreflexologia” dira. Bestetik, egun arrakasta handia duen beste ikastaroetako bat ukelelekoa da. “Ukelele ikastaroa pandemia aurretik hasi genuen; orduan 3 ikasle ginen eta jada hogei baino gehiago gara”, adierazi du Asun Calleja, taldeko kideetako batek.

Argoiak gaur egun arte mantendu bada, bazkideen inplikazioari esker izan da. Gaur egun elkartearen buruan daudenek lanean jarraitzeko gogoa dute, nahiz eta lana borondatez egin. Etorkizunari begira, nahiago dute etorkizun hurbilenean zentratu, askoz urrunago begiratu gabe. Denborak esango du kultur elkartearen etorkizuna zein bideetatik joango den.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude