Aro berri baten hasiera Real Union klubarentzat

Emery familiak Irungo kasinoan “Real Union Club” proiektua aurkeztu du, “Real Union historikoa sendotu eta indartzeko” asmoz. Igor Emery familiaren bozeramaileak proiektuaren ildo nagusiak azaldu ditu, Josu Reta Emerytarren konfiantzazko abokatua eta Jose Antonio Santano Urungo alkatea lagun zituela.

Aurkezpenean Igor Emeryk senide asko izan zituen lagun, tartean Unai anaia eta entrenatzailea. Aurkezpenaren hasieran Igor Emery familiaren bozeramaileak adierazi duenez, “gu, Emery familia, belaunaldi zoragarri hartako familien ordezkariak baino ez gara. Ohore handia da guretzat proiektu honen buru izatea”. Proiektu berri honetan familiak zergatik parte hartu duen azaltzean, bozeramaileak honako hau adierazi du: “Sentimenduz, bihotzez eta ilusioz egiten dugu, baina, batez ere, erantzukizun handiz”.

Emery familiaren gidaritzapean klubak biziko duen eraldaketa irudikatzeko 1924ko eta 1927ko Errege Kopak ekarri ditu gogora. Igor Emeryren hitzetan, “oraina eta etorkizuna bideratzeko, ezinbestekoa ikusten dugu iragana gogoratzea. Izan zirelako gara, garelako izango gara”. Horrela, Emeryk kluba jada eraldaketa prozesu batean murgilduta dagoela azaldu zuen. Familiaren bozeramaileak adierazi duenez, “Real Union Club” proiektuak lau ardatz nagusi izango ditu, eta xehetasun gehiago emango dituzte uztailaren 21ean Stadium Galen egingo den Ezohiko Batzar Nagusian.

Lau ardatz
Proiektuaren lehen ardatza “bi abiadurako lana” dela esan du Igor Emeryk. Kirol arloan, epe laburrean helburua lehen taldea gutxienez Lehen RFEFko kategorian mantentzea da. “Baina ez du lehentasun txikiagoa epe ertain-luzean prestakuntzan, oinarrizko futbolean eta arlo sozialean eta instituzionalean egin nahi dugun lanak”, adierazi du familiaren bozeramaileak. Ildo horretan, Emery familiaren “Real Union Club” proiektuak beheko kategorietan pentsatu behar du, filialetik hasita eta eskolaraino. Proiektuak seme-alaben hazkuntzan lagundu behar die gurasoei eta, behetik abiatuta, identitate bat eta oinarri bat eraiki behar ditu klubak etorkizunari euts diezaion.

Bigarren ardatza ilusioarekin loturik dago. “Kidetasun sentimendua sortu behar dugu, eta unionista lokartuak esnatu. Ikastetxeetan hasi eta igandero Galera etortzen diren zaleengan amaituko den lan bat egin nahi dugu”, adierazi du Igor Emeryk. Uztailaren 31n, agintariek horretarako aukerarik ematen badute, Stadium Galeko ateak zaleei ireki nahi dizkietela gaineratu du. Historian atzera eginez, Real Unioneko atezain izan zen aitonak, Antonio Emeryk, 1924ko Errege Kopa irabazi ostean, “El Bidasoa” aldizkarian argitaratutako hitzak berreskuratu ditu: “Ez naiz hunkitzen partida garrantzitsuak direnean, urduriago jartzen naiz publikoaren aurrean jokatzen dudanean. Hainbesteraino inplikatzen naiz borrokan eta hain pozik utzi nahi ditut irundarrak nire trebetasunez, ezen askotan gauzak ez zaizkit nahiko nukeen bezain ongi ateratzen”.

Emery familiaren bozeramaileak, era berean, erakundea irekitzeko beharraz hitz egin du planaren hirugarren ardatzean. Irungo eta eskualdeko beste klubekin harremanak sustatuz, ez bakarrik futbol elkarteekin, baita Bera, Lesaka eta Iparraldeko taldeekin ere. “Historian mugako klubtzat hartu izan da, kontzeptua eguneratu nahi dugu eta mugaz gaindiko klub bezala ezagutzea, Real Unionek Irundik harago begiratzen duelako. Klub hobea nahi dugu eskualde hobe baterako”.

Laugarren eta azken ardatza familia kontzeptuaren gainekoa da. Bozeramailearen hitzetan, “ez naiz hasieran aurkeztu ditudan nire familiako senideez ari, gaur hemen kluba ordezkatzen ari diren hauetaz baizik: langileak. Denok gara familia honetako kide, eta klubaren arrakastak guztionak izango dira”. Taldeak zelaian lortutako arrakastak kluba osatzen duten enplegatu guztiek haien lorpen propioak balira bezala sentitzea nahi dutela azaldu du Igor Emeryk.

Ezohiko Batzar Orokorra
Ekainaren 9an Real Unioneko Administrazio Kontseiluko Ricardo Garcia presidenteak eta gainontzeko kideek iragarri zuten uztailaren 21erako Ezohiko Batzar Orokorra deitu dela. Gai-zerrendako puntuen artean 1.200.000 euroko kapital-handitzea proposatuko da. Jose Manuel Amantegui lehendakariordeak adierazi duenez, “Injekzio ekonomikoa kluba indartzeko da. Amanteguik azaldu duenez, 1.200.000 euro horiek harpidetu egingo dira. “Nahiago nuke eskualdea berriro unionismoz bustiko balitz eta kapital-handitze horretan parte hartuko balu, baina guztizko zenbatekora iristen ez bada, Emery familiak gainerakoa jarriko du, eta horrek, guretzat, Administrazio Kontseilu gisa, balio izugarria du, erakundea agertoki guztietarako finkatzen duelako”, gaineratu du lehendakariordeak. Behin kapitala handitzeko prozesua azalduta, Ricardo Garciak kirol arloan eta erakunde mailan klubak azken 20 urteetan izandako bilakaera errepasatu du. Era berean, Administrazio Kontseiluko presidenteak gogorarazi nahi izan du hogei urte baino gehiagotan klubak ez duela inoiz Hirugarren Mailan jokatu, eta 2008/09 denboraldian Bigarren A Mailara igotzearen mugarriaz gain, kirol arloko arrakasta handiak lortu dituela.

Eskerrak emateko garain, Garciak, lehenik eta behin, “Irungo Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Kutxa Fundazioaren eta Realaren laguntza” azpimarratu du, “une txarretan egoteagatik”. Izan ere, haien laguntzarik gabe, Real Union ez litzateke orain dagoen tokian egongo. Gainera, duela urte batzuetatik hona klubaren babesle nagusia izan den Uvesco taldea eta hogei urte baino gehiagotan klubaren ondoan egon diren Decoexsa, Zuhaitzi, Servos, El Diario Vasco eta gainontzeko enpresak gogoratu ditu.

Administrazio Kontseiluko presidenteak, halaber, Real Unionetik igaro diren entrenatzaile eta jokalari guztiak oroitu ditu. “Beraiek, zalantzarik gabe, euren esfortzu eta sakrifizioarekin klubaren historia handitzen lagundu dute”, azaldu du Ricardo Garciak. Era berean, klubeko langileak gogoratu ditu, bere garaian hemendik pasa zirenak eta orain daudenak, “haien eguneroko lanari esker klubak funtzionatzen duelako”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude