Lizardi, Frantziatik Rimbaud ez baina Carrefour etorri duk hitaz galdezka. BABen eta Donibane Lohitzunen “ongi etorri” izkiriatu eta horrekin nahikoa euskaldundu omen denez, ezin Bidasoaz haraindi gehiago galdegin. Hire Gipuzkoan, berriz, letrero xumeagoak ere euskaratu ditik. Hartara, bara-tzean sartu zaik lapurretan. Jakin bazakiagu debalde emango hiokeela; baina hark lapurtzea nahiago. Eta hire baratze oparotik, hire barazki ezin goxoagoetatik zer hartuko eta ilarra bakarra hartu dik, ez besterik. Ilar bakarra ez, ilarra bakarra; alegia, fila única. Erre ke erre.
Bertatik bertara nahikoa sustoa hartu ez eta Jon Abrilek argazkia eta guzti erakusten digu txioka. Ai, apirileko lorea, urrea baino hobea; maiatzeko lorea, hutsa baino hobea. Gure amoña zenaren baratzeko esaera zaharrera joko al du frantses jatorriko saltzaileak, zuzenduko al du hutsa, berandu bada berandu?
Donostiako auzo baten izena duen hipermerkatura joatea badugu, ordea. Barazkiak ez ezik, gure baserrietako behi eta ardien mama goxo zuria ere erosi ahal izango dugu. Eta ez nolanahiko abantailaz, gainera. Laktosalergikoa zarela? Ez kezkatu batere, hango gaztak, jogurtak, gurinak eta abarrak ez baitira esnekiak, “esne itxurako” baizik. Euskaldun huts izatearen abantaila, zeren eta erdaldun hutsa bazara, artikulu hau ez irakurtzeaz gain (ez da galera handiegia, egia osoa esatera), orduan bai, orduan lácteos baitituzu. Eta, seguruenik, erdaraz ere dakien euskalduna bazara, zer, kalterik egingo al dizu hango laktosak? Hobe ez jakitea.
Gure baratzea txikia da eta bertako pikuak hiru hosto baizik ez; maite dugu, halere. Rosalia de Castrok galegoz kantatzen zien bere asaben baratze xumeari eta bertako pikuei: hortiña que quero tanto / figueiriñas que prantei (…) hortiña que tanto amei.
Oraingoan, aldiz, hobe dugu katalanarekin bukatu; izan ere, “li diuen la flor del pèsol, de tan bonica que n’és”: hain da neska ederra, ilar-lore deitzen dute. Sinesten ez badidazue, zoazte Eroskira:
guisantes/ilarrak/pèsols/chícharos.