Asegarria izan dadin

Haurdunaldian, erditzean eta ondorengo hezieran laguntzeko, Amaita elkartea sortu dute

Guraso izateko erabakiak zeharo aldatuko du bizitza. Ardura handiko erronka da haurra sortu eta hura heztekoa. Horregatik, komeni da prestatzea, eta ahal dela, profesionalen eskutik formazioa jasotzea. Hori errazte aldera, Amaita Elkartea sortu dute Irunen, arlo ezberdinen arteko lan bateratua eskaintzeko asmoz. Irene del Campo emaginak, Josune Goikoetxea gorputz hezitzaileak eta Aitziber Estonba soziologo eta sexologoak osatu dute lan taldea. Formazio saioak eskainiko dizkiete Irungo gurasoei.20160914_190936

Elkarlanak emaitza osoagoak eman ohi ditu, arlo gehienetan. Horixe frogatu nahi izan dute Amaita Elkartean, guraso izateko prozesuari begira. Orain arte, bakoitzak bere kabuz lan egin izan du, baina bat egin dute, formazioa aberasteko asmoz. “Ikuspegi globala behar dugu, bakoitzak bere ekarpena eginez. Denok jasoko ditugu elkarlan horren onurak: amak, bikoteak eta jaioko den haurrak”, aldarrikatu du Josune Goikoetxeak. Amaitan ez dira haurdunaldiko azken hilabeteetara edo erditzearen momentura mugatuko. Haurdunaldi osoa, eta ondorengo heziera ere kontuan hartuko dituztela adierazi du Aitziber Estonbak. “Oso epe berezia da gure bizitzetan, eta askotan, ez dugu behar bezala zaintzen”.

“Zergatik ez lagundu ibilbide osoan? Haurdun egotea plurala da”
Josune Goikoetxea, gorputz hezitzailea

Orokorrean, lehen haurra eduki behar dutenean, gurasoek informazio gabezia handia izaten dutela uste du Goikoetxeak: “Ez dakite zein baliabide dituzten eskura. Eta askotan, ez dituzte espazio erosoak topatzen, beldurrak edo zalantzak azaleratzeko”. Amaitan, astean saio batean parte hartzea proposatzen dute, taldeka. “Taldea oso errekurtso ona da. Taldean heztea, gure artean elkarri laguntzea, ideia polita da”, aipatu du Estonbak. Larunbat goizetan elkartzea planteatzen dute, haurdun dauden emakumeen bikoteek ere hurbiltzeko aukera izan dezaten. Haien parte hartzearen garrantzia azpimarratu du, hain zuzen ere, Josune Goikoetxeak: “Haurdunaren bikotekideek espazio mugatua izan ohi dute. Baina zergatik ez lagundu ibilbide osoan? Haurdun egotea plurala da”.

Bikote heterosexualak, homosexualak eta guraso bakarrak ere badaude gaur egun. Hala ere, Aitziber Estonbak ez du uste alde handirik dagoenik: “Bakoitzak ditu bere handicap-ak. Zein indargune duen eta zein ahulezia izan dezakeen aztertu beharko du, horiei aurre egiteko. Ama bakarrak babestuko duen norbait bilatuko du. Edonola ere, denok behar izaten dugu laguntza sare bat. Zentzu horretan, formazio taldea egokia izan daiteke”. Estonba bera, duela zortzi urte hasi zen talde batean, bere lehen haurra edukitzera zihoanean. Gaur egun, talde hartako kideekin elkartzen jarraitzen du.

Saioen nondik norakoak

Bi zatitan banatuko dituzte lan saioak. Lehenengoan, Irene del Campo emaginak, beharrezkoak diren informazioa eta datuak emango ditu. Galderei eta beldurrei erantzungo die, eta alde emozionala ere landuko du, Aitziber Estonba sexologoarekin elkarlanean. Hasieran, zalantza gehienak gorputzeko aldaketei eta erditzeari buruzkoak izaten direla onartu dute. Hor sartzen da Josune Goikoetxea gorputz hezitzailearen lana: “Mugimenduaren bidez, emakumeari gogora arazten diogu, bularra emateko, erditzeko eta haurra zaintzeko gai dela. Konfiantza edukitzeko, gorputzak dituen baliabideak ezagutzea ezinbestekoa da”.

Erditzeari dagokionez, bikotearengan uzten duen sentsazioa azpimarratu dute. Egindakoarekin pozik geratzea, erditze naturala, edo instrumentalizatua izan. Erditze traumatiko batek ondorioak utz ditzakeela azaldu du Estonbak: “Desira falta handia duten emakumeak ezagutu ditut, erditzean izan dituzten esperientzia negatiboengatik”. Erditzea traumatikoa izan ez dadin, aurreiritziak eta presioak baztertzearen garrantzia nabarmendu dute, frustrazioa besterik sortzen ez dutelako. “Ez dago gauzak ondo egiteko modu bakar bat”, baieztatu du Josune Goikoetxeak.

“Bi izatetik hiru izatera pasatzea da, eta zaila da hiruetako inor ez atzean gelditzea”
Aitziber Estonba, sexologoa

Erditzearen ondoren etorriko dena ere, ardura handiko lana da. “Familia izatera pasatzea ez da gauza txikia”, gogorarazi du Goikoetxeak. Familia ekosisteman egongo den aldaketan sakondu du Aitziber Estonbak: “Bi izatetik hiru izatera pasatzea da, eta zaila da hiruetako inor ez atzean gelditzea. Nekearekin, estres egoerekin, gertatzeko aukera handiak daude. Ideala da bikotekide bakoitzak bere harremana edukitzea haurrarekin, eta haien artekoa mantentzea. Badaude bikoteak hori modu inkontzientean egiten dutenak, baina lantxo bat egitea komeni da”. Halako gaiak lantzeko, erditzearen ondoren ere lan saioetara joaten jarraitzea komeni da.

Badaude gurasoak inolako informaziorik nahi ez dutenak, ez dutelako obsesionatu nahi. “Ulertzen dut, baina ez dut uste irtenbide egokia denik”, adierazi du Estonbak: “Azken finean, informazioarekin beti irabazten duzu. Kontua da informazio hori nola kudeatzen duzun”. Heziera kontziente baten alde egiten dute Amaitan. “Ezin da da imajinatu zenbat egoera, zailtasun, traba, potolo edo txiki, bizi daitezkeen. Profesionalekin, eta talde batekin babestuta baldin bazaude, askoz errazagoa izango da”, aldarrikatu dute. Interesa duenak 622 247 523 edo 656 721 492 telefono zenbakietara deitu edo amaitaepcc@gmail.com helbide elektronikora idatz dezake.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude