Asier Burguete, A&B Shows: “Guk gure ikuskizunak esperientzia gisa deskribatzen ditugu”

A&B Shows ikuskizunaren eta entretenimenduaren alorrean lan egiten duen enpresa irundarra da. Pandemiaren garaian hasitako proiektua izan arren, kulturaren munduan tarte bat irekitzea lortu du jada. Asier Burguete irundarra da proiektuaren bultzatzaileetako bat eta A&B Showsek eskainitako ikuskizunen berri eman du.

Zergatik erabaki zenuten A&B bezalako proiektu bat hastea?
Go!azenen lanean hasi nintzen eta, hor bukatu nuenean, PortAventurako ikuskizunetan lan egin nuen. Bertan lagunak egin nituen eta ikuskizunarekin eta animazioarekin zerikusia zuen zerbait sortzea bururatu zitzaigun. Horrela, Euskal Herrian hutsune bat zegoela ohartu ginen, ikuskizunak kontratatzerakoan askotan kanpoko enpresak kontratatu ohi dira eta. Ni irundarra naizela aprobetxatuz, Euskal Herrian mota horretako enpresa bat sortzea erabaki genuen. Beraz, animazio eta ikuskizunak eskaintzen dituen enpresa bat gara.

Nolakoak izan dira ibilbide berri honen hasierako hilabeteak?
Jende askok erotuta gaudela esan digu pandemia garaian kulturarekin zerikusia duen proiektu bat abiatzeagatik. Egia da, pandemia erdian enpresa bat sortzea zaila dela. Dena den, udaran ikuskizun dezente egin ditugu.

Covid-19ak kulturaren sektorea kaltetu duela atzeman duzue?
Bai. Egia da udalek edo elkarteek oraindik ekitaldiak antolatzeko orduan ziurgabetasunak dituztela. Nabari da orain ez dagoela lehen adinako kultur ekitaldirik.

Enpresaren egoitza Irunen egoteaz gainera, euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa hartu duzue?
Bai, hori da. Lehen egunetik ideia hori argi izan genuen. Euskal Herrian ikuskizun asko euskaraz egiten diren heinean, hizkuntzarekiko konpromiso hori hartu nahi izan genuen. Hala ere, ikuskizunak gaztelaniaz ere eskaintzen ditugu, hemendik kanpo gure zerbitzuak eskaintzeko aukera izateko.

Erraza da kulturan euskararen erabilera sustatzea?
Bai, udal gehienek euskarazko ikuskizunak eskatzen dizkigute, hizkuntzaren erabilera bultzatzeko. Nire ustez kulturan euskara erabiltzea oso garrantzitsua da. Eskolan ikasten den hizkuntza bat izatetik haratago, ikuskizunak egiteko ere oso egokia da. Hortaz, guk ere gure bultzada eman nahi diogu.

Zeintzuk osatzen duzue lantaldea?
Ni zuzendaria naiz. Horretaz gain, gurekin lankideak eta lagunak diren beste pertsona batzuk dauzkagu. Bata, adibidez, Galiziakoa da, besteak, Kataluniatik etorritakoak. Hala ere, gure jarduera hemen zentratu nahi dugu, inguru honetan lan egin nahi dugu.

Nolakoak izan dira laneko lehen hilabeteak?
Oso positiboak izan dira. Poz-pozik gaude gure lehen urtea izateko emanaldi dezente izan ditugulako, Covid-19arengatik baldintzatuta egon arren. Hondarribian estreinatu ginen ekainean eta dena oso ondo joan da.

Eskainitako emanaldietako bat kalejirak dira. Nola egokitu dituzue kalejirak pandemia garaira?
Udal askok oraindik ez dituzte horrelako emanaldiak kontratatu nahi, baina beste batzuk kalejirak kontratatzera ausartu dira. Kalejiren barnean emanaldi desberdinak eskaintzen ditugu. Ean, Bizkaian, Udafest izeneko kalejira egin genuen. Udafest ikuskizunean jendea animatzeko malabareak egiten ditugu, akuilu-makuiluetan ibiltzen gara musikarekin, eta abar. Kasu horretan, herri txiki bat zenez pertsonen arteko distantziak errespetatzea erraza izan zen.

Bestetik, Wonderland Experience ikuskizuna duzue. Zertan datza?
Guk gure ikuskizunak esperientzia gisa deskribatzen ditugu. Ez da soilik ikuskizuna ikustea. Wonderland Experience guk sortutako lehen ikuskizuna izan zen eta, horren barnean, ipuin kontalaria, zirku ikuskizuna eta kalejira dauzkagu. Beraz, kontratatzen gaituenak zer motatako ikuskizuna nahiago duen aukeratu dezake. Multzo horretako ikuskizun guztiak Wonderland eta Aliciaren munduan girotuta daude.

Txikidantz, berriz, musikarekin lotura estua duen emanaldia da?
Bai, Txikidantz nik 2017an sortu nuen proiektu bat da, Irungo auzoetan diskofestak antolatzeko. Aurten, pandemia dela eta, egoera egokitu eta diskofestetan publikoak eserita egon behar izan du. Txikidantzen hegazkin bidai bat proposatzen dugu, munduko herrialde desberdinetako musika ezagutzeko. Horri esker, aulki batean ere dantzatu daitekeela ikasi dugu, eskuak eta burua mugituz.

Horretaz gain, proposamenak jasotzeko prest zaudete?
Bai, ezkontza, jaunartze edo festa pribatuetan gure emanaldiak eskaintzeko prest gaude. Orain arte kontatutako ikuskizunak estreinatu ditugunak dira, baina bestelako emanaldiak ere prest dauzkagu. Adibidez, Arabiako Gauak izeneko ikuskizunak dauzkagu, Errege Magoen kabalgatarako edo kalejirak egiteko egokiak direnak. Orain Gabonetara egokitutako ikuskizunak prestatzen hasi gara.

Zein publiko motari zuzenduta daude zuen ikuskizunak?
Gehienak familia giroko ikuskizunak dira, haur eta gazteentzat pentsatuak daudenak. Pandemia bukatzen denean, diskoteketan animazioak edo gaueko ikuskizunak antolatu nahiko genituzke.

Zein izan da publikoaren erantzuna?
Erantzuna nahiko positiboa izan da. Jendea ikuskizun gehienetan eserita dago eta maskararekin aurpegi osoa ikusi ez arren, publikoaren algarak entzun ditugu eta pozik gaude horrekin. Publikoaren artean oraindik beldurra nabaritzen dugu emanaldietara datorrenean, askotan eremu itxietan egiten direlako. Pixkanaka beldur hori desagertuko dela uste dugu eta lasaiago etorriko direla.

Jarduera asko dauzkazue kontratatuta hurrengo hilabeteetarako?
Udazkena iristearekin batera, ikuskizunak esparru itxietan antolatzen hasiko dira. Lehen esan dudan bezala, gu Gabonetarako ikuskizunak antolatzen hasi gara jada. Urte amaierarako zer ikuskizun mota antolatu ahal izango diren ikusteko zain gaude. Aurretik Hallowen bezalako data aipagarriak ditugu, baina egun horietan ez dago mugimendu handirik. Beraz, datozen hilabeteetan zer gertatuko den ikusiko dugu.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude