José Antonio Santano Irungo alkateak jakinarazi du San Pedro eta San Martzialen 2022ko jaietako agur ofiziala Aspace Gipuzkoak egingo duela. Aspace Gipuzkoa familien elkarte bat da, eta haien misioa garun-paralisia eta antzeko gaixotasunak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea da, bai eta haien familiena ere. Horretarako, konpromiso etiko batetik abiatzen dira, eta laguntzak eta programak sustatzen dituzte, eskubide guztien jabe diren herritar gisa aktiboki parte har dezaten.
José Antonio Santanok azaldu duenez, «bi urteren ondoren, 2022an gure jaiak berreskuratuko ditugu, eta horiekin batera, gure agur ofiziala. Pentsatu dugu Aspace Gipuzkoak eta elkarte horretako kideek merezi dutela irundarroi hitz batzuk zuzentzea, jaien hasieran. Berrogeita hamargarren urteurrena ospatzen ari dira, eta une bikaina da bide hori ezagutzeko eta errealitate hori ezagutzera emateko».
Irungo alkateak esan duenez, sinetsita dago «Aspace osatzen duten pertsonek urteurren hori ospatzen lagunduko digutela, bai eta hain luzaz esperotako jai pozgarri eta inklusibo horiei hasiera ematen».
Alkateak erabakiaren berri eman die gainerako bozeramaileei, eta Esther Larrañaga Aspace Gipuzkoako zuzendariarekin ere hitz egin du. Jaietako agur ofiziala ekainaren 23an izango da eta 2022ko San Pedro eta San Martzial jaiei hasiera ofiziala emango die.
ASPACE, 50 urte
Aspaceren helburua garun-paralisia duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea da. Horretarako, eskubide guztien jabe diren herritar gisa aktiboki parte hartzeko laguntzak eta programak garatzen ditu. Errealitate horretan inplikatuta daude familiak, erabiltzaileak, profesionalak, boluntarioak, erakundeak, enpresa pribatuak, etab.
Gaur egun, Aspace Gipuzkoa osatzen dute lurralde osoan banatutako 472 pertsonak eta haien familiek, 340 profesionalek eta 125etik gora boluntariok.
Aspace Gipuzkoa 50. urteurrena ospatzen ari da 2022. urte honetan, 2021eko urritik 2022ko urrira bitartean. Bost hamarkada hauetan esfortzu eta ilusio handiz laguntza eman diote garun-paralisia duten pertsonei eta haien familiei. Eraldaketaz eta konpromisoz betetako 50 urte izan dira.
Hona hemen Aspacek gauzatzen dituen ekintza nagusiak:
- Familiei laguntzea: Familientzako informazioa, orientazioa eta laguntza. Aldi baterako egonaldiak etxebizitzetan eta eguneko laguntza-zerbitzuak.
- Arreta goiztiarra: 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzako arreta, ingurune naturaletan.
- Hezkuntza: Hezkuntza bereziko 19 ikasgela eta 6 ikasgela egonkor, 20 urte bitarteko ikasleentzat.
- Eguneko zentroa: 242 plaza eguneko jardueretarako 9 zentrotan, 20 urtetik gorakoentzat.
Etxebizitza: 117 plaza erabiltzaile helduentzat, 8 etxebizitzatan banatuta. 7 plaza haurrentzat, etxebizitza bakar batean. - Aisialdia, denbora librea eta kirola: boluntarioen laguntzarekin
- Bestelako zerbitzuak: toxina botulinikoa, hidroterapia, ortopedia…
- IRUNEN bi zentro dituzte, Irungo Udalak lagatako espazio eta lursailetan
URDANIBIA
Urdanibia plazan kokatzen da (ospitale zaharrean). Diagnostiko-zerbitzua eta eguneko jarduerena eskaintzen da. 300 m2 ditu, hainbat gelatan banatuta: sarrera, itxarongela, jarduera-gela, fisioterapia-gela, sukaldea, komunak, aldagelak, garbitegia eta patio-lorategia.
Eguneko zentroko 33 erabiltzaileekin eta tratamenduak hartzeko joaten diren adingabeekin lan egiten duten profesionalen taldearen kide dira zenbait mediku, gizarte-langilea, psikologoa, zentroko arduraduna, logopeda, zuzeneko arretako monitorea eta fisioterapeuta. Lantalde horrek modu koordinatuan jarduten du, erabiltzaileen eta haien familien beharrei erantzuteko. Garraio egokituko zerbitzua eta otordu- eta garbiketa-zerbitzua ere baditu.
ARRUPENEA
Arrupenea zentroa Alberto Larzabal kalean dago. Sarbide propioa du Alberto Larzabal kaletik, ibilgailuentzat zein oinezkoentzat. Bestela, Aduana kaleko garajetik ere sar daiteke. 2941,95 m2 ditu, hiru solairutan banatuta, eta zerbitzu hauek eskaintzen ditu:
Hezkuntza Zerbitzua Arrupenea zentroan dago. Ikasgela independente bat dago, eta espazioak eta jardueren hautaketa partekatzen ditu Helduen Eguneko Zerbitzuarekin.
Eguneko Jardueren Zentroak 570,4 m2 erabilgarri ditu, hainbat espaziotan banatuta: sarrera, jarduera okupazionalen aretoa, komun egokituak, atseden-gela, fisioterapia-gela, bulegoak, garbitegia, officea…
Etxebizitza Zerbitzua 3 solairutan banatuta dago. Bakoitzak 245 m2 inguru ditu, gela hauetan banatuta: sarrera, sukaldea, egongela, banako 5 logela eta logela bikoitz bat, komun egokituak eta bulegoa.
Bi sarbide ditu: bat igogailuen bidez, eta bestea pendiz txikiko arrapala baten bidez, mugitzeko arazoak dituzten pertsonentzat.
Arrupenea zentroko profesionalen taldeak erabiltzaile eta familia bakoitzaren beharrei erantzuna emateko lan egiten du, pertsona bakoitzean zentratutako arreta-plan bat garatuta.
Lantaldea osatzen dute zentroko arduradunak, medikuak, gizarte-langileak, irakasleak, fisioterapeutak eta zuzeneko arretako monitoreek. Bost ikasleen, eguneko zentroko 23 erabiltzaileen eta etxebizitzaren 21 erabiltzaileen zentroko beharrak betetzeaz gain, beste gai espezifikoago batzuk ere lantzen dituzte, zerbitzu bakoitzarekin batera. Kanpoko enpresekin kontratatuta dauzka otorduak emateko zerbitzua eta garbiketa.
Elkarteko esperientzia aitzindari gisa, 2 lagunentzako bizitza independenterako apartamentu bat ere badu (sukaldea, egongela.jangela, bi gela eta komun egokitua dauzka).
Urteurrenaren ekitaldien artean, 50 urte hauei buruzko erakusketa ibiltari bat antolatu da Palmera Monteron, apirilean. Irunen egon dira ikusgai lehen aldiz erakusketako 24 panelak. Modu didaktiko eta pedagogikoan erakusten eta aitortzen dute garun-paralisia duten pertsonen egoera bai eta haien inguru pertsonala, familia eta elkartea bera ere.
Aurki, Aspace Eguna ospatuko da, maiatzaren 15ean, Igandero batean.
Urteurreneko helburuen artean daude:
Gizarteari eskerrak ematea, 50 urte hauetan emandako laguntzagatik
Elkartea eta kide izatearen sentimendua indartzea
Aspacek Gipuzkoan duen lagunen sarea handitzea
Elkartea ezagutzera ematea eta garun-paralisia duten pertsonen eskubideak sustatzea.
Eta horretarako guztiz aproposa da 2022ko sanmartzialetako agur ofizialeko ardura haiei ematea.