Aste honetan hasiko dira Santa Elena kalearen eraldaketarako lanak

Europako funtsen esparruan Irunerako onartutako proiektuetako bat gauzatzen ari da: Santa Elena karrikaren berrurbanizazioa. Aste honetan bertan hasiko dira lehenengo lanak, eta, aurreikuspenen arabera, zazpi hilabetetan bukatuko dira lan guztiak.

Irungo Udalak 300.000 eurotik gorako laguntza ekonomikoa lortu du proiekturako, Arbesen eta Alde Zaharraren arteko lotune hori ingurunean hobeto integratzeko. Gainera, Urdanibia plazan lehentasuna oinezkoei emateko egindako berrikuntza lanei eta laster ildo beretik egingo diren beste batzuei jarraipena emango die proiektuak, hala nola San Juan plaza eta ingurua aldatzeko lan guztiei.

Santa Elena karrikan bertan konpondu beharreko arazoen artean, oinezkoen irisgarritasuna dago, espaloiak estuak baitira eta zolagaina hondatuta baitago. “Plataforma bakarra sortzeko asmoa dugu, antzeko lanak egin ditugun beste leku batzuetan bezala ingurunea atseginagoa izan dadin eta protagonistak oinezkoak izan daitezen eta, bide batez, zirkulazioa baretu dadin. Osotasunean esku hartuko dugu, eta, Txingudiko Zerbitzuen eskutik, hornikuntza sareak berritzeko aprobetxatuko dugu”, azaldu du Obretako ordezkari Cristina Labordak.

Lanak egiteko oinarrizko proposamenaren barruan, esan bezala, plataforma bakarra sortuko da, eta kaleko aparkamendua aldatuko da: gaur egun, baterian aparkatzen da, ezkerraldean, eta, behin jarduketa bukatuta, lerroan aparkatuko da, eskuinaldean, zamalanak egiteko eta mugikortasun urriko pertsonen ibilgailuak uzteko; horrela, espaloiak zabalduko dira, eta, horrela, era berean, oinezkoen mugikortasuna hobetuko da.

Lanen helburua bada kaleko azpiegiturak hobetzea ere, eta, alde horretatik, funtsezkoa iritzi zaio saneamendu hodiak eta edateko ura hornitzekoak berritzeari eta kale osoan LED teknologia darabilten argi berriak (Urdanibia plazakoen antzekoak) instalatzeari.

Proiektua egiteko, partaidetza prozesu ireki bat jarri zen abian, eta, haren barruan, 42 ekarpen bildu ziren. Aurrez jakinarazi zenez, herritarrek proiektua aberasteko egindako ekarpenek gai hauek landu zituzten nagusiki:

  • Ibilgailuen zirkulazioa baretzea bermatu beharra, abiadura muga 20 km/h-ra jaitsita eta zirkulazioa moteltzeko elementu egokiak jarrita
  • Motozikletak eta ziklomotorrak aparkatzeko leku baten beharra
  • Lore askak eta piboteak jarri beharra, ibilgailuak espaloietan ez aparkatzeko
  • Seinaleztapena zaindu eta oinezkoen lehentasuna nabarmendu beharra

Jarduketarako aurrekontua 475.642,53 euro da; enpresa esleipenduna, Urbycolan SL; eta lanak egiteko aurreikusten den epea, zazpi hilabete. Aipatzekoa da Udalak Europako funtsak eskuratzeko aurkeztu zuela proiektua emisio gutxiko eremuen sorrerarako eta hiri barruko garraioaren eraldaketa digital eta jasangarrirako deialdiaren barruan eta baiezkoa jaso zuela. Horrela, 301.451,65 euroko laguntza egokitu zaio.

Zirkulazioari buruzko oharra
Lanak hastekoak direla-eta, trafikoan ondorio batzuk izango dituztela iragarri du Udalak.

Zehazki, uztailaren 5etik aurrera, Santa Elena karrika itxita egongo da. Horren ondorioz, San Martzial edo Junkal karrikarantz edo Larreaundirantz doazen ibilgailuek Ermita edo Pelegrín de Uranzu karrikatik edo Alzukaitz, Uztapide Bertsolaria edo Arbesko Errota kaletik jo beharko dute, Urdanibia plazan sartu, eta, ondoren, San Martzial edo Junkal karrikaraino jarraitu, edo, bestela, Korrokoitz karrikatik Urdanibia plazara sartu eta Larreaundiraino jarraitu.

Urdanibia plazako autobus geralekua ere itxiko da, eta markesinarik hurbilena Larreaundiko biribilgunearen ondoan San José Langilea kalearen eta Euskal Herria hiribidearen artean dagoena izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude