Irungo Udaleko Euskara arloa udari begira jarri da jada Solas Jolas udaleku irekieran programa antolatzeko. Datorren astelehenetik hasita, martxoaren 11 bitartean egongo da zabalik Solas Jolas udalekuetako aurretiko izen-emate epea. Behin-behineko zerrendak, berriz martxoaren 18an plazaratuko dira.
Irungo Udalak, euskararen erabilera indartzeko helburuarekin antolatzen du Solas Jolas programa. Horrela, udan haurrek euskararekiko duten harremana hobetzea xede hartuta, eta ohi bezala, aurtengo edizioak bi txanda izango ditu: lehenengoa uztailaren 3tik 30era egingo da eta bigarrena, abuztuaren 2tik 30era.
Euskara ordezkariak azaldu duenez, Solas Jolas udalekuak aukera bikaina dira hiriko neska mutilek udako opor denboraldiaz gozatu dezaten, jarduera hezitzaileen bitartez: “Aurten ere, hiriko neska-mutilek ez dute aspertzeko tarterik izango uda garaian”. Nuria Alzagak azaldu duenez, Solas Jolas udaleku irekietan, hiriko haurrek aisialdi hezitzaile eta euskaldunaz gozatzeko aukera izango dute, eskulan-tailerrak, jokoak edota txangoen bitartez, besteak beste. Gainera, Euskara ordezkariak nabarmendu du, “Solas Jolas udalekuak aukera bikaina ahalbidetzen diela hiriko haurrei beren eskolakoak ez diren beste haur batzuk ezagutzeko eta euren hizkuntza ohituretan euskararen erabilera indartzeko”.
Izen ematea
Interesa duten familia guztiek datorren astelehenetik aurrera, hilak 26, egin ahal izango dute aurreinskripzioa. Irun Txartela edo ziurtagiri digitala erabiliz egin daiteke egoitza elektronikoan, edo nahiago izanez gero, Irungo puntu desberdinetan dauden udal autozerbitzuko terminaletan: SAC/HAZen -kasu honetan, izapidegileak lagunduta 8:00etatik 19:00etara-, Kateko eta Anakako Kutxabankeko kutxazain automatikoak dauden tokietan, Palmera Montero Gunean, Alhondiga Belaskoenea AAEEn eta San Migeleko Helduentzako eremu sozialean.
Aurreinskripzioa egiteko azken eguna martxoaren 11 izango da. Azken egun horretan, 14:00etan amaituko da eskaerak aurkezteko denbora tartea. Euskara ordezkariak gogora ekarri duenez, aurreinskripzioa epeen barruan egiten ez bada, ez da udalekuetan parte hartzeko aukerarik izango.
Interesdunek programan parte hartu nahi duen haurraren datuak eman beharko dituzte prozedura egin ahal izateko: izen-abizenak, helbidea, ikastetxea eta ikasketak egiten ari den zikloa. Harremanetarako guraso edo tutorearen telefonoa eta e-posta ere eman beharko dira.
Horrez gain, parte hartu nahi den txanda -uztaila, abuztua edo biak- ere zehaztuko da eskaera orrian, baita udalekuetarako aukeratutako ikastetxea ere. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, aurreizenemateko ikastetxe eskaintza behin-behinekoa da. Horrez gain, txanda eta ikastetxearen aukeraketa modu informatiboan egingo da, antolakuntzak udalekuak antolatzeko erreferentzia gehiago izan ditzan.
Zerrenden argitalpena
Aurreinskripzioak egin eta gero, martxoaren 18an plazaratuko dira onartu eta ez-onartuen behin behineko zerrendak, eta martxoaren 22ra bitartean egongo da zabalik erreklamazioak aurkezteko epea. Ondoren, behin betiko zerrendak martxoaren 27an argitaratuko dira, eta apirilaren 8an 12:00etan zozketatuko dira izen ematea egiteko hitzorduak; zozketaren emaitzak 15:00etatik aurrera ikusgai jarriko dira.
Hala, zozketan esleitutako hitzorduen hurrenkeran egingo dira inskripzioak, apirilaren 10etik 19ra bitartean. Zozketa horrek erabakiko du nork duen lehen hitzordua, eta ondorengo hurrenkera errespetatuz, ikastetxeetan eskainitako plazak aukeratzen joango dira interesdunak, plazak bete ahala aukerak murriztuz.
Ikastetxeen eskaintza
2024ko Solas Jolas programan ikastetxe hauek eskainiko dira Haur Hezkuntzan: Belaskoenea LHI (Marinel kalea), Dunboa LHI (Martxoak 8 kalea), Elatzeta LHI (Araba kalea), Lekaenea LHI (Donostia kalea), Toki Alai HH (Alzukaitz kalea), Txingudi (Jaizubia auzoa).
Lehen Hezkuntzan, berriz, ikastetxe hauek osatuko dute eskaintza: Belaskoenea LHI (Marinel kalea), Dunboa LHI (Martxoak 8 kalea), Elatzeta LHI (Araba kalea), Lekaenea LHI (Donostia kalea), Txingudi (Jaizubia auzoa).
Hala ere, gogorarazten Euskara arlotik gogorarazi dute aurre-izenematea behin-behinekoa dela eta hortaz, aldaketak egon daitezkeela aukeratutako ikastetxearen eta esleitzen den ikastetxearen artean.