Bidasoa Xake Klubak ate irekien jardunaldiak antolatuko ditu iraileko hilabetearen amaieran. Urrian ikasturte berriari hasiera emango diote eskolar zein helduen taldeek. Kirolean hasiberriak diren zein ezagutzetan sakondu nahi duten xake jokalarientzako formazio ikastaroak eskaintzen ditu klubak.
Kluba 2019ko ekainean martxan jarri zen Palmero Montero gunean. Aurten, berrikuntza gisa, Irungo Anzaran, Lope de Irigoyen kaleko 19. zenbakian, kokatutako lokal propioa estreinatuko dute. Carlos Pascual klubeko presidenteordeak azaldu duenez, “eskaintza presentzialaren aldeko apustua egitea erabaki dugu”. Klubaren jarduera zein izen-emateen inguruko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek, ate irekien jardunaldiez gainera, bidasoaxake@gmail.com helbide elektronikoan edo 635702745 telefono zenbakiaren bitartez klubarekin kontaktuan jarri daitezke.
Carlos Pascual, Bidasoa xakle klubeko lehendakariordeak azaldu duenez bigarren denboraldiari hasiera eman aurretik, irailaren 21etik 30era ate irekien jardunaldiak antolatuko ditu klubak Bidasoa Xake Klubaren lokalean. Ate ireki jardunaldiak astelehen eta asteazkenetan egingo dira arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara. Interesdunek ate irekien jardunaldietan klubaren instalakuntzak ezagutu, ikastoren eskaintza, ordutegiak eta egutegiak ezagutu edo izen-emateak formalizatzeko aukera egongo da. Carlos Pascual Bidasoa Xake klubeko lehendakariordearen hitzetan, “ate irekietako jardunaldietan zalantzak aurrez aurre argitzea lagungarria izan daitekeela uste dugu”.
Bidasoa eskualdeko haur zein helduentzako formazio ikastaroak eskaintzen dira klubean. Horrela, Bidasoa Xake Klubaren eskolak xakean hasteko aukera eskaintzen du. Eskola eskolar garaian dauden 6 urtetik gorako haurrentzat zein helduentzat zuzenduta dago. Xake ikasleak maila ezberdinetan banatuko dira, hastapenetatik lehia mailaraino. Eskolak egun 63 ikaslez osatuta dago, Irunen eskolar mailako 6 talde eta 2 heldu talderekin eta Hondarribian 2 eskolar talderekin.
Hastapenetik txapelketara
Bidasoa Xake Klubean maila guztietako ikastaroak eskaintzen dira, astelehenetik ostiralera, Irun zein Hondarribian. Xakean lehen urratsak ematen dituzten hori- entzat hastapen ikastaroak eskaintzen dira. Ikastaro hauek ordu eta erdiko iraupena izan ohi dute eta astelehenetan edo ostiralera egiten dira. Ikastaroetan haurrak 6/10 pertsonako taldeetan sakabanatzen dira. Honela, ikasleek xakearen arauak ikasiko dituzte, taktika eta estrategia ezberdinak nola erabili ikasteaz gainera. Hala nola, kirolaren bitartez memoria, analisia eta kontzentrazioa landuko dituzte. Bestalde, irabazi eta galtzen ikasiko dute, hau dena, irakasleen eta hauek planteatutako ariketen laguntzarekin. Metodologiari dagokionez, Carlos Pascualek azaldu duenez, hastapen mailako ikasleen kasuan “hezkuntza-irakaskuntzaren metodologian oinarritzen gara, izaera teknikoagoa duen xakea alde batera utziz”.
Oinarrizko ezagutzak bereganatu bezain laster, xake jokalariek maila altuagoetan jokatzeko aukera izango dute. Hortaz, joko maila altueneko jokalariek txapelketetan parte hartu ohi dute. I., II. eta III. mailako jokalarien ikastaroak astearte, asteazken eta ostegunetan egingo dira arratsaldeko 17:15etatik aurrera. “Kirolari bakoitzak erabakiko du zein mailara arte murgildu nahi duen xakearen munduan, kirol gisa praktikatu edo txapelketetan parte hartzeko”, gaineratu du klubeko lehendakariordeak.
Segurtasuna eta gogoa eskutik
Ikasturte berrirako izen-ematei dagokienez Carlos Pascualen iritziz, “jendea gure jarduerarekiko interesa erakusten ari da, egoera normala izango balitz bezala”. Presidenteordeak azaldu duenez, klubetik jendea arduraz jokatzen ari dela ikusi dute, baina, beldurrik izateko arrazoirik ez dago, segurtasun arau guztiak errespeta- tzen baitira. “Guztiok arauak errespetatuz gero, ez da arazorik egongo”, gaineratu du Carlos Pascualek.
Osasun sailak eskolaz kanpoko jarduerei dagokion araudi eta protokolo berriak argitaratuz doan heinean, Bidasoa Xake Kluba unean-uneko segurtasun neurri guztiak betetzeko egokitzen ari da. Klubaren egoitza berriak segurtasun neurri guztiak errespetatu ahal izatea ahalbidetzen die, pertsonen arteko distantziak errespetatzeaz gainera, bazter guztietan eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa eskura egongo den bitartean. Hortaz gain, maskara eskoletan uneoro erabiltzea beharrezkoa izango da.
“Asmoa ikasturtea aurrez aurreko formazioarekin hastea da, baina, egoeraren bilakaeraren arabera jarduera egokitzeko prest gaude”, azaldu du Carlos Pascual presidenteak. Konfinamenduan zehar Bidasoa Xake Klubak online bidezko formazioekin funtzionatu zuen, ikastaro zein txapelketak antolatuz. Klubeko zuzendaritzaren ustez aurrez aurreko formazioak kirolarientzat onura gehiago dauzkan arren, Bidasoa Xake Kluba momentuko egoerara egokitzeko baliabide guztiak prest dauzka.