Ateak ireki ditu Carlos Blanco Aguinagak

Amaitu da San Juan plazako zuloaren misterio luzea. Hilabeteak zeramatzaten beharginek lanean. Baina gauza handirik begiztatzeko aukerarik ez zuen ematen obaloko balkoiak. Orain, berriz, lanaren emaitza aurrez-aurre ikus daiteke. Urriaren 5ean jarri dute martxan Carlos Blanco Aguinaga (CBA) kultur gunea. Lehenago, ate irekietako jardunaldiak eta inaugurazio ofiziala egin dituzte. Ia 2,4 milioi euroko aurrekontua izan dute eraikitzeko lanek, eta hamalau hilabete eta erdiko epean egin dituzte.

SONY DSC

Irungo eskoletako 275 haur izan ziren lehenak kultur gune berria bisitatzen. Ostiral goizean ezagutu zuten Belaskoenea, Leka Enea, El Pilar, San Vicente de Paul, Txingudi Ikastola, Eguzkitza eta Elatzeta eskoletako ikasleek. Arratsaldean, beste ehunka irundar hurbildu ziren CBAra, ate irekietako jardunaldian. Larunbat eguerdian egin zuten inaugurazio ofiziala Udaleko ordezkariek. Gonbidatu bereziak ere izan ziren: kultur guneari izena eman dion Carlos Blanco Aguinagaren senideak. Idazle, iker-tzaile eta irakasle izan zen Blanco Aguinaga. Irunen jaio zen, 1926an, eta Santiago kalearen inguruan eman zuen haurtzaroa. Gerra zibilaren ondorioz ihes egin behar izan zuen gurasoekin, beste irundar askok bezala, 1936an. Erbestean, Mexikon garatu zuen bere ibilbide profesionala. Ameriketako Estatu Batuetan hil zen, 2013an. “Zirkulua itxi da. Irunera bueltatu da Carlos Blanco Aguinaga, berak nahiko zukeen moduan. Irakurtzeko eta hausnartzeko gune bihurtuta”, adierazi zuen Alda Blanco alabak, inaugurazioan.
Ikusminez ibili zen ekitaldira gonbidatutako jendea Carlos Blanco Aguinaga guneko geletan eta pasabideetan zehar. Harriduraz hartu zuten askok, ez baitzuten San Juan plazaren azpian halako espaziorik espero. “Plazaren erdian zulo handi bat izan dugu luzaroan. Askotan galdetzen zidaten, eta proiektua azaltzen saiatzen nintzen. Baina ikustea bezalakorik ez dago”, aipatu du José Antonio Santano Irungo alkateak. Zaila da, gaur egun, hirien erdi-erdian tamaina handiko azpiegiturak hartzeko moduko lursail hutsak aurkitzea. Leku hori asmatu behar izan dute Irunen. “Plaza bat genuen lehen hemen, eta lur tonak azpian”, gogoratu du Santanok. Lurra zulatuta, 2.500m²-ko eremua sortu dute, bertan, kultur gune handia eraikitzeko. Haurren, gazteen eta helduen liburutegiak, hemeroteka, ikasketarako gelak, eta bileretarako eta bestelako kultur jardueretarako aretoak ditu CBAk. Aukera asko ematen ditu azpiegitura berriak. Orain “erronka” handia dutela onartu du Santanok: “Edukiontzia edukiz bete behar dugu”.

SONY DSC
Liburutegi handia eta modernoa
Ikust Alaia eraikinekoa ordezkatuko duen liburutegia da CBA proiektuaren erdigune. Aurrekoa baino bi aldiz handiagoa da, 1.200m²-ko zabalera baitzuen Ikust-Alaiak. Erosoagoa ere bada, solairu bakarreko areto zabala baita. Gelak egin behar izan badituzte ere, banaketa oso argia dela adierazi du Iñaki Ceberio udal liburuzainak: “Sartu bezain pronto, eremu guztiak ikusten dira. Dena begien bistan dago”. Material gardena eta altzari baxuak erabili dituzte horretarako. Liburutegiaren tamainak baditu eragozpenak, materiala lekualdatzeko gainditu beharreko distantzia, esaterako. Dena den, arazo horri irtenbidea emateko baliabideak aurreikusi dituztela azaldu du Ceberiok: “Altzariek gurpilak dituzte, eta ez dago arazorik beharren arabera mugitzeko”. Liburutegien arloan erreferentzia diren nazioarteko erakundeen jarraibideak kontuan hartu dituzte, kultur gunea eraikitzerakoan eta antolatzerakoan. “Estandar guztiak betetzea ezinezkoa da”, aitortu du, hala ere, Ceberiok.
Orain arte, nahikoa lan izan dute materiala Ikust Alaia eraikinetik Carlos Blanco Aguinagara mugitzen. 80.000 liburu eta aldizkari baino gehiago jaitsi dituzte. Inauguraziorako, materiala eta altzariak modu batean kokatu eta antolatu dituzte. Hala ere, Iñaki Ceberiok adierazi du litekeena dela hurrengo asteetan aldaketak izatea: “Hemendik aurrera ikusiko dugu hartu ditugun erabakiak zuzenak diren, edo moldatu eta hobetu behar diren”. Liburuzainak onartu du hilabeteak beharko dituztela liburutegiaren funtzionamendu onena lortu aurretik. Urriaren 5az geroztik, martxan dira liburuen mailegua eta gainerako zerbitzu arruntak. Hasieran, “berritasunagatik” jende gehiago espero dutela azaldu du Ceberiok: “Ikusiko dugu oihar-tzunak zenbat irauten duen”. Ohiko zerbitzuez gainera, jarduera gehigarriak antolatuko dituzte. Eskaini ahal izango dutenari buruz hitz egiterakoan, Ceberiok nahiago izan du zuhurra izan eta hitzak neurtu: “Denboraren poderioz ikusiko dugu noraino irits gaitezkeen”. Kulturari bultzada emateko beste baliabide bat du orain Irunek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude