Munduko leku ezberdinetan lanean dabil hainbat gazte irundar
Lana dela edo ikasketak direla, mundu osoan zehar topa daitezke, gaur egun, gazte irundarrak. Hurrengo protagonistak elkarrengandik oso urrun daude. Baina jatorriaz gainera, atzerrian lan egiteko aukerak batzen ditu. Eusko Jaurlaritzaren Gazteak Atzerrian programaren bidez, Global Training bekak jaso dituzte, eta zenbait hilabetez lanean ari dira orain, munduko leku ezberdinetan. Lana dela edo ikasketak direla, mundu osoan zehar topa daitezke, gaur egun, gazte irundarrak. Hurrengo protagonistak elkarrengandik oso urrun daude. Baina jatorriaz gainera, atzerrian lan egiteko aukerak batzen ditu. Eusko Jaurlaritzaren Gazteak Atzerrian programaren bidez, Global Training bekak jaso dituzte, eta zenbait hilabetez lanean ari dira orain, munduko leku ezberdinetan.

Ikasketak amaituta lan munduan lehen urratsak ematea ez da samurra izaten. Esperientziarik gabe, lehen lanpostua topatzea zaila izaten da. Horiek horrela, Global Training bekaren moduko aukerek sarbide egokia eskaintzen dute. “Nire arloan, esperientziarik gabe lan duin bat topatzea nahiko zaila da”, aitortu du Haizea Olaizolak. Literatura ikasketak ditu, eta masterra Amsterdam-en (Holanda) egin ondoren, Global Training beka eskatu zuen. Erresuma Batuan dago gaur egun, Londresen. Hay Festival of Literature and the Arts festibala prestatzeko lanean dabil. Maiatzaren 24tik ekainaren 3ra izango da, Galesen. Hitzordua antolatzeko gogor lan egin ondoren, bertan egongo da Olaizola: “Festibalarekin bukatuko dut egonaldia, eta esperientziari amaiera polita emateko modua izango da”.
Denis Ugartek ere masterra amaitu berritan egin zuen Global Training beka jasotzeko eskaera. Zeharo ezberdina den sektore batean, ordea; telekomunikazioetako ingeniaria da. Cagliarin dago gaur egun, Sardiniako hiriburuan (Italia). Unibertsitateko laborategi batean dabil lanean, segurtasun informatikoaren arloan: “Oso gustura nago, lankideak oso jatorrak dira eta lan-giroa lasaia eta goxoa da. Gainera, inguruko enpresekin zenbait proiektu burutzen dituzte eta horrek enpresa munduarekin kontaktuan egotea ahalbidetu dit”. Lan arloko aukerez gainera, Mediterraneoaren erdiko irla batean egoteak baditu bestelako abantailak ere: “Leku politak ditu, kosta guztia hondartza eta kala ederrez betea dago. Bestetik, jendea oso jatorra eta lagunkoia da eta oraindik ez dago turistaz lepo, beste irla famatu batzuen antzera”.
Europatik kanpo ere bai
Dezente urrutiago dago Maddi Arzak biologoa, Argentinako Santa Rosa hirian, Pampa hezean. Landa eremu handiak ditu inguruak, eta abeltzaintza da bertako jarduera ekonomiko nagusia. “Hasieran arraroa egiten zitzaidan mendirik gabeko eremu guztiz lau batean bizitzea, baina poliki-poliki ohitu egin naiz, eta lautasun horrek ematen dituen ilunabarrek eta egunsentiek konpentsatzen dute”, azaldu du Arzakek. Bere ikasketekin loturarik ez zuen lan batean zebilen Euskal Herrian, eta orain, La Pampako unibertsitateko ikerketa talde batean dago. Hegazti zentsoak, harrapaketak eta eraztunketak egiten ibili da, eta momentu honetan, pumaren inguruko proiektu batean nabil, parke nazional batean duen populazioa estimatzen: “Lanean oso gustura nabil. Esperientzia honek bertako fauna eta flora ezagutzen laguntzeaz gain, ikerketako beste arlo batzuetan murgiltzeko aukera eman dit”.
Zeelanda Berrian dago Ander Moron kazetaria. Denbora darama lan munduan, boladaka, epe luzeko kontraturik gabe. “Ateak jotzen espezialistak gara, eta, halako gozokia ikusi nuenean, ezin aukera galdu”, azaldu du. Moronentzat, osagai erakargarri asko biltzen zituen Global Training bekak: “Zeelanda Berrira joateko ametsa bete ahal izatea, ingelesa lantzeko aukera, eta enpresak berak erakartzen ninduela”. Nelson hirian dago, hegoaldeko irlan. Herrialdea ezagutzeko abentura bidaiak antolatzen dituen enpresa batean dago. Bere zeregin nagusia, web gunerako eta sare sozialetarako edukiak sortzea da: testuak, bideoak, itzulpenak etab. Azaldu du Euskal Herriaren antzekoa dela ingurua: “Itsasoa iparraldean, mendiak hegoaldean, eta baso ugari, asko pinuz beteak, aspaldi egurretarako landatuak. Klima ere antzekoa da. Postaletan ikusten ditugun eta Eraztunen Jaunak hain ezagun egin zituen paraje ikusgarriak hegoalderago daude”.
“Londresen, eguneroko interakzioak hotzagoak dira”
Haizea Olaizola
“Zeelanda Berrian ez da hango estresik ikusten. Kezka eta urduritasuna saihesten dituzte”
Ander Moron
Ohitura eta bizimodu ezberdinak
Ander Moronek azpimarratu du Nelson inguruko bizimodua oso lasaia dela. “Ez da hango estresik ikusten. Kezka eta urduritasuna saihesten dituzte, pozik eta nahi dutena eginez bizi nahi dute”, argitu du. Mundu mailako aktualitateari, aldiz, ez diote gehiegi erreparatzen: “Klima aldaketaren aurkako kontzientzia sendoa dute, hori bai, baina gainontzeko dena, nahikoa urrun geratzen zaiela iruditzen zait, askotan”. Denis Ugartek sardiniarren hurbiltasunean jarri du arreta: “Oinarrizko edukazio-moduak mantentzen dituzte, eta oso atsegina da. Adibidez, denda edo taberna batean beti agurtzen dute, nahiz eta zu ez ezagutu, irten behar bazara pasatzen uzten zaituzte, ezagutu gabe zurekin hizketan hasten dira, etab.”.
Maddi Arzakek ere argentinarren jarrera irekiarekin harrituta gelditu dela baieztatu du: “Ezagutu eta berehala gonbidatzen zaituzte etxeetara. Ohitura handia dute jendea elkartu, eta haragia erre eta denen artean banatzeko”. Folklorearekiko lotura ere deigarria iruditu zaio: “Oso tipikoa da horrelako afari batera joan eta baten batek gitarra atera, bertako kantak kantatzen hastea eta batzuetan baita dantzan hastea ere bai”. Zeharo ezberdina da Haizea Olaizolaren ingurua. Londresen dago, munduko hiri handi eta kosmopolitenetako batean. “Beti mugimenduan dagoen hiri batean, denetarik egiteko aukera daukazu: museoak, erakusketak, bigarren eskuko azokak, zuzeneko musika eskaintzen duten tabernak… Gainera, mundu guztiko jendearekin kontaktua edukitzeko aukera duzu”, adierazi du Olaizolak. Alde negatiboak ere baditu, dena den. Batez ere, kaleetan arnas daitekeen giro indibidualista: “Kontraste dezente dago Mediterraneo aldeko erlazio interpertsonalekin; hemen, eguneroko interakzioak hotzagoak dira”.
“Zure burua esperientzia pilaz hornitzen duzu, eta egoera berriei aurre egiten ikasten duzu”
Denis Ugarte
“Atzerrira joateak perspektiba ematen dizu, beste errealitate batzuk ezagutzen dituzu”
Maddi Arzak
Nazioarteko esperientziaren onurak
Atzerrian halako esperientzia bat edukitzea oso aberasgarria dela baieztatu dute denek. Konfort-eremu famatua apurtzeren balioa nabarmendu du Denis Ugartek: “Zure burua esperientzia berri pilaz hornitzen duzu. Jende berri asko ezagutzen duzu eta egoera berriei aurre egiten ikasten duzu”. Globalizazioaren aroan bizi garela ziurtzat hartzen dute denek, eta beharbada, etorkizunean ere atzerrian lan egitea egokituko zaiela uste dute. “Egoera horretarako entrenamendu paregabea da”, aipatu du Ugartek. Kontratua luzatu du ingeniariak, eta maiatzean Global Training beka amaitzen zaionean, beste bederatzi hilabetez geldituko da Sardinian.
Ander Moronek onartu du gustura geldituko litzatekeela Zeelanda Berrian. Ez du bueltatzeko aukera baztertzen, baina oraingoz, etxera itzuliko da. “Lan pixka bat egin, eta gero gerokoak”, adierazi du. Maddi Arzakek Euskal Herrira itzultzeko intentzioa du, Argentinan ez baitago ikerketarako diru-iturri handirik. Bertan lortutako esperientzia baliatu nahi luke, hala ere: “Atzerrira joateak beti perspektiba ematen dizu, beste errealitate batzuk ezagutzen dituzu. Gainera, aukera honek beste batzuk zabaldu diezazkizukeela uste dut, atzerrian bertan edo itzultzean”. Haizea Olaizola ere Irunera bueltatuko da, horixe eskatzen baitio gorputzak, denbora asko baitarama atzerrian. Hala ere, ez du ezkutatu laster berriro maleta egiteko gogoa: “Etxetik lanpostu aukerei buruz hausnartu, eta gero ikusiko dut ea zein izango den hurrengo lekua”. Atzerrian ibili ohi direnak ez dira luzaroan etxean geratzekoak.