Auntxa Trikitixa Eskola prest dago ikasturte berriari aurre egiteko

Argazkia: Estudio Gover

Auntxa Trikitixa Eskolak Trikitixa eta panderoa ikasteko aukera eskaintzen du metodo ezberdinen bitartez. 2021-2022 ikasturterako izen emate epea zabalik dago. Iñaki Aranaga irakasleak Auntxa Trikitixa Eskolan nola lan egiten den azaldu digu.

Zer nolako ikastaroak eskaintzen dituzue?
Auntxan trikitixa eta panderoa jotzen ikasteko ikastaroak eskaintzen ditugu. Ikastaroek ordubeteko iraupena izan ohi dute. Trikitixaren kasuan, ordubetean bi ikaslerekin lan egin ohi dut, bakoitza bere gelan dago eta batetik bestera tartekatzen naiz. Pandero eskolak, berriz, taldean egin ohi ditugu, 3 edo 4 ikasle elkartuz. Eskolez gainera, emanaldiak dauzkagunean, talde osoaren entsegu bereziak antolatu ohi ditugu.

Gainera, metodologia desberdinak eskaintzen dituzue prestakuntzan laguntzeko?
Bai, guztira hiru metodologia ezberdinekin lan egiten dugu. Gehien erabiltzen duguna zenbakietan oinarritutako metodoa da, azken batean, metodo azkarrena baita. Bestetik, solfeoa jakinez gero, solfeo bidez instrumentuak jotzen ikasteko aukera dugu. Azkenik, aurrez aurre jotzen ikasteko aukera dugu. Errazena eta azkarrena zenbakiena denez, horrekin hasten gara.

Ezer jakin gabe, trikitixa edo panderoa jotzen ikastea erraza da?
Musikari buruzko ezagutzarik izan ez arren, zenbakien sistemaren bitartez oso erraz barneratzen da dena. Partiturak zenbakiz osaturik daude eta, horretaz gainera, ikasle bakoitzari ikasten ari den partituraren grabazioa bidaltzen diot audioan. Horrela, abestia entzuterakoan, ikasleak argiago ikusten du zer jotzen ari den eta errazagoa zaio abestia lantzea.

Zein adinetako jendeari zuzenduak daude ikastaroak?
Ikastaroetan sei urtetik gorako haurrek eman dezakete izena. Hala ere, haurrez gainera, pertsona helduekin lan egiten dugu. Hain zuzen ere, eskolako kideen artean 70 urteko pertsonak dauzkagu. Gure ikasle gehienak gazteak dira.

Non eskaintzen dituzue zuen klaseak?
Gure eskola Irungo Anaka auzoko Aldabe Mendia Kaleko 31. zenbakian kokatuta dago eta bertan ematen ditugu gure eskolak.

Pandemiarekin eskoletako ikasle kopurua murriztu duzue?
Eskola arrunten kasuan ez, azken batean, ikasle bakoitza bere gelan sartuta dago. Eskola bereziak prestatu behar ditugunean, aldiz, lehen baino talde txikiagoetan biltzen saiatzen gara, 2 edo 3 ikasle elkartu eta gure arteko distantziak errespetatuz.

Aurrez aurreko eskolez gainera, etxean praktikatzen jarraitzea beharrezkoa da?
Bai, izan ere, ordu bateko eskolak labur geratzen dira. Ordubete horretan etxean egin dugun lana zuzentzen dugu eta hurrengo asterako egitekoak bidaltzen zaizkie. Finean, eguneroko lana da garrantzitsuena. Astean behin bakarrik jota ezin daiteke gauza handirik egin.

Instrumentuak ikasle bakoitzak eskuratu behar ditu?
Ikaslea eskoletara etortzen hasten denean hasieran, normalean, ez du instrumentu propiorik izaten. Hortaz, lehenengo egun horietarako guk uzten diogu sionu-tresna. Ikasle batzuek instrumentua alokatu ohi dute. Beste batzuek, berriz, senide edo lagunek jada erabiltzen ez dituzten instrumentuak erabiltzen dituzte. Gainera, egun instrumentuak alokatzeko aukera gehiago daude, lehen erosketa zen aukera bakarra.

Zer egin behar da izena emateko?
Izena eman nahi dutenek 943 618 839 edo 615 790 510 telefono zenbakietara deitu edo info@auntxatrikieskola.com helbidera idatzi besterik ez dute egin behar. Bestetik, eskolaren webgunera sartuz gero, gurekin harremanetan jartzeko bide ezberdinak topatuko dituzte. Nahiago duenak ere bulegotik igarotzeko aukera du.

Zeintzuk dira urtean zehar izan ohi dituzuen emanaldiak?
Data berezi asko dauzkagu urtean zehar. Gabonen bueltan emanaldi mordoxka bat izan ohi dugu: Olentzeroren etorrera, San Tomas Eguna, etab. Bestetik, Inauterietan, Sagardo Egunean edo Euskal Jira Egunean emanaldiak eskaintzen ditugu. Gainera, ikasturte amaieran ikuskizun bereziak eskaintzen ditugu Irungo Kontserbatorioko auditoriumean eta Oiartzungo udaletxe azpian ikasleek prestatutako abestiekin. Ikasle bakoitzari nahi duen kanta prestatzeko aukera ematen diogu, gogokoen dituzten edo modan dauden abestiak aukeratu ditzaten.

Musikariak berriro kalean emanaldiak eskaintzeko gogoz daude?
Bai, izan ere, emanaldiak ikasleari helburu bat jartzeko balio du. Emanaldiak ikasleentzako motibazio bat dira, gehiago saiatzen dira helburu finko bat dutenean.

Zeintzuk dira aurtengo ikasturterako zuen buruari jarri dizkiozuen helburuak?
Pandemiak uzten badigu, Irunen erromeria bat antolatu nahiko genuke Irungo ikasle helduenekin. Asmoa udaberrian egitea da, baina, bestela, udazkenerako utzi beharko dugu. Horretaz gain, gure ohiko emanaldiak berreskuratu nahi ditugu.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude