Auntxak dantzan jarriko ditu Gabonak trikitixa eta pandero doinuaz

Auntxa Trikitixa Eskola 1989. urtean sortu zen eta egun ere Anaka auzoan du bere egoitza. Iñaki Aranagaren arrebak hasi zuen proiektua eta orain Iñakik bere ilobarekin batera ematen ditu trikitixa eta pandero eskolak. Iñaki Aranagak Gabonetan izango dituzten emanaldien berri eman du.

Gutxi gorabehera zenbat ikasle dituzue?

Egia esan, ez dakit zein den ikasleen kopuru zehatza, baina askotariko ikasleak ditugula esan dezaket. Gehienak jende gaztea dira, nahiz eta DBHtik Bartxilergora edo unibertsitatean hastean askok trikitixarekin jarraitzeko zailtasunak izaten dituzten denbora kontuarengatik. Dena den, egia da azken urteetan ikasle helduen kopuruak gora egin duela eta gero eta gehiago animatzen direla trikitixa jotzen ikastera.

Trikitixa eta panderoa jotzen ikasteko hainbat metodo erabiltzen dituzue, ezta?

Hori da. Metodo erabiliena zenbakiena da, oso ulerterraza delako. Hala ere, solfeo bidez edo garai batean bezala aurrez aurre jotzen ikasteko aukerak ere eskaintzen ditugu. Normalean jendeak zalantzak izaten ditu, instrumentua jotzen ikasi nahi duelako baina solfeo ezagutzarik ez duelako, baina guk horren beharrik ez dagoela azaltzen diogu.

Gabonetan emanaldi asko pilatzen zaizkizue?

Gabonen inguruan agenda nahiko betea izaten dugu beti. San Tomas Eguna egun garrantzitsuenetako bat izaten da guretzat, baina Olentzeroren etorreran, abenduaren 24an Txingudi Ikastolarekin eta Errege Magoen desfilean ateratzen gara. Ama Xantalen Adinekoen Egoitzara ere hurbildu ohi gara emanaldi txiki bat ematera. Horretaz gain, azkeneko momentuko konpromisoak sortzen dira beti, jendeak beti emanaldi asko eskatzen baititu.

Nola prestatzen dituzue emanaldi horiek?

Egun horietarako errepertorio berezia prestatzen dugu, eta batez ere egungo gazteak motibatzeko Huntza, Korrontzi eta Esne Beltzaren gisako taldeen kantak hartzen ditugu.  Entsegu bereziak prestatzen ditugu emanaldi horien prestaketarako.

Erraza al da gazteengan trikitixarekiko interesa mantentzea?

Bai, gehien bat gaur egun trikitixa talde eta musika estilo askotan uztartua dagoelako. Gazteek entzuten duten musikan hartzen dituzte erreferenteak eta gustuko dituzten kantak jotzen ikastea eskatzen dizute. Niretzat ere oso pozgarria da ikasleak abesti berriak jotzeko gogoarekin etortzea eta haiek ere abesti berrien bila ibiltzea.

Kalean Bai programara atxikitako elkarteetako bat zarete, ezta?

Bai, urte dezente daramatzagu bertan sartuak. Gure ikasleen ia % 99,9k euskaraz daki eta, beraz, eskola gehien-gehienak euskaraz ematen ditugu. Gure jarrera beti euskara egitea da, etxean hori ikasi dugulako, eta hizkuntzarekin zailtasunak dituztenei laguntzen saiatzen gara.

Zer proiektu dauzkazue 2024 urteari begira?

Orain arteko saio guztiak mantentzeaz gain, proiektu berriei ekin nahi diegu eta 2024. urtea horretarako aproposa izan daitekeelakoan gaude. Bilerak egiten hasiak gara eta laster Irunen lan horren emaitza ikustea espero dugu.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude