Aurki amaituko dira Emigrazio eraikina birgaitzeko proiektuaren lanak

Gaur goizean IRUNVIko Administrazio Kontseiluan aurkeztu ondoren, Irungo alkate José Antonio Santanok eta Hirigintzako ordezkari Miguel Ángel Páezek Emigrazioko eraikina birgaitzeko proiektua azaldu dute prentsaurrekoan. Oso jarduketa garrantzitsua da San Migel auzoarentzat, auzorako ekipamendu sozial bat, zentro zibiko bat eta gazteentzako alokairuko etxebizitza publikoa egingo baitira.

“Emigrazioko eraikin berria aurki egingo da, eta benetako iraultza izango da auzoarentzat; izan ere, beste proiektu batzuk ere gauzatuko dira alde horretan, hala nola Vía Irun, etorkizuneko geltokia eta San Migel-Anaka berritzea. Hasteko, proiektu honen bidez, eraikin enblematiko honetan erreferentzia bat izango dugu inguruko elkarte-sarearentzat eta hiri osoarentzat, egingo diren espazioek gozatzeko aukera handiak emango baitizkiete bizilagunei”, adierazi du alkateak.

Gogoratu behar da Emigrazioko eraikina 1963koa dela, Alejandro de la Sota arkitektoak egina, eta garai hartako arkitektura modernoaren adibiderik garrantzitsuenetako bat da Euskal Herrian, eta Irungo ondare arkitektoniko gisa katalogatuta dago. Kanpoaldea birgaitzeko obren ondoren, orain aurkeztu den proiektuak eraikin horren barrualdea erabiltzeko aukera asko eskainiko ditu.

IRUNVI Etxebizitza Sozietate Publikoak lizitatu eta koordinatu du proiektuaren idazketa, eta bera arduratuko da obra gauzatzeko egin behar den kudeaketaz. Obran, besteak beste, auzoari eraikin historiko honetan erabilera eta espazio berriak eskaintzeko lanak ere egingo dira. Nahiz eta orain aurkezten den proiektuak eraikin osoa hartzen duen, haren edukia hiru erabilera nagusitan bereizten da, eta bakoitzak bere sarrera izango du (auzorako ekipamendu soziala, gizarte etxea eta gazteentzako alokairuko etxebizitza publikoa). Palmera Monterorekin alderatuz gero (ia 1.000 m2 ditu aretoetan), herritarren erabilerarako espazioa bikoiztu egingo da.

Bestalde, Miguel Ángel Páezek zera esan du: “Irunen antzeko esperientziak oso arrakastatsuak izan dira. Erabilera sozialak dituen zentro zibiko bat Palmera Monteron ikusi dugu, eta oso ondo doa. Horri beste ekipamendu publiko batzuk gehitzen badizkiogu, hala nola liburutegia, hautxokoa edo auditoriuma, eta gazteentzako etxebizitza, eraldaketa izugarria izango da, eta San Miguel auzoa erreferentzia sozial eta kultural bat bihurtuko da datozen urteetarako.

Auzorako ekipamendu soziala

Basurko kaletik sartuko da ekipamendu sozialera, eta gela hauek edukiko ditu:

Adinekoentzako lokal bat: Espazio garbi bat aprobetxatu nahi da, sarreraren ondoan, eraikinaren patio irekirantz irekia, egoteko gune bat sortzeko Bartolomé de Urdinso kaletik patioaren hondo berde eguzkitsuraino. Bulego txiki bat, komunak eta biltegi bat ere edukiko ditu.

Haurtxokoa: Eraikinaren hego-mendebaldeko izkinan egongo da, sarreraren ondoan, eta beira bidez banatuko dira konpartimentuak, eta fatxadan leihoak edukiko ditu, haurrak kontrolatzeko moduan ikusteko. Gainera, komunak ere izango ditu, eta zentroko erabilera “lasaietatik” –liburutegia, esaterako– urrun egongo da.

Liburutegia: Eraikinaren hegoaldean egongo da, sarreraren ondoan, barne-patiora irekia. Espazio garbi bat da, patiora irekia, eta liburutegi-gune lasai bat sortzen da, kontzentratu eta ikasteko.

Auzo-elkartearen egoitza: Lehen solairuan egongo da, liburutegiaren gainean, eta sarrerako halletik zuzenean sartu ahal izango da, eta baita patioko terrazatik ere. Kanpo aldera, begiratoki moduko beirazko espazio bat edukiko du, patioa ikusteko aukera emango duena, eta Anaka kaletik izango du sarrera. Komun egokitu bat ere badauka, eta biltegi moduko espazio bat ere bai. Behe-solairuan, auzo-elkartearentzako bulego bat ere egingo da, bilerak-eta egin ditzaten.

Zentro zibikoa

Sarrera Javier Esteban Indart eta Basurko kaleen elkargunean egitea proposatzen da. Honela banatzen da aurreikusi den programa:

Beheko solairuan, lehen solairuarekin komunikatzeko gune bertikalaren inguruan, banagune bat egongo da, eta han, atseden hartzeko gune txiki bat. Handik sartuko da  60 m2 inguru izango dituen erabilera anitzeko gelara, eta gela zuzenean patiora irekita egongo da. Era berean, horrelako eraikin batek behar dituen zerbitzuguneak ere izango dira, hala nola komunak, biltegiak, garbiketa-gela etab.

Lehen solairuan, zentro zibikoaren sarrerako atondoa eta erakusketa-gunea egongo dira, eta handik, eraikineko gainerako espazioetara banatu ahal izango da. Espazio horretatik, erabilera anitzeko aretoetara sar daiteke (70 eta 110 m2 bitarteko 3 areto). Areto horiek zuhaitzez hornitutako lorategi patiora irekita egongo dira. Espazio altuagoak dira (2,86 m), eta argiak, egituraren arkupeetako pilareen arteko argiak handiagoak direlako. Horrela, toki handiagoa behar duten jarduerak egin ahal izango dira. Areto horiek gauzak jasotzeko toki bat ere edukiko dute.  Erakusketa- eta banatze-espazio horren hondoan egongo da igogailua eta eskailera dituen komunikazio bertikaleko gunea, zentro zibikoko lehen solairua beheko solairuarekin komunikatuko duena. Era berean, auditorium-areto bat ere izango da, kamerino eta guzti. Horrela, eraikinaren altuera bikoitzeko jatorrizko espazioa berreskuratzen da.

Alokairuko etxebizitza publikoa

Azkenik, bizitegi-zuzkidura nabarmentzen da, batez ere gazterian eta beharrak dituzten beste kolektibo batzuetan pentsatuta egingo da. Hain zuzen, datozen urteetan Irunen etxebizitza publikoaren alorrean egingo diren jarduketa garrantzitsuenetako bat izango da, dagoeneko eraikitzen ari diren Alarde eremuko garapenekin edo etorkizunean San Migel Anakan egingo direnekin batera, besteak beste.  Emigrazioko eraikin horretarako, alokairuko 31 etxebizitza planteatzen dira, gazteentzat eta beharrak dituzten beste kolektibo batzuentzat.

Basurko kaletik sartzen den barne-patioko terrazatik planteatzen da etxebizitzetarako sarrera nagusia. Eta beste sarrera sekundario bat, Bartolomé de Urdinso kaletik, beheko solairuan, bizikletentzako aparkalekua egongo den gunean. Espazio hori atondoaren aitzinaldea izango da, eta han egongo da komunikazio bertikaleko gunea, eta hor, igogailua eta eskailera, solairu guztiak komunikatzeko.

Lehen solairuan barne-galeria bat jarriko da, lorategi-patioaren kanpoko terrazara irteera izango duena. Galeria horrek iparreko eta hegoko bi eskailera- eta igogailu-gune bertikalak komunikatuko ditu, horietako bakoitzera sartu ahal izateko moduan. Bizitegien zilbor-gunea izango da. Goiko 2., 3. eta 4. solairuetan, bizitokien eskema bera errepikatzen da, gehienbat logela bakarrekoak izango dira, eta  forma luzanga izango dute erdiko korridorearen inguruan, bai ipar hegalean, bai hego hegalean. Mendebaldeko hegalean, arropa zabaltzeko lokal komunak egongo dira. Instalazioetako makinetarako tokiak ere mendebaldeko hegal horretan egongo dira, eta eraikin osorako izango dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude