Martxan da 2022ko Aurrekontu Parte-hartzaileen prozesua. Ekimenak udalak herritarren parte-hartzearekin duen konpromisoa erakusten du. Aurrekontu irekien zazpigarren edizioa izango da eta, hiria hobetzeko asmoz, prozesuak herritarren iradokizunak, proposamenak eta ideiak jasoko ditu. Guztira, 1,5 milioi euro jarriko dira herritarren eskura.
Iazko prozesuan pandemiak eragin nabarmen izan bazuen ere, 2021ean ekimena berreskuratu nahi izan da pandemiaren bilakaerara egokituta. Informazioaren Gizarteko eta Herritarren Parte-hartzeko arloak aurreko edizioen ildoan doan prozesu bat itxuratu du, baina ekimena kalean indar handiagoz izango da. Lehenik eta behin 20 proposamen finalista aukeratuko dira, ondoren herri-bozketa egiteko. Bozketa urriaren 13tik 19ra egingo da, eta lau bide izango dira horretarako: saio presentzialak, udalaren webgunean online jasota, kalean jartzen diren karpetan jasota eta beste proposamen bat, Irungo Auzo Elkarteen Federazioak aurkeztutakoa, hiriko auzo-elkarte guztiekin adostua.
Bi saio presentzial Palmera Monteron
Finaleko fasean sartu aurretik, irailaren 20an eta 27an saio presentzialak egin ziren Palmera Monteron. Bi saio horietan 6 proposamen hautatu dira zuzenean azken bozketara pasatzeko, 3 bilera bakoitzeko. Bestetik, irailaren 21 eta 23an irekita egon zen online bidez ekarpenak jasotzeko prozesua. Proposamenek baldintza hauek bete beharko dituzte onartuak izateko: urtebetean egin ahal izatea (2022), gaia Irungo Udalaren eskumenekoa izatea, teknikoki bideragarriak izatea, ezarritako aurrekontuaren barruan sartzea eta interes orokorrekoa izatea, ez pribatua.
Lehen urratsak eginda, urriaren 1etik 4ra aurrebozketa bat izango da eta 8 proposamen bozkatuenak finalera pasatuko dira. Aurrebozketa modu irekian egin ahal izango da, identifikazio elektronikorik gabe. Finalisten zerrendan, kalean jaso diren beste 5 proposamen ere gehituko dira.
Gazteen prozesua
Udalaren webgunea urriaren 13tik 19ra ere irekita egongo da, gazteen prozesuko ideiak jasotzeko. 16 urtetik 30era bitartekoentzako prozesua da. 20 proposamen joango dira finalera: 12, online jasotzen diren proposamenen arteko aurrebozketaren ondoren; 4, karpetan eta ikastetxeetan jasotakoetatik; 2, udaleko Gazteria Zerbitzuan jasotakoetatik, eta gainerakoak, Eskolako Agenda 2030etik. Udalaren webgunean kontsulta daiteke prozesu hau guztia, eta Irungo etxe guztietara ere iritsiko da, informazioa atarietan jarrita irailaren 13tik 17ra bitartean.