Aurrera doa Badoa Behe Bidasoko banaketa kooperatiba berria

Argazkia: Gari Garaialde

Behe Bidasoko banaketa kooperatiba berria aurkeztu da Badoa izenaren azpian. Eskualde osoan euskara, gaztelania eta frantsesez zerbitzua eskaintzeko asmoarekin jaio da, ekonomia sozial eta eraldatzailearen ikuspegitik. June Arruti Badoa kooperatibaren funtzionamendua nolakoa izango den azaldu du.

Zergatik erabaki zenuten eskualdean banaketa kooperatiba berri bat sortzea?
Badoa BDS Koop-eko Eraldaketa Fabrikaren lehen proiektua da eta banaketa zerbitzuak beste modu batean egiteko nahitik sortzen da. Bestalde, Gasteizen bada Eraman izeneko enpresa bat, bizikletarekin banaketa zerbitzuak egiten dituena eta hemengo pertsona batekin harremanetan jarri ostean, Badoa sortu zen.

Lanean hasi aurretik, eskualdeko beharrak aztertu dituzue, ezta?
Bai, horixe izan da BDS Koop-eko Eraldaketa Fabrikaren bitartez egindako aurretiazko lana. Ikerketa horren bitartez eskualdeko beharrak zeintzuk ziren identifikatu genituen, ondoren, aukerak zeintzuk ziren aztertzeko.

Badoak natura zein pertsonentzat banaketa sistema jasangarria eskaini nahi du?
Bai, hori da. Ez da banaketa bizikletaz egiten duen lehen kooperatiba. Izan ere, mota honetako kooperatibak enpresa kapitalista handiak gazteen egoera larriaz aprobetxatzen zirela ikusita sortu ziren, banatzaileei lan baldintza duinak eskaintzeko asmoz. Ezagunena, Bartzelonako Mensakas izan daiteke, baina gehiago daude. Horixe da gure helburua, enpresa kapitalista handiak eskualdera iritsi aurretik bestelako banaketa zerbitzua eskaini nahi dugu. Banaketa bizikleta bidez egiten denez zerbitzu ekologikoa da. “Cargo bike” izena duten bizikleta mekanizatuak lortzeko asmoa dugu, baina momentuz bizikletak zahar-berritzen ari gara eta, enpresa handiek ez bezala, langileen lan baldintza duinak ziurtatzen ditugu, guretzat oinarrizkoa baita.

Enpresaren balioei garrantzi handia ematen zaie Badoan?
Bertakoa izatea garrantzitsua iruditzen zaigu, zerga zein irabaziak bertan gelditzen direlako, kanpora joan gabe. Eraginkorrak izateko bizikletak zama handiak eraman ahal izateko egokitzen ditugu. Gainera, “CoopCycle” aplikazioa erabiliz logistika lana antolatzea errazagoa izango dela uste dugu, lanari duintasuna emateaz gainera. Honela, banatzaileek ez dutelako denbora gehiena itxaroten pasako.

Beraz, ez da kasualitatea banaketak bizikletaz egiteko erabakia?
Alde batetik, lantaldeko 4 pertsonek bizikleta asko maite dugula uste dut, garraiobide moduan erabiltzeko ohitura dugu eta. Herri eta hiri artean mugitzeko bizikleta azkarragoa dela uste dugu, ia edozer gauza garraiatu daitekeelako bizikletaz. Hortaz, autoen ordez, kaleak bizikletez beterik ikustea politagoa litzatekeela uste dugu.

Zerbitzua eskualde osoan eskainiko duzue, hau da, mugaren bi aldeetara?
Zerbitzua Irun, Hondarribi eta Hendaian eskaini nahi dugu, eskualdean elkarbizitza asko dagoela ikusita.

Proiektua hiriko merkatari edo ostalarien artean aurkezten hasi zarete?
Jendeak gure proiektuan interesa duela dirudi, gure filosofia partekatzen duelako. Ostalarien artean zabaltzen hasi gara, sektore hori delako gure ustez banaketa zerbitzuekin lotura estuena duena eta errazagoa iruditzen zaigu beraiekin hastea. Aldi berean, merkataritza edo paketeria zerbitzuak eskaini nahi ditugu eta oraindik horretarako nola funtzionatu beharko dugun ikusteko dago.

“Jendeak gure proiektuan interesa duela dirudi, gure filosofia partekatzen duelako”

Zein izango da zerbitzuaren funtzionamendua?
Esandako moduan, CoopCycle aplikazioa erabiliko dugu eta aukeran dauden ostalaritza establezimendu eta saltoki guztiak kontsultatu daitezke bertan. Erosketa aplikazioaren bitartez egiten da, guk geuk eskaria nora eraman behar dugun ikusteko. Horrek banaketa ibilbideak antolatu eta hoberena aukeratzea ahalbidetzen digu.

Zertan desberdintzen zarete beste banaketa enpresetatik?
Bertakoak eta etikoak izateaz gainera, langileen ongizateari garrantzi handia ematen diogu. Era horretan, lan-baldintza prekariorik gabe, banatzaileen lanari duintasuna eman nahi diogu. Asko dira banatzaile gisa lan egiten dutenak eta horietako askok bizikleta aukeratzen dute garraiobide moduan, ez beste aukerarik ez dutelako, baizik eta haien erabakia delako.

Proiektuari bultzada ekonomikoa emateko, dirua biltzeko kanpaina abiatu duzue?
Bai, “Emaiguzu bultza bat” izeneko kanpaina ekonomikoa abiatu dugu. Kanpaina honen bitartez gure lana aurrera eramateko laguntza eskatzen ari gara eta gure webgunearen bitartez ekarpen ekonomikoa egiteko aukera eskaintzen dugu. Ekarpen ekonomikoa egiten duten pertsonen artean zozketa bat egingo dugu eta gurekin lan egiten duten ostalaritza establezimenduetako lau bazkari edo afari izango dira sariak, irabazleen etxeetara eramango ditugunak.

Badoa martxan jartzeko, zeintzuk dira eman beharreko hurrengo pausuak?
Gurekin lan egingo duten taberna eta jatetxeen zerrenda finkatzea falta zaigu. Pixkanaka hasi nahi dugu, ez baita gure helburua gauza asko eta gaizki egitea, zerbitzua nola egin eta hobetu daitekeen ikasi nahi dugu lehenengo. Ondoren, aplikazioan ostalaritza establezimenduen gaineko informazio guztia ipini beharko genuke, lanean hasi aurretik.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude