Aurreratu elkarteak pertsona guztien benetako inklusioa lortzeko urratsak egiten jarraitzen du

Aurreratu elkartea elbarritasun fisiko edo psikikoren bat duten haur eta gazteen guraso talde bat da. Bidasoaldea da haien lan esparrua. Mari Llucia elkarteko lehendakaria eta María José Azpitarte elkarteko lehendakariordea dira. Urte osoan zehar elkartean zein beste eragileek antolatutako ekintzetan era aktiboan parte hartzen dute.

Mari Lluciak adierazi duenez, “gure zeregin nagusia aniztasun funtzionala duten pertsonak eta horien eskubideak ikusarazteko beraien aisialdiko jarduerak eskaintzea da”. Horretaz gain, beste entitateetatik antolatzen diren ekintzetan pertsona hauek kontuan hartzeko lan egiten dute, adibidez, Udalak antolatutako Solas Jolas bezalako jardueretan. “Azken urteetan gero eta lan handiagoa egiten ari gara hiriak maila kognitiboan inklusiboagoak izan daitezen”, erantsi du Aurreratu elkarteko lehendakariak.

“Erraztasunak eman behar dira, horretarako tresna lagungarriak eskainiz

Mari Llucia, Aurreratu elkarteko lehendakaria

3 familia izaten hasi ginen eta pixkanaka elkarteko kideen kopuruak gora egin du. Mari José Azpitartek azaldu duenez “duela 15 urte hasi ginenean dena oso berde zegoen, baina, zorionez gauzak aldatu egin dira”. Hori lortzeko funtsezkoa izan da gizarteak ulertzea gizartea bera dela pertsona hauen beharretara egokitu behar dena, eta ez alderantziz. Mari Lluciak azpimarratu duenez, “erraztasunak eman behar dira, horretarako tresna lagungarriak eskainiz”. Halaber, elkarteko estatutuak aldatu dituzte, aniztasun funtzionala duten pertsonen senideez gain, horretarako gaitasuna duten erabiltzaileek erabakitzeko ahalmena izan dezaten. Horren erakusle da geroz eta jende gehiago hurbiltzen dela elkartera, zer egiten duten jakin nahian. “zarata asko egiten saiatzen gara, jende gehiagok ezagut gaitzan”, erantsi du Azpitartek.

Aisialdi eskaintzaren bitartez aurretik zegoen hutsune bat betetzea lortu dute. Musikoterapia eta sukaldaritza tailerrak antolatzen dituzte, besteak beste. Horretaz gain, eskubaloi egokituko taldea dute Txingudi eskubaloian, Zunbatón ekintza solidarioan parte hartu ohi dute edo hipika bezalako irteera egokituak egiten dituzte. Dena den, elkartetik adierazi dutenez jarduera gehiago eskaini ahal izate gustatuko litzaieke: “eskaintza handitzeko beste erakundeen laguntza gehiago behar dugu”.

Inauteriak lorpenen adibide

Inauteriak inklusioaren adibide dira. Izan ere, edozeinek parte hartu dezake Aurreratu elkartearen konpartsan, bai desfilean zein erabakietan. Aurtengo Inauterietarako aukeratutako gaia Mendebalde Urruna da. Azken urteetan egin bezala, desfileko lehenak izango dira, aniztasun fruntzionala duten parte-hartzaileak gehiegi urduritu ez daitezen. Mari Lluciak azaldu duenez, Inauterien prestaketetan oso inplikatua dagoen neska talde bat dute eta asko laguntzen diete, adibidez, musikaren antolaketan.

“Honelako ekimenak beti dira interesgarriak”

María José Azpitarte, Aurreratu elkarteko lehendakariordea

Aurtengoak Inauteri bereziak izatea nahi dute. “Dantzatzeaz gain, aurten bestelako ezustekoak izango ditugu”, aurreratu du Mari Lluciak. Hain zuzen ere, Tolosako Inauterien antzeko giroa sortu nahi dute Irunen. Datozen urteetara begira konpartsako kideen kopurua handitzea gustatuko litzaiekeela aipatu dute Aurreratu elkartetik.

Kalean Bai

Elkarteen artean euskararen erabilera sustatzeko Irungo Udalaren Kalean Bai programara atxikitutako elkarteetako bat da Aurreratu elkartea. María José Azpitarteren iritziz, “honelako ekimenak beti dira interesgarriak”. Aurreratu elkartean ere euskararen erabilera sustatzen saiatzen dira, musikaterapia eta beste hainbat ekintza euskaraz eginez. Mari Luciak aipatu duenez, ahalegin horri esker “hizkuntza ez dakitenak ere euskarako hitzak esaten hasi dira”. Beraz, euskararen erabileraz gain, Aurreratu elkarteak benetako inklusioa lortzeko bidean jarraitzen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude