Aurten 500 urte beteko dira Irunen historia aldatu zuen gudua gertatu zenetik

Aurten 500 urte betetzen dira 1522ko ekainaren 30ean Aldabe mendian lortutako garaipenetik. Gertakari historikoa San Martzial Gudua edo Aldabe Mendiko Gudua izenez ezagutzen da eta gaur egun Irungo jaiak garaipen horren ospakizunean oinarritzen dira.

Ekainaren 30ean, San Martzial egunean, 1522an tropa frantziarren aurka lortutako garaipena oroitzen dute irundarrek. Gertakari historiko horretan oinarrituta hiriko jaiak antolatzen dituzte irundarrek. San Pedro egunean, ekainaren 29an, hurrengo egunean alardean parte hatuko duten tropen eta armen ikuskapena egiten da.

San Pedro eta San Martzial Egunak, hiriko festa egun nagusiak dira, izan ere, 1522ko ekainaren 30ean Aldabe mendian lortutako garaipena ospatzeko modua dira. Auñamendi Eusko Entziklopedian azaltzen denez, “Errituaren jatorrian prozesioa dago, kabildo sekularrek eta elizakoek garaipenaren ondoren San Martziali eskerrak emateko emandako botoa betez”. Entziklopedia berean irakurri daitekeenez, prozesioa antolatzen hasi zenean hamarnaka bat herrikide zihoazen desfilean, suzko armekin ohorezko salbetarako, ordena militarrean, herriko banderarekin eta kaxa eta danbolinaren erritmoan. Ohorezko eskolta hura, itxura formalean derrigorrezko alarde militarren antzekoa, gutxienez 1717tik ezagutzen da izen berarekin.

Ospakizunaren jatorria
Gertakari horiek guztiak Esteban de Garibay Carlos V.a erregearen kronikagileak idatzitako testuetan biltzen dira. Gatazka testuinguruan kokatzeko 1521eko urrira arte egin behar da atzera denboran , egun horretan Hondarribiko hiribildua Nafarroako indarrek Frantziako tropen laguntzarekin hartu zuten egunera. Nafarroako Enrique II.aren izenean, helburua 1512an Gaztelako tropek konkistatutako Nafarroako Erresuma berreskuratzea zen. Hainbat saiakera egin ostean, 1522ko ekainaren 28an 4.500 mertzenariok, eta lapurtarrek eta alemaniarrek osatutako gudari talde batek ibaia gurutzatzea lortu zuen eta ordura arte Aldabe izenez ezagutzen zen mendian posizioak hartu zituzten.

Hurrengo egunean, ekainaren 29an, San Pedro egunean, tropa alemaniarrek Gazteluzar gotorlekua hartu zuten. Eraso horren aurrean, Juan Pérez de Azcue eta Miguel de Ambulodi Irungo kapitainek, tropen buru, gerrarako hautagai ziren gizon guztiak deitu zituzten, 400 gizon besterik ez.

Bestalde, Irungo emakumeen eta haurren papera funtsezkoa izan zen. Errenteriako elizgizonak, Mosén Pedro de Hirizarrek, hiribildu horretako bizilagunak, eta gotorleku sarjentuaren lanbidea zeukanak, laurehun aizkora makila baino gehiago erosi eta banatu zituen hiriko emakume eta haurren artean, isilean eta aizkorak sutan, legoa batez garai hartako Errege Bidearen goialdetik igarotzeko. Bideak Errenteria eta Oiartzun zatitzen zituen. Horrela, soldadu irundarrak bertan bilduak zeudela sinestarazi zien etsaiei, soldaduak Aldabe mendirako bidean zeuden bitartean.

Emakumeak eta haurrak Errege Bidean zehar zihoazela, Irungo tropak, Gipuzkoako Kapitain Nagusi Beltran de la Cuevaren laguntzarekin, gudura infanteriaren zati batekin joan zena, 1.500 gizon eta 150 zaldi, alegia, astiro eta isilka aurreratu ziren kontrako aldetik, lehenik mendian lo zeuden Lapurdiko indarrak eta gero Gazteluzarreko alemanak ustekabean harrapatuz. Bizirik atera ziren soldadu alemaniarrak lapurtarren bila joan ziren korrika, Aldabe haitzean gertatutakoari eta irundarrek hil zituzten soldaduei jaramonik egin gabe.

Alardearen bilakaera
San Martzial Gudua Nafarroa birkonkistatzeko saioen artean kokatu behar da. Gertakari eta ondorioei dagokienez garrantzi militar gutxiko gatazkak izan baziren ere, irundarrentzat sekulako garaipena suposatu zuen. Izan ere, herritarrei etsaiek hartutako herrira itzultzea ahalbidetu zielako eta, bestetik, arrakasta lortzeko gainontzeko gipuzkoarrek eta errege tropek lagundu zutelako.

Garaipena lortu ostean, borrokaren tokian, hau da, Aldabe gainean, ermita bat eraiki zen eta harrez geroztik San Martzial izenez ezagutzen da mendia. Urtero esker oneko zina betetzeko helburuarekin prozesioa antolatzen hasi zen. Auñamendi entziklopediak adierazten duen moduan, “borrokak garrantzi sinboliko handia izan du herri-nortasunaren eraikuntzan”.

Alardearen izaera, ordea, urteen poderioz aldatzen joan da. 1707ra arte derrigorrezkoak izan ziren alardeak gero eta gutxiagotan egiten hasi ziren, besteak beste, bolbora gastua saihesteko. 1880tik aurrera, arma alarde bat dagoela egiaztatzen duten dokumentu idatziak daude, gaur egun desfilearen funtsezko zati izaten jarraitzen duten figuren presentziarekin. Geroago, 1773ko eta 1804ko udal ordenantzek erakusten dutenez, prozesio zibil eta erlijiosoaren baitan txertatu zituzten eginkizun militarrak, borroka gogorarazteko helburuarekin. Zehazki, mendeetan zehar, San Pedro egunean, ekainaren 29an, egin zen arma-alardea, eta hurrengo egunean San Martzial prozesioa, 1804an elizako kabildoak eta kabildo sekularrak alardea eta botoa bateratu zituzten urtera arte, eta, egun berean, prozesioa eta alardea uztartzean, festan aldaketa prozesu bat hasi zen.

Ibilbide horretan alardearen ospakizunak hainbat eten izan ditu, Lehen Mundu Gerra, Gerra Zibila edo Covid-19aren pandemia tarteko. 2022an Irungo alardea kalera itzuliko da aspaldi hasitako ohitura berreskuratzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude