Belaskoenea ikastetxeak ikasleak eta bizikletak uztartzen dituen proiektua lantzen hasi zen 2020ko irailean. Proiektuaren helburua Gurpil Artea elkarteak mailegatutako bizikleten bitartez haurrei bi gurpiletako bizikletan ibiltzen irakastea da, eskolako beste ikasgaietako edukiak errepasatzen dituzten bitartean. Hortaz gain, haurrek bizikleten mantentze-lana eta erabilpen egokiarekin loturiko edukiak barneratuko dituzte.
Liber Etxebarria Belaskoenea auzoko ikastetxean bizikleten proiektua garatzen ari den irakasleetako bat da. Etxebarria irakasleak azaldu duenez, irailean hasi ziren eskolan bizikletekin loturiko proiektuari bueltak ematen. Hasiera batean, errenteriako Gurpil Artea elkarteko kideekin harremanetan jarri ziren haiek eskainitako bizikleten mekanikako ikastaroengatik eta horrela elkartearen nondik norakoen berri jaso zuten. Elkartea zakarretara botatako edo udalek berreskuratutako bizikleta lapurtu edo abandonatuak zaharberritzeaz arduratzen da, ostean, maileguan eskaintzeko.
Gauzak horrela, elkarteak mailegatutako bizikletak aprobetxatuz eskolan saio batzuk antolatzea interesgarria izan zitekeela pentsatu zen. Liber Etxeberriak azaldu duenez, “ekintza horiek egiteko patioa erabili behar dugunez, eguraldirik egokiena hiruhileko honetakoa izan zitekeela pentsatu genuen”. Gainera, ikasturte oso mugatu eta berezia izango zutela aurreikusita, haurrak ikasgelatik ahalik eta gehien ateratzen saiatzeko ekintzak antolatu dituztela gehitu du. “Oso interesgarria iruditzen zaigu ikasgaiak naturan eta mugimenduan lantzeko aukera, kanpoko esperientziekin osatu ahal izateko”, adierazi du Etxeberria irakasleak.
Ezagutzak partekatzeko aukera
Gurpil Artea elkartetik bost bizikleta utzi dizkie eta Belaskoenea ikastetxean bizikletekin loturiko ekintzak aurrera eramaten hasi dira. Bizikletak lehenengo zikloko ikasleekin erabiliko dituzte, ikasle askok oraindik bi gurpiletan ibiltzen ikasteko aukerarik izan ez dutela ikusi ostean. Izan ere, asko dira etxean bizikletarik ez duten umeak edo inoiz bi gurpilen gainean ibiltzeko aukerarik izan ez dutenak. Liber irakasleak onartu duenez, haurren artean alde handia dago bizikletak erabil- tzen dakiten eta ez dakitenen artean. Liber irakaslearen hitzetan, “oso polita da dakienak ez dakienari bizikletan ibiltzen erakustea”. Hortaz gain, proiektuak beste ikasgai edo ekintzetan hain trebeak ez diren haurren artean arrakasta izan duela aipatu du irakasleak, izan ere, zerbaitetan nabarmentzeko aukera eskaintzen die.
Teoria hutsetik praktikara
Proiektuaren helburu nagusia haurrek bi gurpileko bizikletetan bakarrik ibiltzen ikastea da, 7 eta 8 urte arteko haurrak direla kontuan hartuta, irakasleek horretarako gaitasun nahikoa daukatela ulertzen baitute. Hala ere, bizikletak maneiatzen ikasteaz gainera, proiektuak eskolan landutako edukiak errepasatu eta barneratzen laguntzeko baliagarria izatea espero da. Irakasleen asmoa bizikletak astean behin arratsaldez Belaskoenea ikastetxeko jolastokian erabiltzea da eta, horretarako, ginkana moduko saioak prestatu dituzte. Zirkuitu desberdinak prestatu dituzte, haurrek bizikletak partekatzen dituzten bitartean, “Trivial” motako galderei erantzun diezaietan. Bidean aurkituko dituzten erronketan matematika, natura edo bestelako ikasgaiekin loturiko galderak izango dituzte aurrean.
Bizikletarekin loturiko ekintzak jolastokitik ikasgelara ere eramango dituztela azaldu du Liber Etxebarria irakasleak. Esaterako, Gurpil Artea elkarteko kideekin haurrek gutunak trukatu dituztela azaldu du irakasleak, horrela, klasean gutunaren egitura lantzeko baliagarria izan zaielarik. Bestetik, bizikleta baten izena eta istorioa jaso zuten eta Gurpil Arteko kideek gainontzeko bizikleten izenak eta istorioak asmatzea eskatu diete.
Balioak nonahi
Ikasgelako edukiak errepasatzearekin batera, bizikleten erabilerarekin loturik hainbat balio barneratzen dira. “Bizikleta balio positibo ugarirekin loturik dagoela uste dut”, adierazi du Liber Etxeberria irakasleak. Horrela, kontsumo arduratsua, autorregulazioa edo kooperazioaren garrantzia irakasten ari diete irakasleek. Gainera, bizikletak garbitu, gorde eta zaintzeko irizpideak praktikan jartzeko aukera izan dute.
Irakasleak gaineratu duenez, bizikletak eskolan jaso eta ikasleek ikusi zituztenean ikasleen erreakzioa nahiko berezia izan zen. Izan ere, bizikletak jaso aurretik ikasleei zaharberritutako bizikletak izango zituztela azaldu zieten. Bizikletak ikusitakoan, ordea, ikasleek harriduraz erantzun zuten, ez baitzuten ulertzen nola jendeak horrelako bizikleta ederrak galdu eta zaborretara bota ditzaketen. Erantzun hori ulergarria da, jakinik haietako askok etxean bizikletarik ez dutela.
Aurtengo arrakasta ikusita, hurrengo ikasturteetara begira ikastetxeak proiektua bultzatzen eta zabaltzen jarraitzeko asmoa duela azaldu du Etxebarria irakasleak. Hori dela eta, haurrak hazten diren heinean neurri handiagoko bizikletak beharko lituzketela aurreikusten dute. Proiektua zabaltzen jarraitzeko eskola eremutik atera eta hiriko bidegorri sarean murgiltzea izan daiteke hurrengo urratsa. “Irungo erdialdeko bidegorri sarea ez denez, Katea edo periferiako bidegorriak haurrekin irteerak egiteko egokiagoa izan daitezke”, gaineratu du Liber irakasleak.
Ikasleen esperientzia
Yali Diouf, Kenia Santos eta Yassine Zaouri Belaskoeneako ikasleek bizikleten proiektuan parte hartzeko aukera biziki gustatu zaiela adierazi dute. Esaterako, Yalik eta Yassinek azaldu dutenez proiektu honekin hasi aurretik eskolatik kanpo ez zuten bizikletan ibiltzeko ohiturarik, beraz, proiektu honi esker bizikletan bi gurpilekin ibiltzen ikasteko aukera asko aprobetxatzen ari dira. “Bizikletak eskolan estreinatzeko gogo handia daukagu”, adierazi dute Yalik, Keniak eta Yassinek. Elkarrizketa egindako egunera arte bizikletak garbitu eta erabili ahal izateko prestaketa lanekin lanpetuta ibili direla azaldu dute Belaskoeneako hiru ikasleek. Prestaketa lanez gainera, bizikletei izena jartzeko tartea izan dute ikasleek eta Txipi, Rabit, Gotz eta Txop izenak ipini dizkiete.
Prestaketa lanetan asko inplikatu diren arren, bizikletak eskolako patioan probatzeko eta alde batetik bestera ibiltzeko irrikaz daudela onartu dute ikasleek. Izan ere, elkarrizketa egin zen arratsaldean bertan sorpresa izango zutela aurreratu zien irakasleak ikasleei, ikastetxeko patioan bizikletekin jolastuko zutela esanez eta haurrak oso pozik agertu ziren irakasleak kamera aurrean proposatutako ekintzarekin. Oraindik bizikletak probatu ez arren jada beste egun batean ekintza errepikatu eta gehiagotan bizikletekin ekintzak egiteko gogoa adierazi zuten aho batez Yalik, Keniak eta Yassinek. Belaskoeneako ikasleek esandakoaren arabera bizikletan bi gurpilekin bakarrik ibiltzen ikasteak bere zailtasunak dauzka, oreka mantentzeaz gainera, bizikletaren katearekin arazoak sor daitezkeelako. Hala eta guztiz ere, ikasleen motibazioak argi utzi du gustuko tokian aldapa edo zailtasunik ez dagoela.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.