Bidaian eskuraturiko esperientzia lanpostu bilakatu du Lorena Viera irundarrak
Betidanik izan du gustuko bidaiatzea. Mondragon Unibertsitatean Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzan graduatu ostean, Lorena Vierak argi zeukan ez zuela etxean gelditu nahi. Horregatik, Australiarako hegazkin txartela erosi eta urte eta erdi eman zuen bertan. Orain, GrowPro Experience enpresak Bilbon duen bulegotik amets berdina duten gazteak aholkatzen ditu, berak Australian bizitako esperientzia lagun duelarik.
Zergatik aukeratu zenuen Australia?
Oso urruti dagoen lurralde bat delako aukeratu nuela uste dut. Amak beti esan dit ilargira bidaiatzeko aukera egongo balitz, nik bidai hori egin nahiko nukeela. Gainera, Australian egondako Irungo lagun bat dut, beraz, honek ere herrialdearen aukeraketan lagundu zuela uste dut.
“Amak beti esan dit ilargira bidaiatzeko aukera egongo balitz, nik bidai hori egin nahiko nukeela”
Australiara iritsi zinenean bertan egin nahi zenuena argi zenuen?
Ez, egia esan gauzak gehiegi pentsatu gabe joan ginen eta hara iritsi ginenean ez genuen diru gehiegirik. Nire mutil lagunarekin eta bere anaiarekin joan nintzen, baina haiek ni baino hilabete lehenago joan ziren. Ni iritsi nintzenean, furgoneta bat erosi genuen diru gutxigatik, lurralde osoan zehar bidaiatzeko. Australian turista moduan 3 hilabete egon zaitezke soilik, beraz, han denbora gehiago geratzeko ikastaro batean matrikulatu nintzen eta, honela, ikasle bisa bat eskuratu nuen.
Beldurrik izan al zenuen esperientzia honen hasieran?
Bai, ez dakit beldurra edo urduritasuna zen, baina azkenean horrelako leku batera zoazenean beti daukazu sentsazio hori zeure barnean. Azken finean, ez dakizu zer aurkituko duzu han. Hala ere, gauza hauetarako ni beti oso ausarta izan naiz, beraz, ez zitzaidan oso zaila egin momentu zailetan aurrera ateratzea. Gainera, nire ustez hau da era honetako bidaiak egiteko momentua, eta beti daukagu etxera itzultzeko aukera.
Zertan desberdintzen dira Irungo eta Australiako bizimoduak?
Nik uste hemen sozialagoak garela, izan ere, etxetik kanpo denbora gehiago ematen dugu. Han, ordea, denbora gehiena etxean sarturik pasatzen dute. Goizeko seiak aldera esnatzen dira, eta lan ordutegi arruntak goizeko 7:00tatik 15:00etara bitartekoak izan ohi dira. Honela, arratsaldea libre izaten dute, baina arratsaldeko bostetatik aurrera ez da inor kalera ateratzen, afari eta jai guztiak etxean antolatzen baitituzte.
Etorkizunari begira, ba ahal duzu bidai posibleren bat pentsaturik?
Etorkizunean Kanadara joatea gustatuko litzaidake. Oraindik ez dakit posible izango den, baina hori da nire ideia.
Orain daukazun lana bidai horrekin loturik dagoela esan daiteke. Inoiz imajinatu zenuen horrelako lanpostu bat eskuratuko zenuela?
Ez, izan ere, enpresa hau Australian ikasle bisara pasa nintzenean ezagutu nuen. Australian egon ostean, Asian zehar bidaiatzen egon nintzen bi hilabetez. Etxera lan bila itzuli nintzenean, Facebooken enpresa honek Bilbon bulego berria ireki behar zuela ikusi nuen. Haiekin harremanetan jarri nintzen eta honi esker gaur lana daukat.
Zein zeregin burutzen duzu zure lanean?
Ni naiz Bilboko bulegoko arduraduna eta ni arduratzen naiz burutzen ditugun hitzaldi eta ekitaldi guztiak antolatzeaz. Horrez gainera, hemengo jendeak Australiara joan nahi duenean nik laguntzen diet behar duten guztiarekin.
Aholkuak eman ostean bezeroekin harremana mantentzen duzue?
Bai, gainera nire adineko jendea izaten da normalean, orduan, kasu gehienetan lagunak egiten gara eta beti telefonoaren bitartez harremanetan egoteko aukera dugu. Hara iristen direnean, beti asko gustatzen zait bertan gustura dauden jakitea eta beti argazkiak bidaltzea eskatzen diet. Gainera, han ere bulegoak dauzkagu eta ekintzak antolatzen ditugu, beraz, haiekin kontaktuan gaude etengabean.
Zeintzuk dira bezeroek gehien errepikatzen dituzten galderak?
Ea Australian lanik dagoen, hori da jendeak duen kezkarik handiena. Asko errepikatzen den beste galdera bat bertan bizitzeko lekurik hoberena zein den, baina hori oso erlatiboa da.
Nola imajinatuko zenuke zure bizitza hemendik 20 urtera?
Nik uste dut hemendik 20 urtera berriro Irunen egongo naizela, baina puntu horretaraino iritsi baino lehen gauza asko egin behar ditut oraindik munduan zehar.