Auzoan errotuta, baina mugarik gabe

Edozein gazteri futbolean aritzeko aukera ematea da Landetxa K.T.aren helburua

Saskibaloi elkarte gisa sortu zen Landetxa Kirol Taldea 1982an. Futbol sekzioa beranduago eratu zuten, baina klubaren jarduera nagusi bilakatu zen laster. Saskibaloi taldeek Amigos del Baloncesto elkartearekin bat egin zuten. Landetxa K.E.ak gorabehera ugari bizi izan du aurrerantzean. Hala ere, denborarekin, egitura egonkortzea lortu du. Gaur egun, zazpi talde federatu eta futbol eskola ditu Landetxak.

Klubaren sorreran parte hartu zuen Jesus Corderok. Saskibaloi jokalari eta entrenatzaile izan zen 80ko hamarkadan. Amigos del Balonceston jarraitu zuen, eta zuzendaritzako kide izan zen. Horregatik, duela zortzi urte Landetxa K.T.aren zuzendaritzan aldaketa izan zenean, presidentearen deia jaso zuen. “Laguntza eskatu zidaten, kluben zuzendaritzan esperientzia nuelako. Baiezkoa eman nuen, momentu delikatua zelako, eta ezin genuelako elkartea hiltzen utzi”, azaldu du Corderok. Gaur egun, Agustin Eceiza da presidente, eta Cordero presidenteorde.

INFANTIL PARTICIPACION

Futbol eskola berreskuratzea izan da azken zortzi urteotako lehentasunetako bat. Erronka handia izan dela azpimarratu du Jesus Corderok: “Diputazioaren aginduz, infantil mailatik beherako haurrek ezin dute kluben izenean lehiatu. Horregatik, zaila da haurrak erakartzea, ezin badute lehiaketa ofizialetan aritu”. Beste handicap bat ere badu Landetxak. Ugaldeko futbol zelaia Mariño K.E.arekin elkarbanatzen duela. Bi alde ditu gainera: entrenatzeko espazioari eta ordutegiei dagokiena, eta Mariñoren erakargarritasunarena. “Mariñok urteak daramatza lan ona egiten, eta egitura sendoa du. Horregatik, auzoko haur askok haien eskolara jotzen dute”, adierazi du Corderok.

Guk ez diogu inori ezetz esaten”
Jesus Cordero, presidenteordea
Aterik itxi gabe

Zailtasunak zailtasun, 50 mutilez osatutako eskola du Landetxak. Talde federatuei dagokienez, infantil, kadete eta jubenil mailako bina talde, eta Lehenengo Erregionalekoa ditu Landetxak. Zazpi talde guztira. “Guk ez diogu inori ezetz esaten. Gobernuz Kanpoko Erakundea garela diote”, aipatu du, irribarrez, Jesus Corderok. Beste klubetan onartu ez dituzten gazteak hartu izan ditu urtetan Landetxak. Harro dago, hala ere, presidenteordea: “Gure helburua da gazteei kirola egiteko aukera ematea. Ez daitezela kalean egon, beste denbora pasa okerragoetan. Gurekin daudenean, behintzat, jarduera osasuntsua egiten ari dira, eta jarrera eta balore egokietan hezkuntza jasotzen dute”.

“Zuzendaritzako jendea eta entrenatzaile gehienak auzokoak dira”
Agustin Eceiza, presidentea

Denborarekin, Landetxako gazte batzuk onartu ez dituzten taldeak mendean hartzeko gai izaten dira. Lan gogorraren balioa agerian utziaz. “Gure gazteek hobetzeko tarte handia dute. Guk, haien hobekuntza ikusiz gozatzen dugu”, baieztatu du Corderok. Irun osoko eta inguruko gazteak hartzen ditu Landetxak, inolako arazorik gabe. Dena den, arduradunak pozik daude, auzokoak gero eta gehiago direlako. “Zuzendaritako jendea eta entrenatzaile gehienak auzokoak dira. Jokalariak, gero eta gehiago”, azpimarratu du Agustin Eceiza presidenteak. Auzoarekiko lotura harago doala erantsi du Jesus Corderok: Landetxa Auzo Elkartearekin eta auzoko elkarte gastronomikoekin, adibidez, harreman handia dugu. Batera lan egiten dugu ekimen askotan. Auzoko eragile bat gehiago gara”. Landetxaren izena darama klubak, eta sustrai sakonak ditu auzoan.

Futbol zelaiaren arazoa

Landetxak eta Mariñok futbol zelai berbera elkarbanatzea zailtasuna da bi elkarteentzat. Dena den, egoera horrek konponbidea izango duela uste du Jesus Corderok: “Badirudi Mariñok bere futbol zelaia izango duela laster, San Miguel-Anakan. Kasu horretan, pentsatzen dugu auzoko haur asko Landetxan geldituko direla”. Nolanahi ere, Ugaldeko futbol zelaiak konponketak behar dituela azpimarratu dute Landetxako arduradunek. Erabileraren poderioz, belarra hondatuta dago, eta mina hartzeko arriskua dute gazteek. Gainera, harmailako teilatuak nahikoa estaltzen ez duela aipatu du Agustin Eceizak: “Euria egiten baldin badu, mundu guztia bustitzen da”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude