1962an Irungo guraso talde bat euren seme-alabak euskaran eta euskal kulturan eskolatzeko proiektua eraikitzen hasi zen. Inguruabarrak ez zituen alde, legea barne, baina zailtasunak gaindituz, etorkizunean hezkuntza sistema ere eraldatuko zuen mugimenduko partaide izan ziren.
Txingudi Ikastolak, 50. urteurrenaren kariaz, bere historia ekarri du liburu batera.
Behin 50. urteurreneko ekitaldiak burututa, Txingudi Ikastolaren mende erdiko ibilbidea laburbiltzen duen liburuak ospakizunen egitaraua borobildu du.
Aurkezpena berriki egin zen, eta bertan parte hartu zuten argitalpena mamitzeko buru-belarri lanean aritutako zenbaitek. Gehienak plantilla aktiboan ez daude jada, baina urte luzez bertan aritutakoak dira: Elena Berazadi zuzendari ohia, Martin Eizagirre Gurasoen Elkarteko lehendakari izandakoa, Jesus Mari Mendizabal eta Markos Amundarain irakasle erretiratuak, Maite Berazadi idazkaritzako langile ohia, Martxel Telletxea irakaslea eta Ana Erasun HH-LHko zuzendaria.
Omenaldia lan kolketiboari
Elena Berazadiren hitzetan, liburua historiaren “kontakizun xumea da. Gure afektutik asko dago, objektibotasunetik aparte. Omenaldi handia egin nahi izan da, baita 50 urte hauetan egindako kolektibo izugarria plazaratu ere”.
Liburua zenbait ataletan banatuta dago; tartean, egoera legala, finan-tzazioa, eraikinak, proiektuaren dimentsio soziala… Ataletan, egoera bakoitzean ikastolak aurrean zituen erronkak bildu dira gaingiroki. “Erronkak askoz ere gehiago apreziatzen dira gauzak perspektibarekin begiratzen direnean; barruan zaudenean ezin da”, esan zuen Elenak. Halaxe, denboraren joanak egindako lanari bere benetako balioa eman ohi dio, eta emaitzak harridura sortu ere bai. Horregatik gainditutako erronkak berriskustean “denok hori egin genuen? Benetan kapaz izan ginen?”, izan dira zuzendari ohiarengan piztutako gogoeta.
Bada, bai. Ikastola legez kanpokoa izan zen garai batean, eta hori gutxi balitz, legez kanpoko erabakiak ere hartu zituen: ikasle guztiei Oinarrizko Hezkuntza bukatutakoan graduatua ematea, adibidez. “Gero legeak arrazoia eman zigun”, azaldu zuen Elenak.
Hezkuntza eredu berriaren oinarri
Euskara eta euskal kultura ardatz izan zituen proiektua alor pedagogikoan ere berritzailea izan zen. Ildo horretatik, Markos Amundarainek gogora ekarri zuen nola ikastolak “kritikak jaso zituen haurrak geletan lurrean esertzen zirelako”. Halaber, “irakasle-ikasle harremana oso gertukoa” zela nabarmendu zuen. Garai batean arrotz gertatzen zen eskola aurrerakoi eta demokratiko haren hainbat printzipio 1993ko Euskal Eskola Publikoaren Legeak jaso zituen.
Ana Erasunen iritziz, “transformazioa egin zutenak nolabaiteko bisionarioak izan ziren. Helburuek horrelakoak izan behar dute: samurrak erraz lortzen dira, baina ez dira epe luzera iristen”.
Liburua landu dutenen aburuz, argitalpena jende askorentzat interesgarria izan daiteke “gizartean gertatu den eraldaketa izugarriaren testigantza delako”.
Urteurrenaren oroigarri, Basterre-txearen eskultura berria dago ikastolan, baita aletxoa jarri dutenei honako aitortza ere: “Haize guztiak aldeko ditu dakienak nora doan”.