Mugaren bi aldeetako biztanleek aspaldi ez dute imajinatzen Avenida zubia hesirik gabe. Izan ere, zubia itxita dago 2021eko urtarriletik, eta, ondorioz, irudia normalizatu egin da eskualdeko bizilagunen artean, normaltasunetik urrun egon arren. Orduz geroztik, herritarrek eta erakundeek mugako pasabide hori berriz irekitzearen garrantzia azpimarratu dute behin eta berriro, batez ere, azkenaldian. Oraingoz ez da lortu barandak soilik zubiaren ertzean kokatuko dituen urratsik egitea.
Frantziako Gobernuak 2021eko urtarrilean itxi zuen Avenida zubia arrisku terrorista aitzakia gisa hartuta. Ordutik, irekiera salbuespen bakarrak Frantziako Tourrarekin du zerikusia. Izan ere, uztailaren 3an zubia irekita egon zen, oinezkoen eta txirrindularien joan-etorria ahalbidetuz, Santiago Zubian zirkulazioa guztiz moztu baitzen txirrindularitza probaren ondorioz. Uztailaren 4ko egunsentian, ordea, Avenida zubia hesituta agertu zen berriro.
Zubiaren itxierak traba nabariak eragiten dizkie Bidasoa ibaiaren inguruko biztanleei beren egunerokotasunean, Schengen akordioan jasotako zirkulazio librerako eskubidea urratzeaz gainera. Horregatik, Hendaiako 30 biztanlek ekimen bat abiatu dute berriki Avenida zubiaren irekiera eskatzeko. Hendaiar taldeak zabaldutako aurkezpen manifestuan irakurri daitekeenez, “urrats herrikoi, humanista, ez-bortitz, baketsu, apolitiko eta akonfesional baten baitan kokatzen da egitasmoa”. Hendaiako biztanleez gain, Irungo, Hondarribiko eta inguruko herrietako biztanleei dei egin diete eskaera izenpetu dezaten.
Horrela, irailaren 30era arte Avenida zubia zabaltzearen aldeko sinadurak bilduko dituzte. Sinadurak jasotzeko hiru era ezberdin eskainiko dituzte: Change.org plataformaren bidez, pontavenida@gmail.com edo sinadura orria fisikoki entregatuta +33 (07) 67 67 17 46 telefono zenbakira deituta. Urrian jasotako sinadurak Hendaiako alkateari entregatuko dizkiote, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefekturan aurkez ditzan.
Egitasmo hau aurkeztu eta hurrengo egunean José Antonio Santano Irungo alkateak jakinarazi zuen arartekoa Frantziako eta Europako arartekoekin harremanetan jarri dela Avenida zubiaren itxieraren gaia lantzeko. Horri esker, Europako Arartekoaren Bulegoak salaketa tramitatzea onartu du. Horrela beraz, Europako erantzuna noiz iritsiko den ikusteko dago.
Irekitze eskaeren ugaritzea
Zubiaren itxiera gauza berria izan ez arren, azkenaldian zubia irekitzeko eskaerak ugaritu egin dira. Frantziako Tourraren harira, abuztuaren 3an Irungo eta Hendaiako alkateak Avenida zubian elkartu ziren goizeko lehen orduan Avenida zubiaren irekiera ospatzeko. Hurrengo egunean, aldiz, irudia guztiz kontrakoa izan zen, hesiaren alboan Avenida pasabidearen itxiera salatzeko elkartu baitziren. Ostiral horretan, uztailaren 7an, Txingudi badiako herritarrei deia egin zieten hesiaren bi aldeetan kontzentratu eta itxiera gaitzesteko.
Azken itxiera gertatu zenetik, Avenida bestelako salaketa eta elkarretaratzeen lekuko izan da, horiek guztiak, era batean edo bestean, zirkulazio askatasunarekin eta mugaren itxierak eragindako oztopoekin lotuta. Esaterako, 2022ko irailean Imanol Espinazo artistak performance bat antolatu zuen Avenida zubia eszenatokitzat hartuta, orduan ere hesiz itxitakoa. Migratzaileek Iruneraino iritsi eta Frantziara igarotzeko dituzten zailtasunak irudikatu nahi izan zituen. Zubiaren 112 metroak baliatuz, egitasmoan inplikatu ziren 471 pertsonekin batera 14.830 joan etorri egin zituzten, Irun eta Melillako hesiaren arteko distantzia irudikatzeko.
2022ko azaroan, berriz, herritarrak Avenida zubiko hesiak kentzeko mobilizatu ziren. Bidasoa ibaiaren alde bietan bi zutabe handietan elkartu eta Avenida zubira abiatu ziren dozena bat eragilek baino gehiagok deituriko elkarretaratzean parte hartzeko. Zubia banatzen zuten hesiak eraitsiz, mugen irekitzeak benetan erreala izan behar duela salatu nahi izan zuten.
Lotune fisikoa baino gehiago
Zubia 2021eko urtarrilean itxi aurretik, 3 urtez itxita egon zen eraberritze lanak egiteko. Avenida zubiaren eraberritze lanek 2,2 milioi euroko kostua izan zuten eta Irungo Udalak, Europako funtsen laguntzarekin, finantzatu zituen. 2020ko abuztuaren 28an berrireki zen zubia lanen ostean, behin berrikuntza lanak amaituak.
Aurtengo maiatzean Irungo alkatea, Irungo Udalaren izenean, Presidentzia Ministerioaren mendeko Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzarekin harremanetan jarri da. Izan ere, Irunen egindako Estatuko Memoria Demokratikoaren Kongresuan Fernando Martínez estatuko idazkariarekin Avenida zubia “Memoria Demokratikoaren Gune” izendatzeko aukeraz hitz egin zuen. Gauzak horrela, José Antonio Santanok bidali du jada eskaria gaiaz arduratzen den ministeriora.
Avenida zubia Irun eta Hendaia arteko lotune garrantzitsua da, Bidasoa ibaiaren bi aldeko biztanleak oinez zein bizikletaz lotzeko balio baitu. Avenida zubiak itxita jarraitzen duen bitartean, metro gutxi batzuetara kokatutako Santiago zubiak edo trenentzako zubiak irekita jarraitzen dute, askotan inolako zaintzarik gabe.
Zubiaren praktikotasunaz haratago, gertakari historiko esanguratsuen lekuko izan da. Esaterako, 1936an milaka pertsonentzako ihesbidea izan zen Gerra Zibilaren garretatik aldentzeko. 1940an, berriz, polizia militar alemanak Lluís Companys Errepublika garaian Generalitateko presidente izandakoa autoritate frankistei entregatu zien zubian bertan. Etorkizunak esango du nolakoak izango diren Avenida zubiaren hurrengo pasarteak. Aldaketarik gertatu ezean, itxiera izango da pasabidearen kapitulu hau markatuko duen gertakari aipagarriena.