Azaroaren 18ko galdeketako hautestontziei harrera beroa egin zieten irundarrek

Azaroaren 18an Irunen egingo den herri-galdeketan erabiliko diren hautestontziei harrera beroa egin zieten hiritarrek urriaren 27an. Hartu Hitza Irun mugimenduaren barneko auzo-mugimenduak Irungo kale nagusiak zeharkatu zituzten hiru martxa ezberdinetan banaturik. Martxak Txanaleta plazan elkartu ziren trenbidetik etorri ziren hautestontziei harrera egiteko.

Irungo Herri Galdeketa ospatu ahal izateko beharrezkoak diren hautestontziei harrera egitea izan zen urriko hilabeteko azken larunbatean antolatutako ekitaldiaren helburua. Hortaz gain, Irungo Hartu Hitza mugimenduko kidea den Xabier Martinez de Antoñanak adierazi duenez, “auzoetan bozketa-lekuak antolatzeko sortutako lan-taldeen inplikazio handia eskertu nahiko genuke”. Hiriko auzo ezberdinetako 3 martxa nagusiak Elitxuko biribilgunetik, Junkal plazatxotik eta Gernikako Arbolatik abiatu ziren arratsaldeko 17:30etan Txanaleta plazarako bidea elkarrekin egiteko. 18:30etan hasi zen Txanaleta plazako ekitaldia eta, euri tanten artean, hautestontziei ongietorria egin zieten bertan.

“Auzoetan bozkalekuak antolatzeko sortutako lan-taldeen inplikazio handia eskertu nahiko genuke”

Xabier Martinez de Antoñana, Hartu Hitza Irun mugimenduko kidea

Urriaren 27ko ekitaldia sinbolismoz beteriko ekitaldia izan zen eta Irungo Herri Galdeketa antolatzeko prozesua hautestontziei egindako harreraren bitartez irudikatu zuten antolatzaileek. Hortaz gain, martxek Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko etorbideak zeharkatu zituzten, Luis Marinon elkartu aurretik. Ibilbidearen bitartez Irungo hiriak hiru probintzia horien topaleku izan dela azpimarratu eta hiriari erabakitze-prozesuaren barnean merezi duen garrantzia eman zitzaion. Gainera, hautestontziak trenbidetik ekarriz, iraganean eta etorkizunean trenak Irunen izan duen garrantzia ere erakutsi nahi izan zen.

Erabakitzeko unea
Prozesuaren hurrengo data garrantzitsua azaroaren 18an izango da. Xabier Martinez de Antoñanak adierazi duenez, “bozketaren egunean jai-giroa sortu nahiko genuke”. Hartu Hitza Irun elkarteko kideak azaldu dunez, Gure Esku Dago plataformak egiten dituen aldarrikapen guztiak jai-girotik bultzatzen saiatzen da. Hala ere, “hauteskunde egun legal bat izango balitz bezalako seriotasuna eman nahiko genioke”, gaineratu du Martinez de Antoñanak.

“Bozketaren egunean jai-giroa sortu nahiko genuke”

Xabier Martinez de Antoñana, Hartu Hitza Irun mugimenduko kidea

Irungo auzo ezberdinetan kokatuko diren bozketa-lekuez gain, azaroaren 18ko asteburuan San Juan plaza egun horretan antolatuko diren jardunaldien gune-zentrala izango da. Hortaz gain, hiriko beste zenbait auzoetan animazioak antolatuko dira ere, bozketa egunean jai giroa nagusitu dadin.

Bozketa zilegi izateko Hartu Hitza Irun elkarteak 3.000 sinadura bildu behar zituen eta, azkenean, irundar biztanleen babesari esker, muga hori gainditu eta ia 1.000 sinadura gehiago lortu zituzten.

Bozkatzeko orduan baldintza batzuk bete beharko dituzte haien iritziaren berri eman nahi duten hiritarrek: 16 urtetik gora izatea eta Irunen erroldaturik egotea. Horregatik, bozkatzeko unean identifikazio dokumentu bat aurkeztea ezinbestekoa izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude